05Ekaina2020

010.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak "Bada garaia zer gertatu zen jakiteko"

"Bada garaia zer gertatu zen jakiteko"

9942 1580205753

Amasa-Villabonako Bizikidetza eta Memoria batzordeak antolatuta, omenaldi goxoa eskaini zitzaien atzo iluntzean kontzentrazio eremuetan egon ziren bederatzi billabonatarrei. Udaleko ordezkari eta herritar ugarirekin batera, omenaldi-ekitaldian izan ziren 1941eko azaroan Gursen erail zuten Adolfo Lozano billabonatarraren alaba eta familiako kideak.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Maite Izagirre EAJ-PNVko zinegotziak eta PSE-EEko zinegotzi Maria Luisa Arijak hartu zuten hitza Berdura plazan burutu zen omenaldian. Nazismoak eragindako giza-eskubideen urraketak eta sarraskiak salatzeaz gain, kontzentrazio eremuetan egondako bederatzi billabonatarrak eta haien senideak gogoan izan zituzten demokraziaren eta askatasunaren alde jarduteagatik pairatutako sufrimendu bidegabea aitortuz.

  • Adolfo Lozano Olazabal

1936ko Gerra Zibilean Errepublikaren aldeko armadako tenientea izan zen, Ebroko bataila famatuan parte hartu zuen eta gerraren amaieran Frantziara erbesteratu behar izan zuen. 1941ean naziek atxilotu zuten eta hainbat kontzentrazio eremu ezberdinetan egon zen: Saint Cyprien, Gurs, Treves, Mauthausen eta Gursen. Azken honetan erail zuten 1941eko azaroaren 7an.

  • Alberto Beaufort Barrengedo

Villabonako Kale Nagusiko 9. zenbakian jaio zen 1927. urtean.1944ko martxoan atxilotu zuten alemanek Frantziako iparraldean. Ondoren Mauthausen kontzentrazio eremura eraman zuten. Han, 59544 zen bere preso zenbakia. 1945eko maiatzaren 5ean libre geratu zen, Amerikako Estatu Batuetako armadak eremua askatu ondoren. Orduz geroztik ez dago bere berririk eta ezin izan da jakin zer gertatu zitzaion.

  • Juan Peña Villarreal

1939ko otsailean Argelesen preso hartu zuten eta Gurseko kontzentrazio esparrura eraman zuten, bertan egon zelarik preso 5429 zenbakiarekin. Bigarren Mundu Gerran frantziar armadarekin batera borrokatu zuen Gernika Berri batailoiko kidea zen.

  • Martin Gonzalez

1939ko otsailean Argelesen preso hartu zuten. Bera ere Gernika Berri batailoiko kidea zen eta 5563 zen bere preso zenbakia Gurs-eko kontzentrazio eremuan.

  • Angel Garcia Etxarren

Bera ere 1939ko otsailean atxilotu zuten Argelesen, preso atxiki zuten hasiera batean baina gero Gursera eraman zuten. 20 urte zituen kontzentrazio esparrura eraman zutenean. Gernika Berri bataloiko kidea zen eta 5358 zen bere preso zenbakia. EAJ alderdiko kidea eta pilotaria zen.

  • Hilario Gracia Ilardia

1939eko otsailaren 2an Le Boulouen atxilotu zuten eta handik Saint Cyprieneko kontzentrazio eremura eraman zuten. Gero, ordea, Gurs-ekora bidali zuten eta bertako bere preso zenbakia 3304 zen. 21 urte zituen eta UGTko kidea zen, arotza ofizioz. Kale Berriko 3. zenbakian zuen bizilekua.

  • Jose Telletxea Laskurain

24 urte zituen 1939an Argelesen preso hartu zutenean. Gero Gurs-eko kontzentrazio eremura eraman zuten eta 942. preso zenbakia ezarri zioten. UGT sindikatuko kidea zen.

  • Alejo Ramos Arrate

Gerra Zibilean Herrialde Katalanetan aritu zen soldadu gisara Errepublikaren aldeko Alpino batailoian. Ondoren Frantzian Gernika Berri batailoiko kide gisara atxilotu zuten Argelesen. Handik Gurs-era eraman zuten eta 1939 abuztuaren 1ean libre geratu zen. EAJko militantea eta pilotaria zen.

  • Jose Ignacio Garmendia Urkola

1939ko otsailean Argelesen preso hartu zuten eta gero Gurs-era eraman zuten. Handik libre atera zen 1939ko abuztuaren 28an.

Ekitaldian zehar, Aritza kultur elkarteko kideei eskarrek eman zizkioten herriko historiari lotuta egindako datuen bilketa-lanagatik, eta 2014. urtean, Aritza kultur elkarteak, La Ilusion elkartearekin elkarlanean, kontzentrazio eremuetan zendu ziren herritarrak gogoratuz, euren jaiotetxearen aurrean aitortza-plakak jartzeko egin zen ekitaldia ere gogoratu zuten. Orduko hartan, Alberto Beauforten jaiotetxearen aurrean jarri zen plaketako bat, Kale Nagusiko 9. zenbakiaren aurrean eta Adolfo Lozanoren jaiotetxearen aurrean bigarrena, Kale Nagusiko 57 zenbakiaren aurrean.

Bada, Berdura plazako ekitaldia amaituta, bi gune horietara gerturatu ziren plazan bildutako kideak eta lore-eskaintza egiteaz gain, Oinkari dantza taldeko bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu zuten Beaufort eta Lozanoren omenez, bakoitzaren jaiotetxearen aurrean. Amaieran, Adolfo Lozanoren alabak eskerrak eman zituen hunkiturik, "omenaldi honek beste ezerk baino gehiago balio du niretzat. Bada zer gertatu zen jakiteko garaia. Eskerrik asko gaur gure alboan egon zareten guztioi".

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak "Bada garaia zer gertatu zen jakiteko"
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.