13Uztaila2020

002.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
Janari bilketaweb2

Ostirala eta larunbatean elikagaien eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa herrikoia

Datorren ekainaren 5ean eta 6an, elkartasun ekimen berri bat antolatu du udalak, "Berpiztu Amasa-Villabona" dinamikaren baitan. 

Ekimen honekin egoera ekonomiko larria bizi duten familientzako elikagaiak eta oinarrizko beharretarako produktuen bilketa egitea, eta hurrengo astean produktu horiek, behar dituztenei banatu ahal izatea da helburua.

Bilduko diren oinarrizko produktuen zerrenda:

  • Elikagaiak : Esnea, jaioberrientzako esne-hautsa, gailetak, kakaoa, dilistak, azukrea, arroza, olioa, garbantzuak, atuna, pasta, tomatea, sardinak, babarrunak,…
  • Eskolako lanetarako materiala : koadernoak, boligrafoak, arkatzak, pinturak, borragomak, txorroskiloak,…
  • Higiene pertsonaleko produktuak : xanpua, bainurako gela, pixoihalak, konpresak, …

Produktuak herriko saltoki hauetan utzi ahal izango dira:

Adarra fruta denda, Baratz fruta denda, Barcina gozo denda, Basajaun liburu denda, Eguzki Lore janari denda, Eko-Tolosa fruta denda, Errezil pentsuak, Farmazia Berria, Fernandez Uranga Farmazia, Garmendia harategia, Kazetaria, Kinpira belar denda, Labezain okindegia (Arroa), Musturinea harategia, Pepi janari denda, Sahatsa belar denda eta Tinta inprimategia.

Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu bilketa kutxa jartzeko prestutasuna azaldu duten dendari guztiei.

Larunbatean kaleko bilketa:

Ekainaren 6an larunbata, 10:00etatik 14:00etara BM eta Eroski supermerkatuetako kanpoaldean bilketa guneak ezarriko dira. Bertan hainbat boluntario egongo dira jendeari informazioa banatzeko eta produktuak biltzeko. 

maialen-lujanbio-bertsoak foto610x342

Ostiral honetan bertso saio bikaina antolatu du Bertsozale elkarteak Villabonan

Euskal Herriko Berstozale elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatuta, bertso saio bikaina izango dugu ostiral honetan Amasa-Villabonako Gudari plazan (Subijana etxea eta Behar Zana pilotalekuaren arteko eremuan). Jakina denez, Covid-19aren osasun larrialdiagatik ezinezkoa izan da plazan, jendaurrean, bertso saioak antolatzea, baina orain, deseskalatze prozesuko II. fasean sartu garen honetan, aukera hori zabaldu da. Bertsozale elkarteak udalari baimena eskatu zion pasa den astean, eta aurkeztutako segurtasun neurriak eta protokoloak aztertu ondoren, udalak bertso saioa egiteko baimena ematea erabaki du, beharrezkoak diren segurtasun baldintzak errespetatzen direla iritzita.

Gauzak horrela, ostiralean punta-puntako bertsolariak izango ditugu gurean: Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzen. Bertsozale elkarteak jakinarazi duenez, bertso saiora joan ahal izateko, aurretik izena eman behar da Bertsozale elkartearen web orrian: 

https://www.bertsozale.eus/eu/ekainak-5-amasa-villabona-bertso-saioa

Hau da Bertsozale elkarteak saio honen inguruko argipenak emateko plazaratu duen oharra:

Bertso saioa egingo dugu: etorri nahi?

Ekainaren 5ean, ostiralean, izango da Amasa-Villabonan (Gipuzkoa). 80 lagun inguru etorri ahal izango dira; etortzekoa bazara, izena eman behar da webgune honetan bertan.
Gaur eguerditik aurrera eman ahal izango da izena ostiralean egingo dugun bertso saiorako; albiste honen amaieran dagoen loturan sakatu eta datuak bete behar dira horretarako. 80 bat lagunentzako tokia izango da, eta kopuruak zaintzeko ezinbestekoa izango da aurretik izena ematea; gehienez, bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira.

Saioa Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amasa-Villabonako Subijana etxearen atzean egingo da ostiralean, eraikinaren eta pilotalekuaren artean dagoen Gudari Plazan; 18:30ean hasiko da. Bertsoa.eus atarian ere zuzenean eskainiko dugu. Amets Arzallus, Haritz Mujika, Maialen Lujanbio eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan, eta Imanol Artola gai jartzen. Eguraldiak okerrera egingo balu, aterpean egingo genuke saioa, eta jakinaraziko genuke astean zehar. Bertsozale Elkarteak eta Lanku Kultur Zerbitzuek antolatu dugu, Villabonako Udalaren laguntzarekin. Saioa izango den eremura sartzeko eta ateratzeko maskara derrigorrezkoa izango da, eta sartzeko ordutegiak adieraziko dira gonbidapenetan, jende pilaketak ekiditeko. Behin eremura sartuta, eta lekuan eserita, maskara kendu ahal izango da, ikus-entzuleen arteko distantziak bermatuta. Esan gabe doa, une oro antolatzaileen argibideei kasu egin beharko zaiela.

Saiorako izena emanda, gonbidapena iritsiko da adierazitako posta elektronikora ostegunean; bi gonbidapen eskatu ahal izango dira gehienez. Izena eman dutenen kopuruak zaintzeko, izen-emate orria 21:00etatik 9:00etara ez da martxan izango. Era berean, behin baimendutako 80 gonbidapenak banatuta, izen-ematea itxi egingo da. Bestalde, izena ematerako baimendutako kopurua pasa bada, jada lekurik ez dagoela jakinarazteko mezua bidaliko da.

Bertso plaza hauspotzeko Bertsoa.eus webgunean saioak eskaini eta gero, pauso bat gehiago emango da saio honekin, zaleok saioa bertatik bertara jarrai dezagun ahalbidetuta; eta gogoa badago, zenbait antolatzaileren ekimenez jada egin baitira antzerako plazak azken egunotan.

Plazan elkartzeko irrikitan!

IMG 9900 tokikom 700x700

Jai batzordeak Santio jaiak bertan behera uztea erabaki du

2020an ez da Santio jairik izango Villabonan eta prestatuta zegoen jai egitarau osoa bertan behera geratu da. Oraindik ez da guztiz baztertzen, Santio egunean segurtasun neurri guztiak errespetatuko lituzkeen ekintzaren bat egitea, eta horiek zehazteko ekainaren bigarren hamabostaldian bilduko da berriz Jai batzordea

Atzo, maiatzak 27, bildu zen bideokonferentzia bidez Santioetako Jai Batzordea, eta elkartutako kide guztiak bat etorri ziren Santio festak egiteko baldintza egokirik ez dagoela onartzeko orduan. Uztailaren bukaeran egoerarik baikorrenean egonik ere, koronabirusa hor egongo da, eta jaietako ekintzek sortuko lituzketen jende pilaketek kutsatzeko arriskua ekar dezakete.

Hala eta guztiz ere, batzordekideek adostu zuten posible izan daitekeela, Santio egunean segur aski, jai edo kultur ekintzaren bat egitea, jende pilaketetatik aldenduz eta dagokion deseskalatze faseko segurtasun neurriak errespetatuz betiere. Horiek denak zehazteko, ekaineko bigarren hamabostaldian bilduko da berriz ere Jai Batzordea, eta bilera horretan kideek ekarritako proposamenak eta horiek aurrera eramateko segurtasun neurriak aztertuko lirateke.

Jai Batzordeko kideek atsekabea adierazi zuten, aurten Santio jaiak ospatzeko baldintza egokirik ez dagoelako, eta prest azaldu ziren, udazkenaren hasieran-edo, nolabaiteko jai programa bat antolatzeko, baldin eta horretarako egoera aproposa badugu.

 

 

Amasa-Villabonan, 2020ko maiatzaren 28an

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.