28Azaroa2020

010.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Memoria eta Bizikidetza Batzordeak Giza eskubideen urraketak jasoko ditu Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez

Memoria eta Bizikidetza Batzordeak Giza eskubideen urraketak jasoko ditu Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez

Bizikidetza eta memoria batzordea. agerraldia
Amasa-Villabonako Memoria eta Bizikidetza udal batzordeak Aranzadi Zientzia Elkarteaa kontratatzea erabaki du, Amasa-Villabonan azken hamarkadetan izandako giza eskubideen urraketak ikertu ditzan. Izan ere, udaleko alderdi guztiek aho batez onartu dute biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea dutela. Aranzadi Zientzia Elkartea burutzen ari den ikerketa zientifikoaren bidez, Amasa-Villabonan izandako gertakariak eta bertako biktimen kontakizun eta lekukotasunak jaso eta plazaratuko dira.

Gertuko oroimenarekin lotutako lana da, Euskal gatazka bezala ezagutzen dugunarekin lotutakoa. Beraz, 1960an hasi eta gaur egunera arte ikertuko da; diktadura, trantsizioa eta demokrazia.

Herritarren ekarpenak ezinbestekoak

Herritarren laguntza ezinbestekoa da proiektu hau aurrera atera dadin, beraz, testigantzak, argazkiak, oroitzapenak edota ekarpenak eskatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak. Zuk ere zure ekarpena egin nahi izanez gero, idatzi E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera edo deitu 943 46 61 42 telefono zenbakira. Azpimarratzekoa da konfidentzialtasun eta anonimotasuna uneoro errespetatuko direla.

Agerraldi baterarua

Gaur eguerdian Udaletxeko Batzar Aretoan egindako prentsaurrekoan izan dira Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea (EH Bildu), Patxi Agirre PNV-EAJko ordezkaria, Maria Luisa Arija PSEko ordezkaria (azken honek telematikoki parte hartu du) eta Javier Buces Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlaria. Bertan ikerketaren nondik norakoak azaltzeaz gain, hiru alderdiek adostutako testu bat ere irakurri dute.

Adostutako adierazpena

"Bihar, azaroak 10, Memoriaren Eguna ospatuko da. Azken urteotan, egun honen testuinguruan, udalak modu adostuan Euskal Herriko gatazka politikoaren baitan terrorismoak, motibazio politikoko indarkeriak eta gehiegikeria polizialek eragindako biktima guztiak aitortu ditu. Aurtengoan Memoria eta Bizikidetza batzordeak beste urrats bat eman nahi du, giza eskubideen urraketak jasan dituzten herritarren bizipenetara hurbilduko gaituen ikerketa lan bat aurkeztuz.

2016. urtean, Memoria eta Bizikidetza Batzordea sortu zen Amasa-Villabonako udalaren baitan. Udaleko alderdi politiko guztiek osatutako mahaia da, inolako bazterketarik gabe. Foro honek, gure herrian izandako giza eskubideen urraketak ezagutu, argitaratu, aitortu eta ahal den neurrian erreparatzea eta aldi beran herrian elkarbizitza demokratikoa normalizatzea ditu helburu. Elkarrizketaren bidez, ikuspegi eta pentsamendu anitzak entzun, gertatutakoaren azterketa kritikoa egin, desberdintasunak onartu eta giza eskubide guztien errespetuan oinarritutako bizikidetza sustatu nahi dugu.

Oraingoan, egia argitara ateratzeko asmoz, Amasa-Villabonan izandako gertakariak eta biktimen kontakizun eta bizipenak jasoko dituen azterlan bat martxan dugula adierazi nahi dugu. Helburua, izaera zientifikoa duen kontakizun erreal eta integratzaile bat sortzea da. Terrorismoak, motibazio politikoko indarkeriak eta gehiegikeria polizialek eragindako sufrimendu guztiez jabetu nahi dugu, irakurketa integrala eginez eta berriro gerta ez dadin oinarri sendoak ezarriz.

Uste dugu azterketa hau mugarria izango dela gure udalerrian gertatutakoa ezagutzeko. Pairatutako sufrimendu ezberdinetara hurbiltzeko balioko du. Biktima guztiek egia jakiteko, aitortuak izateko eta justizia egiteko eskubidea dute. Ikerketa honek egiara hurbilduko gaitu eta ondorioz, biktima guztien aitortzan aurrera urrats garrantzitsua izango da.

Gure herrian hainbat biktima daude, beren eskubideak urratu dizkieten eta sufrimendu desberdinak jasan dituztenak. Pertsona guzti hauei entzuteko unea da, protagonisten testigantza zuzenak jaso eta argitaratuz. Badakigu ez dela ariketa erraza, orain arte beldurragatik edo beste arrazoi batzuengatik bizipenak partekatu nahi izan ez dituzten pertsonak daudelako eta gaia ez delako erosoa. Azken batean, iragan hurbilaz ari gara eta protagonista gehienak gure gizartearen parte izaten jarraitzen dute.

Hemendik, terrorismoa, motibazio politikoko indarkeria eta gehiegikeria polizialen ondorioz sufritu duten pertsona guztiak animatzen ditugu beren esperientzia partekatzera eta ikerketa honen bidez ezagutzera ematera. Modu horretan, gertatutakoa jasota geratuko da eta ez da ahaztu edo galduko. Gertatutakoa ezagutzea da berriro ez gertatzeko lehen urratsa.

Udal honetako alderdi politiko guztiok aho batez erabaki dugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa duen ikerketa hau garatzea. Horretarako, Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu da, horrelako ikerketetan eskarmentu handia duen erakundea."

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Memoria eta Bizikidetza Batzordeak Giza eskubideen urraketak jasoko ditu Aranzadi Zientzia Elkartearen bidez
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.