20Otsaila2020

002.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Villabonako saltokietan euskara indartzeko lanketa garatu dute udalak eta Galtzaundik

Villabonako saltokietan euskara indartzeko lanketa garatu dute udalak eta Galtzaundik

weberako

2018an egin zen Euskaraldiaren lehenengo edizioaren atarian hasi zen Galtzaundi Euskara Taldea udalarekin elkarlanean Amasa-Villabonako saltokietan euskararen gaia lantzen. Guztira 111 saltoki bisitatu ziren orduan, hizkuntza egoeraren diagnostikoa egitearekin batera, Euskaraldia aurkeztu eta saltokiak ekimenean parte hartzera animatuz.

2019an jarraipena izan du hirugarren sektorean euskara indartzeko egitasmo honek. Galtzaundiko teknikariek banan bana pasa dituzte herriko saltokiak, beste hainbat herritako esperientziek erakusten baitute banan banako bisita hauek emaitza positiboak ekartzen dituztela.

Lehenik, egoeraren diagnostikoa egin da 119 saltokik osatutako lan unibertsoan

Villabonako saltokietako arduradunen %70a da euskalduna. Langileei erreparatuz gero, ordea, egoera are euskaldunagoa da. Villabonako saltokietako 263 langiletik %76 da euskalduna eta beste %11 euskara ulertzeko gai da. Beraz, egoera Tolosakoaren parekoa da: saltokietako langileen %87ek ulertzen dute euskara, eta saltokien %87etan bada zerbitzua euskaraz eman dezakeen norbait. Villabonako establezimenduen euskara-gaitasuna Villabonako eta Tolosaldeko euskara-ezagutza datuekin alderatzen badugu, batez bestekotik gora dago: hurrenez hurren, billabonatarren %80ek eta Tolosaldeko biztanleen %84ek ulertzen baitute euskara.

Bestetik, Amasa-Villabonako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bitartez bideratzen dituen laguntza, zerbitzu eta material eskaintzen berri emateko, herriko errealitatera egokitutako gida osatu eta aurkeztu da saltoki guztietan. Honekin batera, saltokiek euskararen alde eman ditzaketen pausoen gomendio zerrenda ere jarri zaie eskura. Euskara zerbitzuko eskaintzaren (karteldegia, euskalduntzea, itzulpenak, arlokako hiztegiak…) berri eman ondoren, %30ek eskaeraren bat egin dute beren saltokian euskararen presentzia hobetzeko.

Egindako lanaren balorazioa egiteko, saltokietako langileei eta arduradunei zuzenean galdetu zaie eskainitako aukeren eta zerbitzuen inguruan. %95ari erabilgarria edo lagungarria izan zaie zerbitzua eta eskertu egin dute aurrez aurreko presentzia eta laguntza. Merkatarien motibazioari dagokienez, oro har, merkatariak oso aktibo sentitu dira egitasmoarekin. Landa-lana burutzerako orduan, merkatariek egindako harrera eta eskainitako erraztasunak eskertzekoak eta nabarmentzekoak izan dira. Saltoki batzuk aldaketarako erakutsi duten nahia eta, ondorioz, ematen ari diren pausoak ere nabarmendu beharrekoak dira.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Villabonako saltokietan euskara indartzeko lanketa garatu dute udalak eta Galtzaundik
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu