22Urtarrila2021

005.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
hondakinak ona weberako

Udalak neurriak hartu ditu hondakinen bilketan emandako atzerapausoengatik

Amasa-Villabonako udalak, 2020. urte honetan zehar hainbat elementu kezkagarri egiaztatu ditu hondakinen bilketari dagokionez: 

Gero eta zabor gehiago botatzen da lurrera, edukiontzitik kanpo

Azken hilabeteetan, herri osoan zehar dauden edukiontzien gune guztietan (batzuetan besteetan baino gehiago), lurrean utzitako poltsen kopurua asko hazi da. Udalak jarraipena egin dio arazo honi eta dozenaka argazki eta froga lortu dira. Egoera hau kezkatzekoa da, are gehiago, Covid-19aren pandemia dela eta, edukiontziak guztiz zabalik daudela kontuan hartzen badugu. Gainera, duela hilabete batzuk organikoaren eta errefuxaren edukiontzien ahoak zabaltzeko pedalak ezarri ziren, poltsak barrura sartzeko garaian eskuekin heldu beharrik ez izateko. Beraz, lurrean uzten diren poltsen kopurua handitzea ez da erraz ulertzekoa, eta udalak neurri zorrotzak hartu beharko ditu egoera hau aldatzeko eta edukiontzien guneak behar bezala egotea lortzeko.

Traste zaharrak edozein egunetan uzten dira kalean

Traste zaharrak eta bolumen handikoak, asteazkenetan 20:00etatik 22:00etara atera behar dira, edukiontzien guneen ondoan utzi eta aurretik Tolosaldeko Mankomunitateari jakinarazi behar zaio 943 676216 telefonora deituz. Baldintza hauek aspalditik daude ezarrita baina badirudi herritar askok ez dakitela edo ahaztu egin zaiela, azken aldian edozein egun eta ordutan ikus baitaitezke trasteak lurrean botata. Aipatu behar da tamaina handiko hondakin horiek noiznahi eraman daitezkela Andoaingo edo Tolosako Garbiguneetara.

Gaizki sailkatutako hondakinan organikoaren edukiontzian 

Organikoaren edukiontzian jasotzen denaren gero eta portzentaje handiagoa ez da hondakin organikoa eta poltsa konpostagarrien erabilerak beherakada nabarmena izan du. Hori ere harrigarria da, Udalak doako poltsa konpostagarriak jartzen baititu herritar guztien eskura. Poltsa horiek udal liburutegiaren sarreran dagoen makinan eskura daitezke txartela erabilita. Hondakin organikoak behar bezala ez bereizteak eta edozen poltsa organikoaren edukiontzian botatzeak, organikoaren kalitatea jaisten du eta kalitate hori baxua bada, edukiontzi osoa errefuxa bezala kudeatu beharra ekar dezake. Horrek, gaikako bilketan eta berziklatze tasetan eragin oso negatiboa du eta udalak ordaintzen dituen hondakinen kudeaketa gastuak handitzen ditu. 

Gaikako bilketaren portzentajea beherantz doa eta azken urtetan lehen aldiz %70etik behera jaitsi da

2020ko urtarriletik urrira bitartean, gaikako bilketa %7,8an murriztu da. Datu hau oso kezkagarria, azken urteetako birziklatze tasarik baxuenetan kokatu baikara. Udal gobernuak tasa hau %70etik behera jaisten bazen, bilketa sistemaren gaineko neurri zorrotzak hartuko zituela iragarri zuen eta Tolosaldeko Mankomunitatetik bidalitako azken datuek (2020ko urrikoak) tasa hau %69,46koa dela diote. Beraz, muga-mugan gaude eta beherazko joerak jarraitzen badu, udal gobernuak bilketa sistemaren inguruko erabaki zorrotzak har ditzake. BILKETA DATUAK 2020

Landa inguruko hainbat espaziotan zabortegi inprobisatuak antzeman dira

Amasa, Amasamendi, Legarreta, Otsabi edota Otelarre auzoetan dauden edukiontzi guneetan, gero eta hondakin gehiago agertzen ari dira lurrean botata; moztutako adar eta belarrez betetako poltsa handiak, usteldutako elikagaiak, traste handiak etab. Gainera, mendi guneetan (bereziki Komizar parkean) zabor pilaketa handiak antzeman dira.

Azken asteetan hondakin asko lurrean botata

Azkenaldian, bereziki taberna eta jatetxeak itxita egon diren bitartean, edari latak, janari ontziak eta beste hainbat ondakin agertu dira hainbat tokitan botata; Amasako ermitako estalpean, Remi Ayestaran pasealekuan, Arroa eta Errotako ibai ondoko ibilbideko bankuetan, Kiroldegi atzealdean, Etxeondoko parkean, Txermin auzoko zenbat lekutan etab. 

Udaleko Ingurumen sailak kanpaina berezi bat jarri du martxan arazo hauei irtenbidea emateko asmoz

Jarraipen zorrotzagoa

Zaborra edukiontzi kanpoan edota ez dagokion lekuetan uzteari jarraipen estua egingo zaio. Udaltzaingoak jarraipen berezia egingo dio gai honi eta poltsak lurrean uzten badira, 90 eta 450 euro arteko isunak ezarriko dira. Mendi guneetan sortutako zabortegi inprobisatuen inguruan ikerketak egingo dira. Dagoeneko, zenbait kasutan zaborra nork bota duen identifikatu da eta hauen aurkako lege ekintzak ere martxan jarriko dira. Horrez gain Komizar parkean jarraipen sistema berri bat jarri da martxan; Parkeko mahaiak numeratu egin dira, Udaltzainek mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute eta pertsona hau izango da mahaia eta bere ingurua txukun uztearen arduraduna.

Informazio kanpaina

Nahiz eta gutxiengo batek gaziki egiten duenak irudi negargarriak utzi, herritar gehienek ingurumenarekiko eta zaborren gaikako bilketarekiko jarrera positiboa dute. Amasa-Villabona edukiontzi sistema edukita Gipuzkoa mailan birziklapen tasa handienetakoa zuen herria izan da orain arte.

Hala ere, esan bezala azkenaldian beheranzko joera nabarmena egiaztatu denez, udalak berriro ere biztanleen hezkuntzan arreta jartzea erabaki du:

  • Gutuna administrariei: Datozen egunetan, herriko eraikinetako edo portaletako administrariei gutun bat helaraziko zaie. Gutun horretan udalak osatutako testu bat egongo da IKUSI GUTUNA. Horrekin batera, kartel informatibo bat ere helaraziko zaie eta portalean leku ikusgarri batean jartzeko eskaera egingo zaie IKUSI KARTELA
  • Pegatinak edukiontzietan: Herriko edukiontzi guztietan poltsak lurrean uztea debekatuta dagoela adierazten duen pegatina bat ezarriko da. Horrekin, lurrean agertzen diren poltsa eta trasteen kopurua murriztea espero dute udal arduradunek IKUSI PEGATINA. 
  • Hezitzaileak kalean: Tolosaldeko Mankomunitateko hezitzaileak Villabonako edukiontzien guneetan izango dira datorren astetik aurrera. Gutxienez 6 egunetan egongo dira eta hondakinak botatzera doazen pertsonei gauzak ondo egiteko jarraibideak ematea izango da beraien lana. Hezitzaile hauek ondo prestatutako profesionalak dira eta herritarrei errespetuz tratatzeko deia egiten diegu.
  • Erroldatzen diren pertsonei informazioa: Amasa-Villabonara bizitzera datozenei edota gure herrian erroldatzen direnei hondakinen kudeaketari buruzko informazio eta azalpen zehatzak emango zaizkie. 
IMG 7506 tokikom 700x700

Udalak gabonetako argien gastua %60an murriztea erabaki du

Amasa-Villabonako udal gobernuak aurtengo gabonetako argietara bideratuko den gastuan murrizketa esanguratsua egitea erabaki du. Izan ere, martxotik aurrera Covid-19aren pandemia dela eta, udalak ezusteko gastu eta inbertsio ugariri aurre egin behar izan die eta horrek eragin nabarmena izan du udal aurrekontuan. Egoera honetan, udal gobernuak lehentasunak ezartzera behartuta ikusi du bere burua eta azken hilabeeteetan Covid-19aren krisiaren ondorioz kaltetuak izan diren herritarrak eta sektore ekonomikoak laguntzeari eman zaio lehentasun osoa. Beraz, ezusteko eta aurreikusi gabeko inbertsio eta gastu ugari izan direnez, udal gobernuak ezinbestekoak eta lehentasunezkoak ez diren gastuak murriztu behar izan ditu, horien artean gabonetako argiak jartzera bideratzen den gastua dagoelarik.

%60,8ko murrizketa

2019. urtean guztira 20.370,25 euro erabili ziren gabonetako argiak jartzeko, gastu hau udalak eta Oria Merkatarien elkartearen artean banatu zelarik (udalak 13.996,68 euro eta Oria elkarteak beste 6.373,57 euro). 2020an ordea, guztira 7.986 euro bideratuko dira gabonetako argiak jartzera, 2019an baino %60,8 gutxiago. Aurtengoan gastu osoa udalak hartuko du bere gain, Oria Merkatarien elkartearekin horrela adostu baitzen, modu horretan merkatarien elkarteak baliabide ekonomiko gehiago izango ditu herriko merkataritzaren aldeko bere jarduera garatzeko.

Ondorioz, normala den bezala, aurtengo gabonetan argi gutxiago jarriko dira herriko kaleetan eta udalak argi hauek zenbait gunetan ezartzea lehenetsi du: Kale Nagusian, Kale Berrian, Santio kalean, Txistulari plazan, Kiroldegi inguruan eta Larrea zein Errota auzoetako aurrealdean (errepidearen ondoko pasealekuetan). Eremu hauetan kokatzen dira herriko merkataritza establezimendu gehienak eta horregatik aukeratu da argiak bertan jartzea.

Hernanin kokatuta dagoen Maykolux SL enpresa da argiak jartzeaz arduratuko dena, Gipuzkoako beste bi enpresari ere eskatu zitzaizkien aurrekontuak eta argien instalazio proiektuak, baina udaleko aparejadoerak egindako txostenaren araberta Maykolux izan da proposamen hoberena egin duena. 

Piztuera ekitaldi publikorik ez

Oria Merkatarien elkarteak eta udalak, aurtengoan piztuera ekitaldi ofizialik ez egitea erabaki dute. Azken urteetan argien piztuera ekitaldia egin izan da Berdura plazan, baina aurten bizi dugun egoera dela medio eta gerta litezkeen jende pilaketak saihesteko, bertan behera uztea erabaki da, adostasunez.

Argiak abenduaren 18an piztuko dira

Aipatutakoaz gain, gabonetako argiak lehen aldiz abenduaren 18an piztea erabaki du udal gobernuak. Argi guztiak kontsumo gutxiko LED-ak izango dira, energia elektrikoaren erabilera eraginkorra bermatuko delarik. Gainera, argi gehienak gaueko 00:00etan itzaliko dira, energiaren erabilera arduratsua eginez.

IMG 4661

Udalaren dirulaguntza berria herriko ostalaritza sektorearentzat

Jakina denez, pasa den azaroaren 6an Eusko Jaurlaritzak ostalaritza establezimenduen itxiera agindu zuen Covid-19aren pandemiaren egoerari erantzuteko prebentzio neurri gisa. Honen ondorioz, ostalaritza sektoreko langileak, tabernariak, zerbitzariak, sukaldariak etab. egoera oso zailean geratu dira, establezimenduari eta jarduerari lotutako gastuak ordaintzen jarraitu behar baitute, taberna edo jatetxeak itxita dauden bitartean. Egoera honek, ezinbestekoa den sektore honen biziraupena eta etorkizuna kolokan jarri ditu eta Amasa-Villabonako udalak urjentziazko izaera duen dirulaguntza lerro berri bat onartu eta martxan jartzea erabaki du.

Dirulaguntza hau arautzen duen oinarrien dokumentua abenduaren 2an argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO): Dirulaguntzaren oinarriak GAO

Aurrekontua

Dirulaguntza hauek finantzatzeko, udalak 30.000 euroko diru funtsa sortu du. Aurrekontu hau ez bada nahikoa eskaera guztiei erantzuteko, modu proportzionalean banatuko da aurkeztutako eskaera-kopuruaren arabera.

Dirulaguntzaren zenbatekoa

  • 600 euro establezimendua itxita egongo den hilabete bakoitzeko. Dirulaguntzaren kopuru zehatza, estabezimenduak itxita egon diren egun kopuruaren arabera kalkulatuko da.
  • Jardueren etetea partziala denean (okindegi-kafetegien kasuan), 300 euro etendura hilabete bakoitzeko.
  • Establezimenduaren titularrak jarduerari lotutako lokala errentan edo alokairuan baldin badu, dirulaguntzaren zenbatekoak 200 euro/hileko gehigarri bat izango du.

Onuradunak

Dirulaguntza honen onuradun izango dira urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako alarma-egoerak eraginda, Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuan, (36/2020 Dekretua, urriaren 26koa, aldatzen duenak) ezartzen den erabateko-itxiera eraginpean dauden ostalariak. 

Bete beharreko baldintzak

  • Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan (EJZ) alta emanda egotea erabateko itxiera eraginpean dauden jardueretan.
  • Amasa-Villabonan kokatutako establezimendua edukitzea.
  • Villabonako Udalarekin zorrik ez edukitzea.
  • Ez egotea dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluaren 2. apartatuan aurreikusitako egoeren eraginpean, dirulaguntzen onuradun izateko baldintzei dagokionez.

Dirulaguntzaren iraunaldia

Dirulaguntzaren iraunaldia Lehendakariaren azaroaren 6ko 38/2020 Dekretuan oinarritutako erabateko itxierarekin hasiko da (2020ko azaroaren 6an) eta dagokion autoritateak erabateko-itxiera jasaten duten jarduerak ahalbidetzen dituenean amaituko da.

Eskaera egiteko aurkeztu beharreko agiriak

  • Bete eta udalari helarazi beharreko inprimakia: ESKAERA EGITEKO ORRIA
  • IFK edo IFZren kopia.
  • Eskaerak jardueraren titularrak egingo ditu zuzenean, edo haren ordezkaritza zuzenbidean baliozkoa den edozein bitartekoren bidez egiaztatzen duen edozein pertsonak. Ahaldunen kasuan, ordezkaritza-idazkia aurkeztu beharko da.

Udalak onartutako, Covid 19ko galerak arintzeko dirulaguntzen 1.deialdian (GAOn 2020ko maiatzaren 7an argitaratua) onuradun izan ziren ostalariak ez dute 2. eta 3. puntuan ezarritako agiririk aurkeztu beharko, inprimakia bakarrik bete beharko dute.

Eskariak aurkezteko epea: Abenduaren 4tik 14ra, bi egunak barne.

Dirulaguntzaren ordainketa: Dirulaguntzak beraiek xede duten helburua egoera egiaztatu bezain pronto ordainduko dira, hilabeteka.

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.