23Iraila2018

009.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Albisteak EMAKUMEKOK PLANTO

EMAKUMEKOK PLANTO

 

martxoak 8 greba feminista

2018ko Martxoaren 8ko Greba Feministaren aldeko adierazpen instituzionala.

Zer gertatzen da emakumeek ez badute zaintzen, ez kontsumitzen, ez lan egiten, ezta parte hartzen ere?

Hausnarketa horrexek eraginda, iaz mugimendu feministak emakumeen nazioarteko greba deialdi bat egitea erabaki zuen, non eta 70 herrialdetan baino gehiagotan; aurten, 2018an,“Emakumeok planto. Nosotras paramos” leloaren pean errepikatuko da. Grebaren xedea da emakumeen lanak gure gizartean duen inpaktua ikusaraztea eta lan hori aintzat har dadila eskatzea.

Gure gizartearen ongizatea ezinezkoa litzateke bizitzari eusteko ezinbesteko jarduerak egingo ez balira, hala nola, pertsonak zaindu (haurrak, adinekoak, mendekoak...) edo etxeko lanak egin.Lan horietako gehienek ez dute ordainsaririk, eta batez ere emakumeek egiten dituzte. Emakumeen ekarpenik gabe, gizartea geratu egingo litzateke.

Emakumeen lanaren zatirik handiena ez da ikusten eta ez da kontabilizatzen. Horrek esan nahi du etxeetan ekoitzitako ondasunen eta aberastasunaren balioa gutxietsi egiten dela, nagusiki emakumeek egiten dituzten zeregin hauen orduak eta ekarpen ekonomikoa ukatu eta ikusezin bihurtzen direla, eta zeregin horiek zaintza, osasun, giza eta babes arloari egiten dioten aurrezpen sozial handia ere ikusezin bihurtzen dela.

Lan-merkatuaren barruan eta kanpoan eskainitako orduak kontuan izanez gero, emakumeek gure gizarteko lanaren % 56 egiten dute, baina baita ordainsaririk gabeko lanaren % 74 ere. Gainera, feminizatutako lan asko, batez ere emakumeek egiten dituzten lan asko, enplegu prekarizatukoak dira edo lan-merkatuko ezkutuko ekonomiakoak. Sektore horretan, gainera, migratutako emakume ugari enplegatzen dira, eta beroriek jatorrizko inguruneetan beren haurrak beste emakume batzuen zaintzapean utzi behar izan dituzte; hala, zaintza-kate globalak sortzen dira. Erantzukizunen desoreka eta gainkarga horren ondorioz, migratutako emakume askok lan-egoera onartezinak bizi eta jasaten dituzte, esklabotzaren mugan kasu batzuetan. Hori guztia faktore bat gehiago da bere aurkako diskriminazio ugariren zerrendan, eta kalte berago egiten du bizitza sozial, laboral eta pertsonaleko edozein eratako egoeretan.

Eta egiten dituzten zereginez harantzagoko kontua da; izan ere, emakumeek zaintzan eta etxeko lanetan igarotzen duten denboraren ondorioz, gizonek denbora gehiago dute beren karrera profesionala eta lan-munduko karrera garatzeko, edo aisiako edozein jarduera sozial egiteko, emakumeek jarduera horietan sartzeko zailtasunak izan arren.

Denboraren erabilera desberdin hau traba handia da berdintasuna lortzeko, eta gizon eta emakumeei buruzko estereotipoak betikotzeaz gain, generoaren ondoriozko erantzukizunak uztartzeko egiturazko oztopo ere bada, besteak beste.

Horregatik guztiagatik, ezinbestekoa da gizarteak aitortzea zaintza-lana eta lan erreproduktiboa ezinbestekoak direla bizitzaren iraunkortasunerako; zaintzen eta lan erreproduktiboaren inguruko jendarte mailako antolakuntza berri bat babestu beharra dago zeregin hori beste modu batera hornitzeko, gizonen erantzunkidetasuna sustatu beharra dago, gizartea antolatzeko modu honen ondorioz erabakimen- eta botere-guneetan emakumeen talentuaren galera dagoela ikusarazi behar da, antolakuntza- eta enpresa-kultura berdintasunarekin lerrokatu behar dira, eta bizitza pertsonalaren eta laneko bizitzaren kontziliazioa sustatuko duten zerbitzu publikoak indartu behar dira.

Egoera honetaz, OHARTUTA, Amasa-Villabonako Udalak hitza ematen du:

• Emakumeen greba orokorrarekin bat egingo duela, Udal honi informazioa emanez eta hura garatzeko bideak jarriz.
• Baliabide material eta instituzional guztiak jarriko dituela Amasa-Villabonan antolatzen diren elkarretaratze eta jardueren berri emateko.
• Udaletxeko balkoian bandera feminista jarriko duela, emakumeen grebaren aldeko ikur gisa.
• Jarraituko duela, sentsibilizazio eta trebakuntza-programak garatzen, zaintzan eta etxeko lanetan gizonen erantzunkidetasuna sustatzeko eta erabakitzeko guneak emakumeekin partekatzeko.
• Bere eskumenen alorrean lagunduko duela zaintza babesteko baliabideak eta zerbitzu publikoak garatu eta finkatu daitezen, eta zaintzen arloan erantzunkidetasun sozialerako komunitateko estrategien artikulazioa sustatu dadin.
• Jarraituko duela udal politikan, programa eta proiektuetan genero-ikuspegia txertatzeko estrategia transbertsala garatzen.
• Balioen transmisioa azpimarratuko duela, berdintasunezko gizartea lortzeko kultura-aldaketak eta banakako eta taldeko emakumeen jabetzea susta daitezen .
• Zeharkakotasunez sartuko dituela bere genero-berdintasunaren politika eta sentsibilizazio eta formazio-programa guztietan sorburu, kultura eta erlijio desberdinetako emakume migratzaileen multzoak duen kalteberatasunaren irizpidea eta begirada.

Azkenik, herritarrei dei egiten die modu aktiboan parte har dezaten, martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, antolatu eta deituko diren ekitaldi eta ekintzetan.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Albisteak EMAKUMEKOK PLANTO
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu