15Abendua2018

004.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Albisteak 2018 SANTIO JAIETAKO programaren aurkezpena

2018 SANTIO JAIETAKO programaren aurkezpena

santioak aurkezpena 2018

• Gaur eguerdian 2018ko Santio Jaietako programa aurkeztu da.

Prentsaurrekoan, Maite Izagirre, Alkatea; Mertxe Garmendia, Kultur zinegotzia, eta Joxean Cubero, saileko teknikaria egon dira.
• Jaiak, uztailaren 24an, patroi egun bezperan, hasi eta uztailaren 31rarte, San Inazio egunerarte, luzatuko dira.

Programazioaren nondik norakoak azaldu baino lehen, Izagirrek Aizkardi mendi elkarteari errekonozimendua adierazi dio “AIZKARDI mendi elkarteak aurten 50 urte betetzen dituenez, udalak, Amasa-Villabonako beste biztanle guztiekin batera, bere aintzatespena adieraziko die. Beraiek izango dira aurtengo festetako irekierako txupinazoaren arduradunak”.

Mertxe Garmendia, Kultur Zinegotziak, “aurtengo Santio Jaiek, erraldoi eta buruhandien konpartsari dagokionez, berritasun ugari izango ditu” azpimarratu du. “Alde batetik, aurtengo festetatik aurrera, Villabonak Irungo Garate anaien etxe ospetsuak eginiko erraldoi berriak izango ditu. 2 bikote dira: alde batetik, arropa tradizionalekin jantzitako baserritar bikote bat (emakumezkoa eta gizonezkoa) eta bestetik, Pedro Yarza Villabonako Besamotza izenez ezagutzen den pilotaria eta Amasako Iturrigoxoko emakumea” gehitu du.

Bi bikoteak uztailaren 24an estreinatuko direla azaldu du eta hilaren 27an, kaleetan zehar ibiliko direla Loatzo Musika eskolako kide, dultzainero, trikitilari eta Berasategiko buruhaundi eta erraldoiekin batera.

Hilaren 25ean, Santio egunean, erakustaldi berezi bat izango dugula adierazi du “Eresargi abesbatzak Amalur plazako eszenatokia partekatuko du PURO RELAJO talde nafarrarekin. Talde hau 2013an sortu zen, 5 diska kaleratu ditu eta ETBn emititu diren abesti famatuen bertsioak egin izan dituzte, horietako asko euskaraz”.

Horrez gain, “29an, eta legealdi honen hasieran egin genuen Donostiako nazioarteko Jazz jaialdiarekin dugun kolaborazioarekin jarraituz, lehen mailako kontzertu batekin gozatzeko aukera izango dugu. Mikel Laboa abeslari donostiarrari omenaldia egingo zaio sei kidez osaturiko talde batekin: Iñaki Salvador piano jolea, Ainara Ortega eta “ahots biluzia” izenez ezagutzen den Maria Berasarte, abeslariak; Hasier Oleaga, bateri jolea; Ángel Unzu, gitarrajolea eta Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxuan. Kontzertu izugarria eta seguruenik ikusle guztien gustukoa izango da” informatu du.

Eta, azkenik, hilaren 30ean Erromeri Egunaren edizio berri bat ospatuko dela azpimarratu du “Santiotan Kantari” kantujira herrikoiarekin.

Joxean Kuberok aurtengo egitarauan aurki ditzakegun gai nabarmenak azaldu ditu.

“Aurtengo Kuadrilen Eguna uztailaren 28an, larunbata izango da. Egun horretan, arratsaldeko saioan Elizagoien Ahizpen kontzertua egongo da 20:00etan, eta ondoren, gauerditik aurrera, Gozategi taldeak kontzertua eskainiko du, suzko zezenaren ondoren. Horrez gain, uztailaren 29an, igandea, 13:00etan, Donostiako Txistularien Bandaren emanaldia eskainiko da Txistulari Plazan, non gonbidatu bereziek parte hartuko duten: Oinkari Dantza Taldea eta Oihana Iguaran bertsolaria.”

Gainera, uztailaren 29an, berrikuntza bezala eta umeei zuzendua, herri kirolen parkea kokatuko da haurrentzen, Bearzana pilotalekuan, 12:30ean.

Bukatzeko, erromeri eguna uztailaren 30ean ospatuko dela azaldu du, astebukaeran egin beharrean.

Maite Izagirrek, bere lehenengo hitzak festetako komisioari bideratu nahi dizkio. “Askotan, herritarrok ez gara jabetzen hau dena prestatzeko egiten den lanaz eta batez ere programaren atzean dagoen konpromisuaz, pertsona askok boluntarioki egiten dutena. Herritar guztien izenean, mila esker denoi!”

Horrez gain, festa hauek errespetuz eta tolerantziaz betetako testuinguru batean igarotzeko beharra aipatudu; batez ere, emakumeenganako errespetuaz. Zentzu honetan honakoa azaldu du “denok hausnartu beharko genukeen gaia ekarri nahi dut gogora. Alegia, bikote batean, puntuala izan edo ez, ezin da harremanik izan bien artean hartutako erabaki bat ez baldin bada. Gainera, zoritxarrez, askotan, harreman bat izateko modua jazarpen jarreretan bilakatzen da. Horregatik, Santio Jai hauetan herritar guztiok eta gehienbat gizonezkoek, mikromatxismo espresio eta jarrera sexistak alde batera uzteko deia egiten dut.”

Eta mezu honetan haratago joanez, momentu udaletxeak, matxismoa antzeman eta horren inguruan kontzientziatzeko helburu dituzten hainbat ekimen desberdin prestatu dituela azaldu du. Akzio lerro hauek bertako LUGARTZ talde feministarekin adostu eta aldi berean, EMAKUNDE Emakumearen Euskal Erakundearen gomendioak jarraitzen dituela esanez.

Aurreko urtean bezala, udaletxeak txosnei dohainik banatzen dizkien edalontzietan LORTU DITZAGUN ERASO SEXISTARIK GABEKO JAIAK goiburua ikusiko dugu. Baita ere, dohaineko pin eta itsasgarriak banatuko dira genero indarkeriaren erauzteari aipamena egiten diotenak. Aldi berean, zoritxarrez eraso sexual baten lekuko izango bagina, jarraitu beharreko pausuak eta egoera horretan deitu edo joan beharreko instituzio publikoen informazioa jasotzen duen informazio liburuxkak banatuko dira etxeetan.

Bestalde eta lehenengo aldiz, “hilaren 26an, furgoneta bat jarriko da Malkar Plazan, gehienbat gazteei zuzendua egongo den alkohol eta droga prebentzioari dagokion informazioarekin.”
Eta azkenik, “fondo zuria eta hizki berde eta beltzak izango dituen zapiak banatuko dira festetako ekintzetan. Datorren urtean ospatuko dugun, Amasa eta Villabonaren arteko batasunaren 400. Urteurrenari loturiko zapiak izango dira. Horri lotua dago zapi hauetan erabiliko den lema, “2 herri, helburu 1” zehaztu du. Zapien ekimen honekin ondorengo helburuak lortu nahi dira: alde batetik, jendeak efemeride hau ezagutzea, eta bestetik, klima berezi bat sortzen hastea, 400. Urteurrenaren ospakizunari begira denok ideia eta ekimenak proposa ditzagun.

Programa deskargatu

 

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Albisteak 2018 SANTIO JAIETAKO programaren aurkezpena
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu