Amasa-Villabonako ostalaritza kalera atera da, bizi duten egoera salatzeko
- Post 2021 Urtarrila 19

Amasa-Villabonako ostalariek deituta, ehunka herritarrek parte artu zuten astelehen arratsaldean "SOS OSTALARITZA" lemapean Villabonako kaleak zeharkatu zituen manifestazioan. Eusko Jaurlaritzak eremu gorrian dauden herrietarako ezarri duen ostalaritzaren itxiera dela medio, urtarrilaren 12tik establezimenduak itxita dituzte eta batzuk etxeko edo eramateko zerbitzua martxan jarri badute ere, egoera honetan ezin dutela biziraun salatu dute.
Honakoa da Amasa-Villabonako ostalariek argitaratu duten aldarrikapen idatzia:
Urtebetez atsekabeak eta sakrifizioak izan ondoren, ustez guztion onerako, fisikoki eta mentalki agortuak, kaltetuak eta, gainera, jazarriak eta kriminalizatuak, ikusten dugu Gobernuak errezeta berari eusten diola oraindik ere, nahiz eta frogatu den ostalaritza ixtea ez dela irtenbidea.
Orain Villabonan gune gorrian gaude, eta neurria betikoa izan da. Ostalaritza ixtea. Eta ezin dugu gehiago. Baina ez da hori bakarrik, irekitzeko aukera ematen digutenean izaten ditugun baldintzak oso nekagarriak dira.
Gipuzkoako beste herri batzuetan bezala, zeinekin harremana baitugu Villabonatarrok, indarrak batzea erabaki dugu, erakundeek entzun gaitzaten, hurrengo bileretan eragile aktibo izan gaitezen, gure lanpostuen alde borroka egin dezagun, eta, lan egiten uzten ez badigute, ordain duinak eman diezazkiguten, eta ez limosnak.
Eta, jakina, diru-sarrerak sortzen uzten ez badigute, tasak, zergak, gizarte-aseguruak eta beste gastu finko batzuk
gutxienez ez kobratzea.
Horretarako, mobilizatzea erabaki dugu. Gu laguntzera gonbidatzen zaituztegu.
Udal gobernuaren babesa
Amasa-Villabonako udal gobernuak bere elkartasuna eta babesa adierazi dio herriko hostalaritza sektoreari (tabernariak, zerbitzariak, sukaldariak, banatzaileak...) eta Beatriz Unzue alkateak eta beste hainbat udal ordezkarik manifestazioan parte hartu zuten, ehunka herritarrekin batera. Udal gobernuak, momentu latza bizi duen herriko ostalaritzari laguntzen jarraitzeko konpromisoa berresten du eta udalak dituen posibilitate eta konpetentzien baitan, itxiera berri honek eragindako kalteak arintzeko neurri berriak hartzeko prestutasuna adierazi du.