11Abuztua2020

011.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
N1 itxita

N-1etik Villabonarako sarrera-irteera itxita

Herritarrei jakinarazten zaie, Gipuzkoako Foru Aldundiak N-1 autobidean egingo dituen lanak direla eta, ABUZTUAREN 8tik (larunbata) ABUZTUAREN 23ra (igandea) ITXITA egongo dela Tolosatik gatozela
Villabonara sartzeko lehenengo sarrera (Amasa parean), beraz, burni-zubiko errotondora jaisten den sarrera erabili beharko da.

Aldi berean, Villabonatik Donostiarako irteera (Amasa parean) ere ITXITA egongo da. Beraz, obra hauek irauten duten bitartean, Donostia aldera ateratzeko burni-zubiko errotondatik gora doan bidea erabili
beharko da.

TSST zerbitzuari dagokionean, Donostiarako noranzkoei bakarrik eragingo diete aldaketak. Horrela, zuzenean Donostiara doazen autobusak burni-zubiko errotondan bakarrik geldituko dira. Ez dira herrira
sartuko. Aldiz, herri barruan geldialdiak egiten dituztenak eliza parean eta Txermin auzoko geltokiak normal mantenduko dira.
Tolosako noranzkoan doazen autobusek ohiko geltokiak mantenduko dituzte, aldaketarik gabe.

seaska eskola

Bigarren urtez, udalak dirulaguntzak ezarri ditu haurrak Seaska haur eskolan matrikulatzen dituzten gurasoentzat

2019an bezala, Amasa-Villabonako udal gobernuak Seaska haur eskolako matrikulazioak sustatzeko dirulaguntzak ezartzea jarri zuen mahai gainean pasa den uztailaren 21ean izandako Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzordeko bilkuran.

Proposamena onartua izan zen EH Bildu eta PSEko ordezkarien aldeko botoarekin eta EAJ-PNV taldearen abstentzioarekin (aldeko lau eta kontrako bozka bakarrarekin). EAJ-PNVko ordezkariak ez zuen dirulaguntza hau babestu, bere esanetan "dirusarrera handiak dituzten familiek (urtean 50.000 euroko familia errenta) haurrak zein haur eskolatan matrikulatu erabakitzeko gaitasuna izan behar dute eta familia hauek dirulaguntza jasotzea ez da bidezkoa".   

Diru laguntza honen bidez, herriko haur eskolako matrikulazio kopurua handitzea eta etorkizunean haur eskola zerbitzu publikoaren biziraupena ziurtatzea da udalak lortu nahi lukeen helburua.

Bete beharreko baldintzak

• Amasa-Vilabonan erroldatuta egotea eta bertan bizitzea.
• Haurra Seaska haur eskolan (Haurreskolak partzuengoan) matrikulatuta izatea.

Laguntza motak

Familia unitateek dituzten urteko diru-sarreren arabera 2 diru laguntza ezberdin ezartzen dira:

1. Urteko familia errenta 18.000€tik 30.000€ra: Haurreskolak partuzuergoan ordaindutako kuoten %100a ordainduko zaie, doakotasuna lortuz.
2. Urteko familia errenta 30.000€tik 50.000€ra: Bost orduko zerbitzuagatik hilean 40€. Zortzi orduko zerbitzuagatik hilean 58€.

Gogorarazi behar da urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten familiek doako zerbitzua dutela, Eusko Jaurlaritzak bideratutako laguntzaren bidez.

Amasa-Villabonako herritar guztiek haur eskola zerbitzua erabiltzeko eskubidea izatea bermatu nahi du udal gobernuak eta baliabide ekonomiko urriak dituzten familiei doakotasuna aitortzea pausu handia da norabide horretan.

Eskaerak egiteko epea: abenduaren 15arte

Eskaera eta dokumentuak aurkezteko epea, 2020ko abenduaren 15ean amaituko da, eguerdiko ordu bietan. Eskaerak Villabonako Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuko bulegoan aurkeztu beharko dira.

Aurkeztu beharreko agiriak

  • Eskatzailearen NAN, AIZ edota indarrean dagoen nortasuneko agiria.
  • Famili liburua.
  • Villabona Udalerriko Haurreskolak Partzuergoan 2020an matrikulatuta dituzten haurren matrikula egiaztagiriak.
  • 2020an ordaindu dituzten kuoten egiaztagiriak.
  • Eskatzailearen kontu korrontea eta titulartasuna adierazten duen bankuko agiria.
  • Bizikidetza unitateko kide guztien 2019. urteari dagokion Pertsona Fisikoen gaineko Errenta Aitorpena
IMG 20200728 122445

Udalak Amasa-Villabonako mapa interaktibo berria aurkeztu du

Gaur eguerdian udaletxeko batzar aretoan egindako agerraldian Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde hirigintza zinegotziak eta Ane Garai GISLAN Geographic Applications Koop. kooperatibako teknikariak parte hartu dute. 

Laborde zinegotzia pozik agertu da lortutako emaitzarekin eta eskerrak eman nahi izan dizkie GISLAN kooperatibako langileei "egindako lan mardulagatik". Labordek "gure herriko bazterretan, ibilbideetan eta mendietan ibiltzea maite duten herritarrei eta Amasa-Villabonara datozen bisitariei mapa honetan murgiltzeko gonbidapena" egin die eta mapa dinamikoa izango denez, mapa hobetzen joateko ekarpenak eta proposamenak egiteko deia luzatu du. 

Covid-19aren pandemiak markatutako uda berezi honetan oporretara kanpora joateko aukerak murriztu direnez, herriko ingurunea, kaleak eta naturguneak bisitatu eta ezagutzeko parada ederra dugu eta horretarako tresna sinple, erabilgarri eta oso baliagarria da udalak herritarren eskura jarri duen mapa interaktiboa.

Gainera, udaleko hirigintza eta ingurumen sailaren lanerako ere oso tresna eraginkorra izango da, bertan datu espazial ugari ezarri daitezkeelako (herriko saneamenduaren hoditeria, argiteria publikoaren kokapenak, ur hornidurarako arketak non dauden...) eta elementu horiek guztiak mapa batean geo-lokalizatuta edukitzeak asko erraztuko du udal teknikari eta langileen lana. 

Ondoren, Ane Garai geografoak hartu du hitza eta GISLAN Geographic Applications Kooperatibak egindako lana azaldu eta maparen bisoreak dituen aukerak praktikoki erakutsi ditu ordenagailua eta pantaila bat erabiliz.

Hau da gaurko agerraldian udalak argitaratu duen oharra:

AMASA-VILLABONAKO MAPA INTERAKTIBOA AURKEZTU DU UDALAK

Amasa-Villabonako udalak mapa interaktiboa sortu eta online jarri du eskuragarri, herritarrentzat zein bisitarientzat. Software libre bidezko teknologia berritzailea tarteko, mapak Villabonako informazio andana jartzen dio eskura erabiltzaileari, modu oso intuitibo eta errazean.

Bertan, 8 kategoria ezberdin eta 16 geruzatan sailkatuta, 200dik gora elementu geoerreferentziatu dira, udalerriko kale-izendegiaz, baserriez eta ibilbideez gain. Hala, besteak beste, zerbitzu publikoak, ongizaterako zerbitzuak eta azpiegiturak, ondarea, kirolerako eta aisialdirako baliabideak, mugikortasunari lotutakoak, ibilbideak zein jateko edo lotarako lekuak eta horiei buruzko informazioa jarri da erabilgarri mapan. Aipatu elementu guztietara iristeko Google maps bidezko irisbidea emateko aukera ere gaituta dakar.

Kaleak, baserriak, ibilbideak edota mapak jasotzen duen informazio orotara modu errazean iristeko bilatzailea ere badakar mapak.

COvid-19aren ondorioz bizi dugun osasun krisi egoera dela eta, herri barruko ibilbideak egin, bertatik bertara mugitzeko edota barne turismoa praktikatzeko aukerak indarra hartu duen garaiotan tresna paregabea da mapa hau.

TEKNIKOKI:

Software librearen gainean eraikitako eta informazio publikoan oinarritutako mapa bisore interaktiboa da. Ez dauka lizentzia kosturik eta udalak maparen eta bertako informazioaren gaineko kontrol osoa dauka.

Lau fondo mota ezberdin dakartza: geo Euskadiren ortoargazkia eta oinarri kartografikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren b5M plataformaren oinarria eta Open StreetMap mapa zerbitzu kolaboratiboaren oinarria.

Inolako aplikaziorik jaisteko beharrik gabe, gailu mugikorretatik bezala, ordenagailuetatik erabili daiteke eta automatikoki egokitzen zaio gailuari.

Ibilbideak egiteari edo udalerritik mugitzeari dagokionez, norbere gailuaren geolokalizazioa aktibatuz gero, norbere kokalekua ikusi eta bidea jarraitzeko aukera ematen duen arren, mapa interaktiboak ez du propio erabiltzailearen informazio pribaturik gordetzen edota hirugarrenen eskura jartzen honen iolako informaziorik.

Beta bertsioa da, eta oraindik hobetu daiteke. Horregatik, erabiltzaile orori ekarpenak egiteko aukera eman eta gonbitea egiten diogu. Mapan bertan daukazu aukera hobekuntzak proposatzeko.

PROIEKTUA:

Maparen lanak proiektu handiago baten barruan kokatu dira. Mapa interaktiboarekin batera, udal mapa toponimikoa eguneratu da (webgunean dago deskargarako PDF bertsioa), udaleko bulego teknikoko langileentzako azpiegitura geoinformatikoa garatu da, eta udalerriko informazio espaziala eguneratu da: BTA edo Base Topografiko Armonizatua (erreferentzia-puntuak, izen geografikoak, erliebea, lur estaldura, eraikuntzak, elementu eraikiak, zerbitzu eta instalazioak, hidrografia eta garraio sareak).

Udalaren kale-izendegia eta atariak (EUSTAT) berrikusi dira.

Udalerriko toponimia guztia Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin berrikusi da.

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.