14Abendua2019

005.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Santio jaien balorazioa:

Santio jaien balorazioa:

Jai giroak eta alaitasunak hartu ditu Villabonako kaleak, parte hartze handia izan duten 2019ko Santio jaietan 

IMG 9900 tokikom 700x700

Lehenik eta behin, udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Santio jai hauetan mota guztietako ekintzak antolatzen eta aurrera eramaten lanean aritu diren herritar norbanako eta elkarte guztiei. Jaien aurkezpenean aipatu zen bezala, borondatezko lana egiten duten ehunka herritarren ekarpenik gabe, gaur egun ezagutzen ditugun Santio jaiak ez lirateke posible izango. Zorionez jai hauek, jai herrikoi eta parte hartzaileen eredu ederra izaten jarraitzen dute.

Hainbat arrazoi direla medio, udalak jaien balorazio oso positiboa egiten du.

Aurtengoan ez dugu inolako eraso sexista edo matxistaren berririk izan, ez da salaketarik jarri. Honek ez luke albistea izan behar, baina zoritxarrez berri pozgarria dela aipatu beharrean gaude. Zentzu honetan, herriko mugimendu feministak egindako lana azpimarratu eta txalotu nahi dugu.

Bestalde, ez da garrantzia handiko gertakari tamalgarririk izan. Neurri handi batean saihestezinak diren liskar, lapurreta txiki eta hiri altzarien kontrako eraso gutxi batzuk gertatu dira baina zorionez ez dute ondorio larririk izan.

Egitarauan jasotako ekintza guztiak aurrera atera dira. Eguraldiak hainbat ekintza lekuz aldatzera edo aldaketa batzuk egitera behartu badu ere, aurreikusita eta antolatuta zeuden ekimen guztiak burutu dira. Aipatzekoak dira eguraldi txarrari aurre eginez, besteak beste "Ezkontza" konpartsak eta Santioetan Kantari kantu-jirak izan zuten arrakasta eta parte hartze zabala.

Ezin ditugu aipatu gabe utzi udal langileak; garbiketa lanetan aritu direnak, udaltzainak, kultur teknikariak... lan bikaina egin dute.

Esan bezala, udalak lehen balorazio positiboa egiten du baina ez dagokio udalari Santio jaien balorazioan gehiago sakontzea. Gogorarazi nahi dugu jai hauek Santio Jai Batzordeak antolatzen dituela eta ondorioz, batzorde honi dagokio jaien balorazio zehatzago bat egitea. Garrantzitsua izaten da jai hauetan gertatutakoaren azterketa bat egitea, gehienbat datozen urteetarako irakaspenak ateratzeko eta guztion artean hobetzen joateko. Helburu horrekin, datorren irailean Jai Batzordearen balorazio bilera bat egingo da.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Santio jaien balorazioa:
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu