20Urtarrila2021

005.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak neurriak hartu ditu hondakinen bilketan emandako atzerapausoengatik

Udalak neurriak hartu ditu hondakinen bilketan emandako atzerapausoengatik

hondakinak ona weberako
Amasa-Villabonako udalak, 2020. urte honetan zehar hainbat elementu kezkagarri egiaztatu ditu hondakinen bilketari dagokionez: 

Gero eta zabor gehiago botatzen da lurrera, edukiontzitik kanpo

Azken hilabeteetan, herri osoan zehar dauden edukiontzien gune guztietan (batzuetan besteetan baino gehiago), lurrean utzitako poltsen kopurua asko hazi da. Udalak jarraipena egin dio arazo honi eta dozenaka argazki eta froga lortu dira. Egoera hau kezkatzekoa da, are gehiago, Covid-19aren pandemia dela eta, edukiontziak guztiz zabalik daudela kontuan hartzen badugu. Gainera, duela hilabete batzuk organikoaren eta errefuxaren edukiontzien ahoak zabaltzeko pedalak ezarri ziren, poltsak barrura sartzeko garaian eskuekin heldu beharrik ez izateko. Beraz, lurrean uzten diren poltsen kopurua handitzea ez da erraz ulertzekoa, eta udalak neurri zorrotzak hartu beharko ditu egoera hau aldatzeko eta edukiontzien guneak behar bezala egotea lortzeko.

Traste zaharrak edozein egunetan uzten dira kalean

Traste zaharrak eta bolumen handikoak, asteazkenetan 20:00etatik 22:00etara atera behar dira, edukiontzien guneen ondoan utzi eta aurretik Tolosaldeko Mankomunitateari jakinarazi behar zaio 943 676216 telefonora deituz. Baldintza hauek aspalditik daude ezarrita baina badirudi herritar askok ez dakitela edo ahaztu egin zaiela, azken aldian edozein egun eta ordutan ikus baitaitezke trasteak lurrean botata. Aipatu behar da tamaina handiko hondakin horiek noiznahi eraman daitezkela Andoaingo edo Tolosako Garbiguneetara.

Gaizki sailkatutako hondakinan organikoaren edukiontzian 

Organikoaren edukiontzian jasotzen denaren gero eta portzentaje handiagoa ez da hondakin organikoa eta poltsa konpostagarrien erabilerak beherakada nabarmena izan du. Hori ere harrigarria da, Udalak doako poltsa konpostagarriak jartzen baititu herritar guztien eskura. Poltsa horiek udal liburutegiaren sarreran dagoen makinan eskura daitezke txartela erabilita. Hondakin organikoak behar bezala ez bereizteak eta edozen poltsa organikoaren edukiontzian botatzeak, organikoaren kalitatea jaisten du eta kalitate hori baxua bada, edukiontzi osoa errefuxa bezala kudeatu beharra ekar dezake. Horrek, gaikako bilketan eta berziklatze tasetan eragin oso negatiboa du eta udalak ordaintzen dituen hondakinen kudeaketa gastuak handitzen ditu. 

Gaikako bilketaren portzentajea beherantz doa eta azken urtetan lehen aldiz %70etik behera jaitsi da

2020ko urtarriletik urrira bitartean, gaikako bilketa %7,8an murriztu da. Datu hau oso kezkagarria, azken urteetako birziklatze tasarik baxuenetan kokatu baikara. Udal gobernuak tasa hau %70etik behera jaisten bazen, bilketa sistemaren gaineko neurri zorrotzak hartuko zituela iragarri zuen eta Tolosaldeko Mankomunitatetik bidalitako azken datuek (2020ko urrikoak) tasa hau %69,46koa dela diote. Beraz, muga-mugan gaude eta beherazko joerak jarraitzen badu, udal gobernuak bilketa sistemaren inguruko erabaki zorrotzak har ditzake. BILKETA DATUAK 2020

Landa inguruko hainbat espaziotan zabortegi inprobisatuak antzeman dira

Amasa, Amasamendi, Legarreta, Otsabi edota Otelarre auzoetan dauden edukiontzi guneetan, gero eta hondakin gehiago agertzen ari dira lurrean botata; moztutako adar eta belarrez betetako poltsa handiak, usteldutako elikagaiak, traste handiak etab. Gainera, mendi guneetan (bereziki Komizar parkean) zabor pilaketa handiak antzeman dira.

Azken asteetan hondakin asko lurrean botata

Azkenaldian, bereziki taberna eta jatetxeak itxita egon diren bitartean, edari latak, janari ontziak eta beste hainbat ondakin agertu dira hainbat tokitan botata; Amasako ermitako estalpean, Remi Ayestaran pasealekuan, Arroa eta Errotako ibai ondoko ibilbideko bankuetan, Kiroldegi atzealdean, Etxeondoko parkean, Txermin auzoko zenbat lekutan etab. 

Udaleko Ingurumen sailak kanpaina berezi bat jarri du martxan arazo hauei irtenbidea emateko asmoz

Jarraipen zorrotzagoa

Zaborra edukiontzi kanpoan edota ez dagokion lekuetan uzteari jarraipen estua egingo zaio. Udaltzaingoak jarraipen berezia egingo dio gai honi eta poltsak lurrean uzten badira, 90 eta 450 euro arteko isunak ezarriko dira. Mendi guneetan sortutako zabortegi inprobisatuen inguruan ikerketak egingo dira. Dagoeneko, zenbait kasutan zaborra nork bota duen identifikatu da eta hauen aurkako lege ekintzak ere martxan jarriko dira. Horrez gain Komizar parkean jarraipen sistema berri bat jarri da martxan; Parkeko mahaiak numeratu egin dira, Udaltzainek mahai bakoitzeko arduradun bat identifikatuko dute eta pertsona hau izango da mahaia eta bere ingurua txukun uztearen arduraduna.

Informazio kanpaina

Nahiz eta gutxiengo batek gaziki egiten duenak irudi negargarriak utzi, herritar gehienek ingurumenarekiko eta zaborren gaikako bilketarekiko jarrera positiboa dute. Amasa-Villabona edukiontzi sistema edukita Gipuzkoa mailan birziklapen tasa handienetakoa zuen herria izan da orain arte.

Hala ere, esan bezala azkenaldian beheranzko joera nabarmena egiaztatu denez, udalak berriro ere biztanleen hezkuntzan arreta jartzea erabaki du:

  • Gutuna administrariei: Datozen egunetan, herriko eraikinetako edo portaletako administrariei gutun bat helaraziko zaie. Gutun horretan udalak osatutako testu bat egongo da IKUSI GUTUNA. Horrekin batera, kartel informatibo bat ere helaraziko zaie eta portalean leku ikusgarri batean jartzeko eskaera egingo zaie IKUSI KARTELA
  • Pegatinak edukiontzietan: Herriko edukiontzi guztietan poltsak lurrean uztea debekatuta dagoela adierazten duen pegatina bat ezarriko da. Horrekin, lurrean agertzen diren poltsa eta trasteen kopurua murriztea espero dute udal arduradunek IKUSI PEGATINA. 
  • Hezitzaileak kalean: Tolosaldeko Mankomunitateko hezitzaileak Villabonako edukiontzien guneetan izango dira datorren astetik aurrera. Gutxienez 6 egunetan egongo dira eta hondakinak botatzera doazen pertsonei gauzak ondo egiteko jarraibideak ematea izango da beraien lana. Hezitzaile hauek ondo prestatutako profesionalak dira eta herritarrei errespetuz tratatzeko deia egiten diegu.
  • Erroldatzen diren pertsonei informazioa: Amasa-Villabonara bizitzera datozenei edota gure herrian erroldatzen direnei hondakinen kudeaketari buruzko informazio eta azalpen zehatzak emango zaizkie. 
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak neurriak hartu ditu hondakinen bilketan emandako atzerapausoengatik
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.