13Uztaila2020

009.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
EUSKARAWEBERRAKO

Udalak euskara sustatzeko diru laguntzak onartu ditu

Villabonako Udalak 2020ko maiatzaren 26ko Tokiko Gobernu Batzordean, alderdi politiko guztien adostasunarekin eta aho batez, euskara sustatzeko honako dirulaguntzak onartu ditu:

EUSKARAZKO TOKIKO KOMUNIKABIDEAK:

Amasa-Villabonako udalak, eskualdeko euskarako komunikabideak laguntzeko hitzarmen bereziak egin ditu. Covid-19aren krisiak udaleko aurrekontuan eragin negatibo ukaezina izango duen arren, udalak diru laguntzak bere horretan mantentzea erabaki du, honakoa euskararen sustapenerako ezinbesteko sektorea dela iritziz. Udal gobernuaren arabera, euskaraz egiten den gertuko eta kalitatezko kazetaritzak, funtsezko ekarpena egiten dio bai euskararen normalizazioari eta baita herritarren informazio eskubideari ere, eta horregatik 2020ko hitzarmenekin eta diru laguntzekin jarraituko da.

Komunikabideei zuzendutako diru laguntzak:  

  • Tolosaldeko Ataria argitaratzen duen Tolosaldeko Komunikazio Taldea S.M.ri: 26.775 euro.
  • Aiurri hamaboskaria argitaratzen duen Erroizpe Baltzu Mugatuari: 17.850 euro.
  • 28 Kanala telebista ekoizten duen Tolosako Komunikabideak S.L.ri: 6.000 euro.

EUSKALTEGIIETAN ETA BARNETEGIETAN EUSKARA IKASTEKO DIRU LAGUNTZAK

Dirulaguntza honen bidez, euskara ikasten ari diren herritarrek B2 maila arte matrikularen %100a jasoko dute eta C1 eta C2 maila egin dutenek, %75a. Guztira, 11.000 euro aurreikusi dira diru laguntza hauetarako. Bestalde, lehen aldiz, datorren ikasturtean matrikula ordaintzeko babesgabetasun egoeran dauden herritarrentzat, Udalak matrikularen zati bat ordaintzea aurreikusi du, beti ere, arloko teknikariak egindako balorazioan oinarrituz.

BESTEAK:

  • Establezimenduetako errotuluak euskaraz jartzeko diru laguntza: 600 euro.
  • Webguneak euskaraz egiteko diru laguntza: 500 euro.
  • Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua: 1.500 euro.
a fill

Deseskalatze prozesuko II. fasean sartu gara eta neurri malguagoak izango ditugu

II. Faseko neurriak biltzen dituen Eusko Jaurlaritzaren dekretua: Deskargatu

Etxeetan 15 laguneko bilkurak egin ahal izango dira eta ostalaritza lokalek zein elkarte gastronomikoek %50eko edukierarekin zabaldu ahal izango dute

Gaurtik aurrera deseskalatze prozesuko II Fasean sartuko gara Euskal Herriko hegoaldean. Alor askotan orain arte izan ditugun neurriak leundu dira eta deseskalatze prozesuan beste urrats bat eman da. Gaur hasi gutxienez ekainaren 7ra bitartean neurri malguagoak dituzten hainbat alor dituzue jarraian:

MUGIKORTASUNA ETA ORDUTEGIAK

Probintzia barruko mugikortasuna librea izango da. Jarduera ezberdinetarako ordutegiak desagertu dira. Soilik ondokoa izan beharko da kontuan: 70 urtetik gorakoek lehentasuna izango dute espazio publikoan 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara. Probintzia batetik bestera arrazoi sozioekonomikoengatik soilik pasa ahal izango da.

PERTSONEN BILKURAK

Etxeetan 15 pertsona arteko bilkurak egin daitezke, familia bereko pertsonen zein lagunen artean. Lokal pribatuetan eta erabilera publikoko gune irekietan biltzeko aukera ere badago. Topaketa horiek distantziak eta prebentzio baldintzak betez egin beharko dira.

OSTALARITZA ETA ELKARTE GASTRONOMIKOAK

Tabernak eta jatetxeek, terrazez gain, barruko espazioak irekitzeko aukera dute. Bi kasuetan %50eko edukierarekin jardungo dute gehienez, beharrezko distantzia eta higiene neurriak hartuta eta barruan, mahaietan eserita soilik egon ahal izango da.

Elkarte gastronomikoei dagokienean, %50eko gehienezko edukierarekin funtzionatu ahal izango dute, ostalaritzari dagozkion segurtasun eta higiene neurriekin.

SALTOKIAK

Dendek edukieraren %40arekin egin ahal izango dute lan.

KULTURA ETA AISIALDIA

Kultura eta aisialdia berreskuratu ahal izango da espazio itxietan. Museoek edukieraren %50arekin jardun ahal izango dute eta kultur etxe, antzoki, zinema eta antzekoek edukieraren herenarekin, gehienez 50 pertsona bilduz, dagozkien segurtasun neurriekin.

TURISMO AKTIBOA ETA NATURA

Turismo aktibo eta naturalarekin berriro hastea baimendu da, gehienez 20 pertsonako taldeetan.

 

Bonoak webgunea

Amasa-Villabonako udalak herriko merkataritza sustatuko du kontsumo-bonoen bitartez

Gaur argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) Amasa-Villabonako udalak martxan jarriko duen kontsumo bonoen kanpainako informazioa: Deskargatu dokumentua

Amasa-Villabonako udalaren oharra

Kontsumo eredu berriak indartu diren heinean (merkatal zentro handiak, produktuak on-line saltzeko multinazionalak …), herriko merkatarien esparrua estutu da, ia-ia ito arte. COViD-19ak eragindako egoerak, gainera, egoera zaildu egin du. Kontuan izan behar dugu, merkataritza lanpostu gehien sortzen duen jarduera ekonomikoa dela Amasa-Villabonan.

Euskal Herrian bultzatu nahi dugun kontsumo ereduaren inguruko gogoeta bat egitea ezinbestekoa zaigu, bai instituzioei eta baita herritarroi ere. Gogoeta horrek, ordea, elkartasun keinu bat izatetik haratago joan behar du, gure herriko etorkizunean, gu guztion etorkizunean eragina izango baitu. Hori horrela, bi kontsumo eredu kontrajarri dauzkagu aukeran:

1. Merkatal zentro handiak edo on-line saltzen duten multinazionalak; irabazi eta aberastasuna gutxi batzuen eskuetan uzten duena, eskainitako produktu ia guztiak kanpokoak dituena, langileen baldintza kaxkarretan oinarritzen dena, herriko dinamika eta giroa zapuzten duena…

2. Herriko merkataritza eta dendarietan oinarritzen dena. Aberastasuna herritarren artean banatzen duena, bertako produktuen salmentan eta garapenean laguntzen duena, gertuko zerbitzua ematen duena eta herriari bizitza eta alaitasuna ematen diona...

Amasa-Villabonako udaleak oso argi dauka zeinen alde egingo duen apustu. Guztion artean Amasa-Villabonako merkataritza-jarduera indarberritu behar dugu eta udalaren ustez helburu horretarako lagungarria izan daiteke kontsumo-bonoen kanpaina hau.

Udalak 32.000 euroko ekarpena egin du herrian bertan kontsumitzearen aldeko kanpaina hau antolatzeko. Horietatik 2.000 euro kanpainako hainbat gastu ordaintzeko erabiliko dira: Inprenta, diseinua, publizitatea... eta 30.000 euro bideratuko dira kontsumo-bonoetarako. Diru horrekin 3.000 bono inprimatuko dira herritarrei "doan" banatzeko, covid-19aren eraginez derrigor itxita egon diren dendetan erabiltzeko. Kanpaina honen bidez, guztira denda hauetan 110.000 euro inguruko kontsumoa egitea lortuko litzatekeela aurreikusten du udalak.

10€-ko bonoak eta hiru aukera

Bono guztiek 10€-ko balioa izango dute, eta hauek eskuratzeko garaian 16 urtetik gorako herritarrek aukera ezberdin hauek izango dituzte:

  • 20€-rekin: 3 bono (30€)
  • 50€-rekin:7 bono (50€)
  • 70€-rekin: 10 bono (100€) 

Kanpainaren ezaugarri nagusiak:

  • Bonoak erosteko epea: maiatzaren 26tik ekainaren 30era.
  • Banaketa gunea: udaletxeko erabilera anitzeko gelako sarrera, liburutegiaren ondoan.
  • Ordutegia: astelehenetik ostiralera 10:00-13:00 eta 16:30-19:30
  • Bonoak erabiltzeko epea: 2020ko maiatzaren 26tik irailaren 30era, biak barne.
  • Nork eskuratu ahal izango ditu bonoak? 16 urtetik gorakoak, Amasa-Villabonan edo Aiztondo bailaran (Zizurkil, Asteasu, Aduna, Larraul eta Alkiza) bizi direnak.
  • Pertsonako 10 bono eros daitezke gehienez (100 €).
  • Bono guztiak batera edo banaka erabil daitezke.
  • Erosketak gutxienez 10 euroko balioa izan behar du. Kopuru horretara iristen ez bada, aldea ez da eskudirutan itzuliko.
  • Bonoak ez dira eskudirutan trukatuko, eta behin erosita, ezingo dira itzuli.

Parte hartu nahi duten dendariek aurrez izena eman beharko dute

Denda edo establezimenduek baldintza bakarra bete beharko dute kontsumo-bonoen ekimenean parte hartzeko: Covid-19aren osasun larrialdiaren ondorioz Espainiar Gobernuak onartutako dekretuaren eraginez, establezimendua derrigorrez itxita eduki izana.

Izena emateko prozedura:

  • Egunak: Maiatzaren 19tik 21era (asteartetik ostegunera), biak barne.
  • Aurkeztu beharrekoa: Udalak osatutako inprimakia beteta: Inprimakia deskargatu
  • Nola aurkeztu: Udaleko arreta bulegoan aurretiazko hitzordua hartuta edo E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora bidalita.


Elkarlanean lortuko dugu!

Hau guztia benetan eraginkorra izan dadin eta Amasa-Villabonako merkataritzak etorkizuna izan dezan, azken hitza erosleak dauka, hau da, gutako bakoitzaren esku dago. Horregatik dugun/duzun kontsumo eredua aztertzera gonbidatu nahi zaitugu, gure mentalitatean KLIK! egin eta beste etorkizun bat pizteko konpromisoa hartu dezagun.

Inoiz baino gehiago behar zaituztegu! Bai herritarrak bertako dendariak, eta baita bertako dendariak herritarrak ere. Elkarlanean lortuko dugu!!

 

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.