28Iraila2020

004.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak Amasa-Villabonako mapa interaktibo berria aurkeztu du

Udalak Amasa-Villabonako mapa interaktibo berria aurkeztu du

IMG 20200728 122445
Gaur eguerdian udaletxeko batzar aretoan egindako agerraldian Beatriz Unzue alkateak, Xabat Laborde hirigintza zinegotziak eta Ane Garai GISLAN Geographic Applications Koop. kooperatibako teknikariak parte hartu dute. 

Laborde zinegotzia pozik agertu da lortutako emaitzarekin eta eskerrak eman nahi izan dizkie GISLAN kooperatibako langileei "egindako lan mardulagatik". Labordek "gure herriko bazterretan, ibilbideetan eta mendietan ibiltzea maite duten herritarrei eta Amasa-Villabonara datozen bisitariei mapa honetan murgiltzeko gonbidapena" egin die eta mapa dinamikoa izango denez, mapa hobetzen joateko ekarpenak eta proposamenak egiteko deia luzatu du. 

Covid-19aren pandemiak markatutako uda berezi honetan oporretara kanpora joateko aukerak murriztu direnez, herriko ingurunea, kaleak eta naturguneak bisitatu eta ezagutzeko parada ederra dugu eta horretarako tresna sinple, erabilgarri eta oso baliagarria da udalak herritarren eskura jarri duen mapa interaktiboa.

Gainera, udaleko hirigintza eta ingurumen sailaren lanerako ere oso tresna eraginkorra izango da, bertan datu espazial ugari ezarri daitezkeelako (herriko saneamenduaren hoditeria, argiteria publikoaren kokapenak, ur hornidurarako arketak non dauden...) eta elementu horiek guztiak mapa batean geo-lokalizatuta edukitzeak asko erraztuko du udal teknikari eta langileen lana. 

Ondoren, Ane Garai geografoak hartu du hitza eta GISLAN Geographic Applications Kooperatibak egindako lana azaldu eta maparen bisoreak dituen aukerak praktikoki erakutsi ditu ordenagailua eta pantaila bat erabiliz.

Hau da gaurko agerraldian udalak argitaratu duen oharra:

AMASA-VILLABONAKO MAPA INTERAKTIBOA AURKEZTU DU UDALAK

Amasa-Villabonako udalak mapa interaktiboa sortu eta online jarri du eskuragarri, herritarrentzat zein bisitarientzat. Software libre bidezko teknologia berritzailea tarteko, mapak Villabonako informazio andana jartzen dio eskura erabiltzaileari, modu oso intuitibo eta errazean.

Bertan, 8 kategoria ezberdin eta 16 geruzatan sailkatuta, 200dik gora elementu geoerreferentziatu dira, udalerriko kale-izendegiaz, baserriez eta ibilbideez gain. Hala, besteak beste, zerbitzu publikoak, ongizaterako zerbitzuak eta azpiegiturak, ondarea, kirolerako eta aisialdirako baliabideak, mugikortasunari lotutakoak, ibilbideak zein jateko edo lotarako lekuak eta horiei buruzko informazioa jarri da erabilgarri mapan. Aipatu elementu guztietara iristeko Google maps bidezko irisbidea emateko aukera ere gaituta dakar.

Kaleak, baserriak, ibilbideak edota mapak jasotzen duen informazio orotara modu errazean iristeko bilatzailea ere badakar mapak.

COvid-19aren ondorioz bizi dugun osasun krisi egoera dela eta, herri barruko ibilbideak egin, bertatik bertara mugitzeko edota barne turismoa praktikatzeko aukerak indarra hartu duen garaiotan tresna paregabea da mapa hau.

TEKNIKOKI:

Software librearen gainean eraikitako eta informazio publikoan oinarritutako mapa bisore interaktiboa da. Ez dauka lizentzia kosturik eta udalak maparen eta bertako informazioaren gaineko kontrol osoa dauka.

Lau fondo mota ezberdin dakartza: geo Euskadiren ortoargazkia eta oinarri kartografikoa, Gipuzkoako Foru Aldundiaren b5M plataformaren oinarria eta Open StreetMap mapa zerbitzu kolaboratiboaren oinarria.

Inolako aplikaziorik jaisteko beharrik gabe, gailu mugikorretatik bezala, ordenagailuetatik erabili daiteke eta automatikoki egokitzen zaio gailuari.

Ibilbideak egiteari edo udalerritik mugitzeari dagokionez, norbere gailuaren geolokalizazioa aktibatuz gero, norbere kokalekua ikusi eta bidea jarraitzeko aukera ematen duen arren, mapa interaktiboak ez du propio erabiltzailearen informazio pribaturik gordetzen edota hirugarrenen eskura jartzen honen iolako informaziorik.

Beta bertsioa da, eta oraindik hobetu daiteke. Horregatik, erabiltzaile orori ekarpenak egiteko aukera eman eta gonbitea egiten diogu. Mapan bertan daukazu aukera hobekuntzak proposatzeko.

PROIEKTUA:

Maparen lanak proiektu handiago baten barruan kokatu dira. Mapa interaktiboarekin batera, udal mapa toponimikoa eguneratu da (webgunean dago deskargarako PDF bertsioa), udaleko bulego teknikoko langileentzako azpiegitura geoinformatikoa garatu da, eta udalerriko informazio espaziala eguneratu da: BTA edo Base Topografiko Armonizatua (erreferentzia-puntuak, izen geografikoak, erliebea, lur estaldura, eraikuntzak, elementu eraikiak, zerbitzu eta instalazioak, hidrografia eta garraio sareak).

Udalaren kale-izendegia eta atariak (EUSTAT) berrikusi dira.

Udalerriko toponimia guztia Hizkuntza Politikarako sailburuordetzaren eta Euskaltzaindiaren laguntzarekin berrikusi da.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak Amasa-Villabonako mapa interaktibo berria aurkeztu du
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.