14Abendua2019

009.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Euskararen Egunean hitzekin jolastuko dugu "Hitzolariak" ekimenaren bidez

Euskararen Egunean hitzekin jolastuko dugu "Hitzolariak" ekimenaren bidez

IMG 3105

Amasa-Villabonako Berdura plazan aurkeztu da Tolosaldeko herriek 2019ko Euskararen eguna dela eta egingo duten ekintza bateratua. Eskualdeko hainbat herrietako ordezkariekin batera aurkeztu dute egitasmoa Amasa Villabonako alkate Beatriz Unzuek eta Galtzaundiko kide Imanol Artolak eta Uxoa Elustondok.

Duela bi urteko Euskararen Nazioarteko Egunerako eskualdeko ekintza bateratua proposatu zuen Galtzaundi Euskara Taldeak. 28 herrien artean ‘Euskarak 365 egun!!’ mosaikoa egin zen orduan. Pasa den urtean, Euskaraldiaren azken eguna zela baliatuz, ariketaren inguruan hausnartzeko baliatu zen Euskararen Eguna herriz herri.

Aurtengoan ere herri guztietara proposamena luzatu du Galtzaundik, herritarrak eta hizkuntza bera erdigunean jarriz. Horretarako, euskararekin ondo pasatzea, hizkuntzak ematen dituen aukerekin eta zirrikituekin jolasteko ariketa da proposatutakoa.

‘Hitzolariak’ izena du ekintzak. Zer egiten du hitzolari batek? Jendeak aurretik ezagutzen dituen hitzak, esanahi berria hartu dutenak edota hitz berriak proposatu. Hau da:

  • Gure herrian edo sektore jakin batzuetan erabiltzen diren hitzak zabaldu eta azaltzea.
  • Lehendik ere bazeuden hitzak baina orain esanahi berria izan dezaketenak plazaratzea.
  • Hitzen esanahiarekin edo sonoritatearekin jolastuz, hitz berriak sortzea.

Bi plaza irudikatu dira ekintza aurrera eramateko:

  • Plaza digitala. Aurretik ere ezaguna da hainbat sare sozialetan #hitzokei traola. Bada, Euskararen eguna baino lehen eskualdeko ariketarako #hitzolariak traola zabalduko da, ariketaren jolasa eskualde mailan zabaltzeko.
  • Herriko plazak. Ideia euskararen egunean bertan herriko plaza edo gune esanguratsu batean herritarrak biltzea da. Egunean bertan ez bada, aurreko edo ondorengo egunen bueltan ere egingo dute hainbat herritan. Honakoa da egingo dena: herriko gune ikusgarri bat hariz josiko da eta ordu jakin batean herritarrak bilduko dira bakoitzarentzat esanguratsuak diren edo izan daitezkeen euskarazko hitzak ekarriz edo sortuz.

Bertan ahalik eta hitz gehien jasotzea da asmoa, herritarrek orrialdeetan idatzi eta guztiekin Tolosaldeko Hitzolarien hiztegi digitala sortzeko. Bertan Tolosaldeko hitz propioak bildu nahi dira, baina ez hori bakarrik: euskara hizkuntza bizia dela ikusaraziko dugu, moldagarria eta dibertigarria ere badela argi utziko dugu. Horretarako gure sormena oso baliagarria izango da, hitz berriak sortu eta giro horretan, hizkuntzarekin ondo pasatzeko.

Tolosaldeko ahalik eta herri gehienetan egingo da plazako ariketa, baina aurretik jolasean hasi eta interneteko komunitatean parte hartu nahi duenak ere aukera izango du, lehen esan bezalaxe, #hitzolariak traolaren bidez.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Euskararen Egunean hitzekin jolastuko dugu "Hitzolariak" ekimenaren bidez
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu