22Urtarrila2021

008.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
alkateak-mugimendua

Eskualdeko osasun mahaia osatzeko deia egin dute Tolosaldeko 25 alkatek

Zain egon gabe, proposamen zehatzak egiteko eta erabakiak hartzeko garaia dela aldarrikatu dute

Gaur goizean Beatriz Unzue, Igor Zapirain eta Arantxa Irazusta, Amasa-Villabona, Ibarra eta Alegiako alkateek prentsaurrekoa eskaini dute Ibarrako udaletxean eskualdean osasun publikoaren inguruan dagoen gatazkaren inguruan. Eskualdeko alkateek osatu duten mugimenduaz, alkate hauek osatutako proposamenen berri eta eskualdeko mahaia osatzeko deialdiaz aritu dira.

Honakoa da hiru alkate hauek, Tolosaldeko 25 alkateren izenean plazaratu duten oharra:

2020ko otsailaren 17an Tolosaldeko osasun publikoaren egoerak kezkatuta 25 alkatek akordio bat sinatu genuen. Bertan, parte-hartze prozesu bat martxan jartzeko eskatu genion Jaurlaritzari eta honen harira, eragile, udal eta Jaurlaritza parte izango ziren mahai bat osatzeko.

Zortzi hilabete pasa dira jada ordutik, COVIDak markatutako zortzi hilabete zail. Argi ikusi dugu COVID-aren krisiak aurretik genuen osasun egoera larritu eta azaleratu besterik ez duela egin. Larunbateko manifestazioan garbi gelditu zen Tolosaldeko herritarrek aspalditik eskatzen dutena, eskualdean dagoen haserre eta ezin egona agerian utziz.

Mugimendu hauen bueltan, azken egunetan Tolosaldeko alkate batzuen aldebakarrekotasun jarrerak harrituta utzi gaitu. Ez zaigu iruditzen protagonismo bila aritzeko gaia eta garaia denik. Eskualde bezala jokatzeko momentua da, guziak noranzko berean lan egitekoa. Denak ados gaude herritar guztien osasun beharrak bermatuko dituen Ospitale Publiko bat behar beharrezkoa dugula. Horretan denak ados egonda, erabaki dezagun denon artean zer nolako osasun arreta nahi dugun Tolosaldean.

Ez dugu uste zain egoteko garaia denik, proposamen zehatzak egiteko eta erabakiak hartzeko garaia baizik. Argitu beharreko puntuei heltzeko garaia da:

  • Tolosaldeko osasun arretaren definizioa.
  • Asuncioneko langileen etorkizuna.
  • Ospitale berriaren kokapena.
  • Prozesu guzti hau aurrera eramateko epeen zehaztapena

Alkate Mugimendutik, Asunciongo langileen etorkizunaren inguruan eta ospitale berriaren kokapenaren inguruan proposamen zehatzak ditugu.

Esaterako, Tolosaldeko Ospitale publikoa eraikitzeko leku posible bezala Apattako bigarren fasea proposatzen dugu. Industriagune izatera bideratutako lurrak diren arren, egungo industriaren egoera kritikoa kontuan hartuta eta eskualdeak duen behar historiko hori balantzan jarriz, erabat zentzuduna iruditzen zaigu, industriara bideratutako lur horiek eskualderako osasun zerbitzua emango duen ospitale publiko batera bideratzeko aukera aztertzea.

Hala ere, garbi utzi nahi dugu hauek proposamenak baino ez direla. Erabakiak guztion artean adostuak izan behar dute, benetako erabaki gunea Tolosaldeko osasun mahaiak izan behar du eta hori horrela izanda, guk bertara eramango ditugu gure proposamenak. Mahai horretan adostu beharko da kalitatezko osasun arreta bermatzeko erarik egokiena zein den.

Hau garbi utzita, udal, gizarte eragile eta sindikatuekin erronda bat irekitzera goaz datozen asteetan. Bada garaia Eusko Jaurlaritzarekin lanketarako ahal den ordezkaritza zabal eta anitzena osatzeko eta eskualdetik ahots bakarra izateko.

Alkateen Mugimendutik argi adierazi nahi dugu Tolosaldeko osasun mahaia osatzea premia handikoa dela.

DIRULAGUNTZA COVID INBERTSIOAK

Covid-19ari aurre egiteko dendari eta ostalariek egin dituzten inbertsioak arintzeko dirulaguntzak emango ditu udalak

Gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Amasa-Villabonako udalak martxan jarriko duen diru laguntza berri honen oinarriak: GAO U-15. Covid laguntzak Villabona

Covid-19ari aurre egiteko merkatari eta ostalariei laguntzeko programa hau Gipuzkoako Foru Aldundiari dagokio nahiz eta diru banaketa udalen bitartez egingo den, tokian tokiko erakundeak zehaztutako baldintzen arabera. Amasa-Villabonako udalak 25.956 euro jaso ditu. Dirulaguntza hauetarako oinarriak eta deialdia pasa den urriaren 7an onartu ziren 2020/534 Alkatearen Dekretu bidez. 

Azalpena

Herriko dendari eta ostalariek, Covid-ak exijitzen dituen segurtasun eta osasun protokoloak bete ahal izateko, lokalak eta lan egiteko moduak egokitu behar izan dituzte, horretarako hainbat inbertsio eginda. Gastu horiek arintzera datoz ez-ohiko dirulaguntza hauek. Ez dira diruz lagunduko maskarilla, gel eta antzekoetan egindako gastuak baina bai langile eta bezeroen babes eta segurtasunerako ekipamendu bereziak eskuratzeko eta lokala egokitzeko inbertsioak. 

Establezimenduek bete beharreko baldintzak

Programa honen dirulaguntzen onuradunak beren kontura lanean diharduten pertsonak edo autonomoak eta Villabonako enpresak edo elkarteak izan daitezke, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Villabonan kokatutako establezimendua edukitzea.
  • Villabonako Udalarekin zorrik ez edukitzea.
  • Villabonan kokatutako establezimenduaren jarduera nagusia publikoa bertatik bertara artatzekoa izatea.
  • Covid-19 pandemiagatik publikoa artatzearekin lotutako zerbitzua emateko higiene edo eta babes neurri berriak ezarri behar izatea.

Diruz lagunduko diren jarduerak

Diruz lagundu ahal izango dira inbertsioak eta ekipamenduak, baita inbertsioak gauzatzeko azterketak ere, jarduera ekonomikoak Covid-19 edo koronabirusari aurre egiteko prestatzera bideratuak badaude. Besteak beste, honako hauek izango dira:

  • Lokalak eta laneko moduak egokitzea.
  • Segurtasun eta osasunaren irizpideak/protokoloak betetze aldera, merkataritza edo ostalaritza lokalak moldatzeko inbertsioak eta ekipamendua.
  • Laneko moduak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendu erosketak.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak 2020ko martxoaren 14tik aurrera egin beharko dira (fakturaren data hartuko da kontuan) eta eskaera aurkeztu arte.

Ez da diruz lagunduko material kontsumigarrien erosketa, hala nola, gel hidroalkoholikoak, maskarak…

Dirulaguntzaren zenbatekoa

Programa honek diruz lagun daitekeen gastuaren % 100 finantzatuko du, gehienez 1.500 euro izanik establezimendu bakoitzeko. Establezimendu bakoitzeko dirulaguntza bakarra emango da.

Dirulaguntza honetarako ezarritako finantziazioa nahikoa ez bada egindako eskaera guztiei %100ean erantzuteko, dirulaguntzak onartutako gastuaren araberako proportzioan murriztuko dira, eskaera guztiei erantzun ahal izateko.

Eskaera egiteko lekua

Eskaerak udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan (udaletxeko behe solairuan) aurkeztu beharko dira.

Eskaera orriak establezimenduaren titularrak edo legezko ordezkariak aurkeztu beharko ditu, udalaren webgunean (www.villabona.eus) argitaratuko den eskaera ofizialaren ereduan:

ESKAERA EGITEKO INPRIMAKIA

Aurkeztu beharreko dokumentuak

  1. Eskaera orria beteta.
  2. JEZ alta ziurtagiria Villabonan, txikizkako merkataritza eta ostalaritzaren sektoreetako epígrafe ekonomikoetan.
  3. Eskatzailearen eta, hala badagokio, ordezkariaren NAN-aren kopia.
  4. "Memoria" izeneko eredua, Covid 19ari aurre egiteko eta jarduera ekonomikoa horretara prestatzeko zuzendutako jardueren memoria: MEMORIA EREDUA
  5. Dirulaguntzaren helburua diren gastuen fakturen zerrenda, ondorengo taula beteta: FAKTURAK JUSTIFIKATZEKO FITXA Egindako gastuen fakturen kopiak ere aurkeztu beharko dira, banku ordainagiriarekin batera.

* 2. ataleko dokumentua ez da aurkeztu beharko, baldin eta Udalarengatik «Covid-19 koronabisuraren bilakaerak eragindako galerak arintzeko txikizkako merkataritza eta ostalaritza establezimenduentzako laguntza ekonomikoa» jaso bada.

Eskaerak aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea, 2020ko azaroaren 30ean amaituko da.

Txertoa1

Urriaren 13an hasiko da gripearen aurkako txertaketa, Gurea Zinean

Gripea oso kutsakorra denez, oso azkar hedatzen da. Pertsona gazte eta osasuntsuei eragiten dienean ez du arazo handiegirik sortzen, eta ohean atseden hartuz eta sendagai egokiekin pasatzen da. Baina, adinekoei edo osasun-arazoak dituztenei eragiten dienean, konplikazio larriak sortu ditzake. Beraz, talde horietako lagunentzat bereziki mesedegarria da txertoa jartzea. Horregatik, urriaren 13an hasiko den gripearen aurkako txertaketa-kanpainan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu.

Aurten, antolaketa-arrazoiengatik, txertoa Villabonako Zine Aretoan jarriko da (GUREA ZINEAN), goizeko 10:15etatik 16:30etara. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da aurrez, telefonoz herriko osasun etxera deituta, 943 00 69 70 zenbakira.

Kanpaina honetan txertatuko diren pertsonak 65 urtetik gorakoak eta arrisku-talde nagusienetakoak dira (BGBK, diabetesa dutenak, gaixotasun kardiobaskularrak dituztenak eta haurdun daudenak). Osasungintzako profesionalak, langile sozio-sanitarioak eta familia-inguruneko zaintzaileak ere txertatuko dira.

Txertoa jarri nahi dutenek baina aurreko taldeetako batean ez dauden pertsonek urriaren 31tik aurrera deitu beharko dute anbulatoriora, lehen fasean arestian deskribatutako arrisku-taldeei emango baitzaie lehentasuna.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiegu herritar guztiei eman duten laguntzagatik eta parte hartzeagatik.

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.