21Urtarrila2020

003.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
kale nagusiko sarrera

Udalak neurriak hartuko ditu Kale Nagusia arratsaldez oinezkoen gunea izan dadin

Amasa-Villabonako udalak neurri bereziak hartu ditu Kale Nagusian arratsaldez izaten diren segurtasun arazoei irtenbide bat eman eta eremua oinezkoen gunea izan dadin. Kamera bidezko sistema baten bidez, 15:00etatik aurrera Kale Nagusiak sarrera mugatua izango du, baimenduak diren ibilgailuak soilik sartu ahal izango direlarik. Sistema hau datorren urtarrilaren 7an jarriko da martxan eta baimendua izateko eskaera egiteko epea abeduaren 23tik 30erakoa izango da.

Udalak lehenik Bando baten bidez eta ondoren etxeetara banatutako informazio orrien bidez jakinarazi du trafiko neurri berri hauen berri.

Lortu nahi diren helburuak:

- Kale Nagusia arratsaldez oinezkoentzat soilik izatea, oinezkoen segurtasuna bermatuz. Batez ere haurrak eta pertsona nagusiak Kale Nagusian lasaitasunez egon eta ibili ahal izatea.
- Kale Nagusia, Errebote plaza eta herriko alde zaharra gune atseginagoa izatea. Erosketak egiteko, paseatzeko, jolasteko...
- Herria trafikoaren edo autoen beharren arabera antolatu beharrean, herritar oinezkoen arabera antolatzea, oinezkoei lehentasuna emanez.

TRAFIKO NEURRIAK:

- Kale Nagusia: Oinezkoentzako gunea da.

- Zamalana baimendua 8:00etatik 15:00etara. Astearteak eta jai egunetan izan ezik. Egun hauetan debekatuta dago autoekin kalean sartzea (astearteetan azokako saltzaileek soilik sartu ahal izango dute).

• Debekatuta dago 15:00etatik aurrera Kale Nagusian autoarekin sartzea. Soilik baimenduek sartu ahal izango dute.

• Abiadura: 10 km/h

• Debekatuta dago klaxona edo bozina jotzea.

• Neurri hauek ez die bizikletei, patinei edo patineteei eragiten.

KONTUAN HARTU BEHARREKOAK:

• Neurri hauek Kale Nagusian soilik aplikatuko dira. Gaur egun piboteak ezarrita dauden lekutik aurrera. Urtarrilaren 7tik aurrera ez da piboterik izango, kendu egingo dira.

• Baimendua izan gabe, larrialdi bategatik edo arrazoi berezi justifikatu bategatik Kale Nagusitik autoan pasa behar izanez gero, Udaltzaingoari deitu beharko zaio pasatu aurretik. 

Udaltzaingoaren telefonoa: 943 69 39 80

• Ezarriko den kamerak ez du etengabe grabatzen, soilik auto bat pasatzean aktibatzen da eta Kale Nagusira sartzen den autoaren matrikulari argazkia ateratzen dio. Pertsonen pribatutasuna beti errespetatuko da.

BAIMENDUA IZATEKO ESKAERA EGITEKO EPEA:
Abenduaren 23tik 30era
Amasa-Villabonako Udaltzaingoaren bulegoan (Errebote plazan).

NEURRI HAUEK URTARRILAREN 7an JARRIKO DIRA INDARREAN

 

erraustegiarenkea

Erraustegiaren jardunagatik kezka eta ezinegona adierazi ditu Amasa-Villabonako Udalak

Pasa den abenduaren 2an Usurbilgo alkatearen gutuna iritsi zen Amasa-Villabonako udalera, ZUbietan eraiki duten errauste plantaren jardueragatik bere kezka adieraziz eta gure udalak egoera horren aurrean posizionamendu publiko bat har zezan eskatuz. Amasa-Villabonako udal gobernuak eskaera horri bide ematea erabaki zuen eta gai hau abenduaren 17an izandako udalbatzaren osoko bilkurako gai zerrendan sartzea erabaki zuen. Udal gobernuak Usurtbilgo alkatearen gutunarekin batera mozio bat proiposatu zuen eta mozioa gehiengo osoz onartua izan zen aldeko zazpi boto eta kontrako bostekin. EAJ-PNV eta PSEko ordezkariek mozioaren kontrako jarrera azaldu zuten, Zubietako errauste planta eta bere beharra defendatuz. 

Hemen irakurri dezakezue Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak udalera igorritako gutuna: Eskutitza alkateei Erraustegiaz.

Honakoa da Amasa-Villabonako udalbatzan onartutako Mozioaren edukia:

ZIOA

2019ko abenduaren 3an Amasa-Villabonako alkateak gutun bat jaso zuen Argurtzane Solabarrieta Mesa Usurbilgo alkatearen izenean, Zubietako errauste-planta probaldi fasean martxan jarri dutela eta.
Gutun horretan Usurbilgo alkateak honako eskaera egiten dio Amasa-Villabonako alkateari:

Hauxe da egin nahi dizudan eskaera: Alderdien arteko eztabaida eta logiken gainetik, karguak ematen digun konplizitateaz, Zubietako errauste-plantaren gaia zure herriko udalbatzarrera eramatea. Nahi nuke itxikeria politikorik gabe eta herritarren ongizatea oinarritzat hartuz, gai honi buruzko eztabaida parametro etiko, demokratiko eta ekologikoetan ematea. Halaber, ostegunean izan genuen udalbatza saioan hartu genuen erabakiaren berri emateko baliatu nahi dut gutun hau: egoerarekin kezkatuta eta larrituta, Usurbilgo Udalak abenduaren 13rako manifestazioa deitu du eta zuk ere bat egiteko eskatu nahi dizut. Alboan behar zaituztegu. Gure herria larrialdi egoeran dago eta SOS mezu bat igortzen dizuet.

Kontuan izanda Zubietako Errauste planta Amasa-Villabonako herri gunetik 6-7 kilometrora aurkitzen dela, zentzuzkoa da Usurbilgo alkatearen eskaerari bide ematea eta gai hau udalbatzara eramatea, bertan eztabaidatua izan dadin.

MOZIOA

1. Amasa-Villabonako udalak, kezka eta ezinegona adierazten du Zubietako erraustegiaren jardunaren eraginez herritarren osasunean eta ingurumenean sor daitezkeen kalteengatik.

2. Amasa-Villabonako udalak zalantzan jartzen du Zubietako erraustegia azpiegituraren beharra edo premia. Gipuzkoako gizartea egunez egun erakusten ari da gizarte arduratsua dela eta adibidez Amasa-Villabonan lortu diren birziklatze-tasak Gipuzkoa osora hedatuz gero, ez litzateke errausketa plantaren beharrik izango.

3. Amasa-Villabonako udalak bere elkartasuna adierazten die Zubieta eta Usurbilgo herritarrei, eta bat egiten du Usurbilgo udalak deituta, abenduaren 13an egindako manifestazioaren mezuarekin.

AMASA VILLABONAKO ABENDUKO

2020ko udal aurrekontuak onartu dira

Pasa den abenduaren 17an izandako Amasa-Villabonako udalbatzaren osoko bilkuran gehiengo osoz onartu ziren udal gobernuak proposatutako aurrekontuak. Oposizioko alderdiek ez zuten aurrekontua babestu eta kontrako bozka eman zuten. Hala ere 2020rako aurrekontu proposamena onartua izan zen aldeko 7 boto eta kontrako 5 botorekin.

6.857.383 euroko aurrekontua

Aurrekontu honen %36,6a (2.513.393 euro) udaleko zerbitzuen gastu arruntei dagokie, beste %35,3a (2.427.380 euro) pertsonal gastuetara bideratuko da eta inbertsioetarako 740.000 euro izango dira, aurrekontuaren %10,7a. Falta den aurrekontuaren %17.4a finantza gastuak izango dira, transferentzia arruntak, finantza pasiboak etab.

Aurrekontu honekin udalak Amasa-Villabonako biztanle bakoitzeko 1.156 euro izango ditu. Kopuru hau inguruko udalerriek dutenarekin alderatu ezkero, oso kopuru eskasa da eta gure udalak dituen baliabide ekonomikoak oso mugatuak direla adierazten du.

2020ko aurrekontuaren ezaugarri nagusiak

• Gizarte zerbitzuetan %28,3ko igoera

Udal gobernuak 546.675 euroko aurrekontua ezarri du Gizarte zerbitzuen sailerako, 2019ko aurrekontuekin alderatuta, igoera oso handia izan delarik. Igoera honen arrazoia nagusietako bat, Etxez etxeko laguntza zerbitzura bideratutako partida ekonomikoaren igoera handia izan da, izan ere, adineko jendeari edo dependentzia egoera duten pertsonei bideratutako zerbitzu publiko honen finantziazioak %134,1eko igoera izan du.

• Alkatetza gastuetan %25,9ko murrizketa

Alkatetzak edo udal gobernuak zuzenean kudeatuko duen aurrekontua 210.000 eurokoa izango da eta jaitsiera nabarmena izan du 2019. urtean alkatetzak izan zuen aurrekontuarekin alderatuta. Hauek izan dira udal gobernuak alor honetan egindako murrizketa nagusiak: Komunikazioko konfiantzazko kontratua -%100, Aholkularitza orokorra -%70, alkatetzako dietak -%80, eta alderdi politikoentzako ekarpena -%20.

• Igoerak Euskara, Kirola, Hezkuntza eta Kulturan

Euskara saileko aurrekontuan %18,2ko igoera ezarri da, batez ere udalak UEMAko (Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko) partaide izateko urratsa emateko asmoa duelako eta aipagarria da aurrekontu honetan euskara zerbitzuko gastu guztiak era desglosatuan argitaratu direla lehen aldiz. Kirol sailean aurrekontuak %5,3ko igoera izango du, igoera hau batez ere kirolean jarduten duten elkarteei bideratzen zaizkien hainbat diru laguntzen igoerak ekarri du. Hezkuntzari dagokionez, 2020ko aurrekontua %3,1 igoko da, batez ere herriko eragile guztiak biltzen dituen Hezkuntza Mahaiaren funtzionamendurako ezarritako diruak ekarri du igoera. Kultura sailean ere igoera izango da, aurrekontua %2,85 igo delarik 2019koarekin alderatuta.

• Hirigintzako gastuaren beherakada

Hirigintza saileko gastu arrunta %9,86 jaitsi da, batez ere urte luzeen ondoren Amasa-Villabonako hirigintza plan orokorra (HAPOa) onartzea eta indarrean sartzea lortuko baita epe motzean eta azken urteetan helburu honetara bideratutako diru kopuru esanguratsua aurreztuko da 2020an.

• 2020ko inbertsio nagusiak:

Inbertsio nagusi ugari ezinbestean egin beharreko konponketa eta obretara bideratuko dira 2020an: Espaloiak eta asfaltatze lanak 90.000€, Kiroldegiko teilatua eta kantxa konpontzea 77.000€, Santio Egoitza aurrealdeko espaloiaren konponketa 55.000€, Kale Nagusia 38ko eraikinean egin beharreko erreformak 50.000€, Agaraitz industriguneko urak araztegira bideratzea 47.000€, Irisgarritasuna hobetzeko ekintzak 35.000€, ur zikinak eta euri urak bereizteko lanak 20.000€ etab.

Beharrezkoak izango diren inbertsioez gain, udal gobernuak hainbat inbertsio esanguratsu jarriko ditu martxan 2020an: Herriko argiteria publikoa eta koadro elektrikoak berriztatzeko Larrea, Etxeondo, Txermin eta Antzin auzoetan 50.000€. Energia arloko trantsizioari aurre egin eta energia berriztagarrien aldeko urratsak emateko Udal Energia Plana osatu eta garatuko da 2020aa eta horretarako guztira 28.000€ bideratuko dira. Villabona eta Amasako herri guneak lotuko dituen oinezkoen bidea egiteko lehen urratsak garatzeko 15.000€. Udal Liburutegia eraberritzeko azterlana eta proiektua egiteko 15.000€.

Honez gain, aipatzekoa da Fleming Herri Eskolan hobekuntzak eta inbertsioak egiteko 70.000 euroko diru poltsa ezarri dela.

Aurrekontuetan jasota ez badago ere, udal gobernuak Larreako parkea estaltzeko 2014an herritarrek aukeratu zuten proiektua egiteko asmoa azaldu zuen. 201.000 euroko aurrekontua duen proiektu hau urte hasieran esleitu eta obra iraila baino lehen hasteko asmoa agertu du udal gobernuak. 

Diru partida esanguratsuak

Etxebizitza politika: 30.000 euro. Udal gobernuak etxebizitzaren arazoei aurre egiteko udal politika aktibo eta eraginkorra garatu nahi du 2020an. Etxebizitza hutsak merkaturatzea, etxebizitza eskaintza hobea izatea, espekulazioa geldiaraztea, gazteentzako alokairua bultzatzea... izango dira udal politika honen helburuetako batzuk.

Berdintasuna edo politika feminista: 36.000 euro. Udalak genero berdintasuna sustatzeko plangintza oso bat osatu eta martxan jarri nahi du 2020an. Udalak herriko Mugimendu Feministak erabiltzeko izango den lokal bat alokatuko du eta feminismoa bultzatzeko, LGTBI kolektiboaren eskubideak defendatzeko, homofobiari eta indarkeria matxistari aurre egiteko... ekintza plan bat garatuko du.
Herriko merkataritza sustatzeko 10.000 euro. Herriko merkataritza arrisku bizian dago eta nahiz eta udalak konpetentzia gutxi izan arlo honetan, herriko merkataritza laguntzeko diru partida bat zabaltzea erabaki da.

Amasamendiko kudeaketa plana garatzeko ekintzak: 15.000 euro. Amasamendiko landa eta basoak modu integralean kudeatzeko planean jasota dauden hainbat ekintza burutu nahi ditu udalak. Herriko hainbat elkartek eta norbanakok parte hartzen duten Amasamendin Ados! izeneko lan mahai ireki eta zabalean erabakiko da zein ekintza edo proiektu gauzatuko diren 2020an.

Memoria eta bizikidetza batzorderako 23.700 euro. Alderdi politiko ezberdinetako kideek osatutako batzorde honetan lortutako adostasunarekin, gure herrian azken hamarkadetan arrazoi politikoengatik izandako eskubide urraketak bilduko dituen lan bat egingo da Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Bestalde, biktimen aitortzan ere aurrera urratsak eman nahi ditu udalak.

Elkartasun internazionala: 31.500 euro. Euskal Fondoarekin elkarlanean hainbat ekintza garatuko dira El Salvador-eko Segundo Montes komunitatean, udan Saharako haurrak ekartzeko Oporretan Bakean programa ere lagunduko da, beste hainbat lankidetza eta laguntza programarekin batera.

PARTE HARTZE PROZESU BERRIA

Udal gobernuak datozen hilabeteetan aurrera eraman nahi duen herri prozesu parte hartzailearen berri eman zuen. Prozesu garden eta demokratiko baten bidez, herritarrek zuzenean erabakiko dute 2020. urtean udalak ezarritako 400.000 euro zertara bideratuko diren. Diru hori udalak bankuan duen diru gerakinetik irtengo da, izan ere udalak 1.300.000 euro inguruko diru funtsa du gerakin gisa.

Prozesu parte hartzaile honen xehetasunak (metodologia, egutegia, fase ezberdinak, tresnak...) udalean eratuta dagoen Herritarren Parte Hartze Batzordean adostu nahi ditu udal gobernuak oposizioko alderdiekin.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu