09Abuztua2020

011.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak Santio jairik ez dela izango azpimarratu du eta tabernetako ordutegia murriztea erabaki du

Udalak Santio jairik ez dela izango azpimarratu du eta tabernetako ordutegia murriztea erabaki du

Prentsaurrekoa 2

Gaur goizean udaletxean egindako agerraldian, Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde alkateordeak eta Arantza Lopez zinegotziak eman dute udalak hartu dituen erabakien berri. 

Honakoa da Amasa-Villabonako udalak argitaratu duen oharra:

LEHENTASUN BAKARRA: HERRITARRON OSASUNA

Egunero COVID-19aren berragertzeen berri izaten ari garen honetan, Amasa-Villabonako udal ordezkariak kezkatuta gaude. Birusak geure artean jarraitzen du, pandemia ez dugu gainditu eta ezinbestekoa da guztiok arduraz jokatzea eta segurtasun neurriak behar bezala betetzea. Zentzu horretan, beti maskara erabiltzea, pertsonen arteko distantzia mantentzea eta jende pilaketak saihestea oso garrantzitsua da. Kezkaz bizi dugu batez ere gaueko parranda giroari lotuta, gazteen artean ematen ari den birusaren zabalpena eta hori Amasa-Villabonan ere gerta ez dadin neurriak hartzera behartuta ikusi dugu gure burua. Izan ere, inon ez gaude COVID-19ren agerpen eta zabaltzeetatik salbu.

AURTEN EZ DA SANTIO JAIRIK IZANGO

Jakina denez, Santio Jai Batzordeak jai egitaraurik ez osatzea eta jaiak bertan behera uztea erabaki zuen. Gure ustez zentzuz eta ardura osoz hartutako erabaki egokia izan da, ez baikaude festa eta ospakizunetarako.

Beraz, udaletik argi utzi nahi dugu uztailaren 24tik 31ra ez dagoela jairik, horrek esan nahi duen guztiarekin.

Ondorioz, udaletik honako deiak luzatu nahi dizkiogu jendarteari:

  • Ez etorri Amasa-Villabonara festa eta parranda egitera, ez baita horrelakorik egongo.
  • Herriko jendeari, jaien ordezko plan alternatiborik ez osatzea eskatzen diogu. Gogorarazi nahi dugu debekatuta dagoela 10 lagunetik gorako koadriletan bildu eta hara eta hona ibiltzea.

TABERNEN ORDUTEGIA MUGATZEKO ERABAKIA

Udalak Amasa-Villabonako ostalaritza establezimenduen ordutegiak mugatzea erabaki du: uztailaren 23tik aurrera (egun hori barne) gehienez ere goizaldeko 01:00ak arte mantendu ahal izango dira tabernak zabalik eta ordu horretan derrigor itxi beharko dute. Udal gobernuak Alkate-Dekretu bidez hartu du erabakia eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Hemen kontsulta daiteke dekretua: Tabernen ordutegiak murrizteko erabakia

Hainbat tabernarik bere kabuz erabaki hori hartua zuten dagoeneko eta udaletik tabernari hauek erakutsi duten ardura eta zentzua txalotu nahi dugu. Espero dugu herriko tabernari guztiak modu berean portatzea eta herritarren osasuna lehenestea, norberaren interes ekonomikoen gainetik.

Prebentzio neurri honek sektorean ondorio kaltegarriak sortuko dituela jakitun gara, baina askoz hobea iruditzen zaigu orain neurri hau ezartzea, ondoren, birusaren zabalpena medio, are neurri zorrotzagoak hartu behar izatea baino.

Honekin lotuta, tabernak ixtean jendea kaleetan taldeetan bilduta geratzea saihestu behar da, ez baitugu ezer lortuko tabernak ixtearekin, ondoren jendea kalean pilatzen bada.

ARDURAZ JOKATZEKO DEIA

Aipatu ditugun eskaerak eta neurriak ez dira inoren gustukoak eta guretzat ere ez da batere erraza izan horrenbeste maite ditugun herriko jaiei muzin egin behar izatea. Baina guztion osasuna jokoan dagoenean, ezin diogu arduragabekeriari inolako zirrikiturik utzi.

Mesedez, izan gaitezen arduratsuak eta bete ditzagun segurtasun neurriak zorrotz, hori izango baita birusa geldiarazteko modurik eraginkorrena.

Konfinamendu garaian erakutsi genuen gizarte arduratsu eta serioa garela, ez dezagun orduko ahalegina alferrik galtzen utzi.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak Santio jairik ez dela izango azpimarratu du eta tabernetako ordutegia murriztea erabaki du
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.