20Iraila2020

003.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Hiri hondakinen kudeaketa: Atzeraka goaz

Hiri hondakinen kudeaketa: Atzeraka goaz

IMG20200512104304web

2015ean adostasun politiko garrantzitsua lortu zen gaur egungo bilketa sistema martxan jartzeko. Dena den, hainbat aldagai kezkagarri ikusi ditugu hondakinen bilketari dagokionez: 

  • Gero eta zabor gehiago botatzen da lurrera, edukiontzitik kanpo.
  • Organikoan gaizki sailkatutako hondakin kopuru handiak jasotzen dira.
  • Traste zaharrak edozein egunetan uzten dira kalean.
  • Landa inguruko hainbat edukiontzi gune. zabortegi inprobisatu bilakatu dira.
  • Gaikako bilketaren portzentajea beherantz doa.

Arazo hauei irtenbidea emateko hainbat neurri jarriko dira martxan:

Edukiontziak irekita mantenduko dira (oraingoz)

Covid-19aren osasun krisia medio, edukiontziak irekitzea erabaki zen. Beste hainbat herritan berriz itxi badira ere, Amasa-Villabonan irekita mantentzea erabaki dugu. Erabaki hau ez da behin betikoa eta atzeraezina izango; hondakinen gaikako bilketa datuen, organikoaren kalitatearen eta lurrera botatzen den zabor kopuruaren eboluzioaren arabera baloratuko da, mantentzea edo itxiera sistemara bueltatzea. Udalak hurrengo hilabeteetako datuak aztertuko ditu eta marra gorri batzuk ezarri ditu: ez da onartuko gaikako bilketa %70etik behera jaisterik, organikoarekin hondakin desegokien portzentajea handitzerik eta lurrera botatzen diren poltsa kopurua ez gutxitzerik

Beraz, guztion esku egongo da edukiontziak berriz itxi behar izatea edo ez. Joka dezagun arduraz eta egin ditzagun gauzak behar bezala.

Jarraipena zorroztuko da

Zaborra edukiontzi kanpoan edota ez dagokion lekuetan uzteari jarraipen estua egingo zaio. Udaltzaingoak jarraipen berezia egingo dio gai honi. Elkarbizitzaren aurkako ekintza hauek egiten dituztenei lehen isunak ere jarri zaizkie dagoeneko.

Mendi guneetan sortutako zabortegi inprobisatuen inguruan ikerketak ere egin dira. Zabortegi hauetara zaborra nork botatzen duen identifikatu da zenbait kasutan eta hauen aurkako lege ekintzak ere martxan jarriko dira.

Horrez gain Komizar parkean jarraipen sistema berri bat jarri da martxan. Parkeko mahaiak numeratu egin dira. Udaltzainek mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute eta hau egingo da mahai horren ingurua txukun uztearen arduradun.

Informazio kanpaina

Nahiz eta gutxiengo batek gaziki egiten duenak irudi negargarriak utzi, herritar gehienek ingurumenarekiko eta zaborren gaikako bilketarekiko jarrera positiboa dute. Amasa-Villabona edukiontzi sistema edukita Gipuzkoa mailan birziklapen tasa handienetakoa zuen herria izan da orain arte.

Hala ere, azkenaldian beheranzko joera bat egiaztatu da. Hori dela eta biztanleen hezkuntzan arreta jartzea erabaki dugu. Horretarako Amasa-Villabonara bizitzera datozenei hondakinen kudeaketari buruzko informazioa emango zaie. Bestalde, herriko eraikinetako administrariei kartel informatibo bat bidaliko zaie portalean jartzeko.

Horrez gain udalak datuak argitaratuko ditu hilero, herritarrek gai honi buruzko informazio argia izateko.

Azaldu ditugun arazo nagusiak konponbidean jartzen ez badira, udala herritarrek ordaintzen duten zabor bilketaren tasa igotzera behartuta egongo da, udalaren gastuak asko handitzen baitira bilketako datuak okertzen direnean.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Hiri hondakinen kudeaketa: Atzeraka goaz
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.