27Otsaila2021

005.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Herritar, erakunde eta enpresetara gerturatzeko irudia berritu du Tolosaldea Garatzenek

Herritar, erakunde eta enpresetara gerturatzeko irudia berritu du Tolosaldea Garatzenek

garatzen

Marka eta webgune berria garatu ditu Tolosaldea Garatzenek, inguruko eragileegana gehiago gerturatzea helburu duen komunikazio lan sakonago baten abiapuntu gisa. Garapen agentziaren 7 sailei ikusgarritasuna emate aldera, irudi berriaren egokitzapen bana izango dute aurrerantzean.

Tolosaldea Garatzen garai berrietara egokitu da. 25 urte baino gehiagoko ibilbideadu garapen agentziak eskualdearen etorkizuna eraikiz.

Hain zuzen, datozen urteotarako erronka nagusiak Plan Estrategikoan daude bilduta: kalitatezko enplegua sortzea, ekonomia zirkularraren eredua sustatzea, enpresetan 4.0 teknologia txertatzea, turismo bulego berria, gazteak zientziara gerturatzea…

Horiei guztiei beste erronka bat gehitu zaie: herritar, enpresa eta erakundeengana gehiago gerturatzea.

Horretarako, komunikazio lan sakonago bat abiatuko du Tolosaldea Garatzenek, eta hasiera moduan, marka, iruditegia eta webgunea berritu ditu.

“Herritarrentzat, enpresentzat eta udalentzat baliagarriak diren baliabide asko kudeatzen ditugu gure egunerokoan: diru-laguntzak, proiektu berritzaileak, iraunkortasun politikak, lan eskaintzak, berrikuntza programak, formazio saioak… Horiek denak eskura jarri nahi ditugu. Lehen garrantzitsua zen, baina orain bizi dugun egoeran are garrantzitsuagoa da sarbide hori erraztea”, azaldu du Iker Urruzola, agentziako lehendakariak.

Prozesu luze baten emaitza
2020ko martxoan abiatu zen analisi sakon bat du oinarrian marka berriak. Izan ere, irudiaren nondik norakoak definitzeko, herritar eta eragileek agentziarekiko duten pertzepzioa ezagutu nahi izan da.

76 pertsona elkarrizketatu dira, eta beste 120ren iritziak bildu posta elektronikoz: alkateak, udal teknikariak, ikastetxeak, kazetariak, enpresak, elkarteak, ostalariak…

Ondorioak argigarriak izan dira: garapen agentzia ezagutu arren, askok ez dute egiten den lana osotasunean ezagutzen, ezta zertarako den jakin ere. Are gehiago, gai edo zerbitzu konkreturen batekin lotu izan dute gehienek.

Hori dela eta, garapen agentziako 7 sailei ikusgarritasuna emango zaie, bakoitzak bere azpimarka izanda. Enplegua, Enpresak, Turismoa, Udalak, Ekintzailetza, Aniztasuna eta Kontsumo Bulegoa. “Lortu nahi duguna da, jendeak gure lan arloak ondo identifikatzea eta bakoitzaren atzean entitate oso bat dagoela bistaratzea”, gehitu du Urruzolak. Batasun horretatik abiatzen da, hain zuzen, marka orokorra. Pieza askoren batura irudikatu da, eskualdearen garapena faktore askoren eraginpean dagoelako. Gainera, garapen agentzian esparru askotan eta eragile askorekin egiten da lan, elkarren artean sinergiak baliatuz eta helburuak bateratuz. Partekatua baita helburu nagusia: eskualdearen garapenarekin herritarron ongizatea sustatzea.

Joxe Luis Urdangarin, garapen agentziako arduradunaren hitzetan, ez da aldaketa estetiko soil bat. “Izaera berri baterantz lanean ari garela adierazten duen aldaketa da. Egokitzeko gaitasuna dugu, eta Covid-19aren ondorioei aurre egiteko lehentasunak berrantolatu eta tresna berriak diseinatzen ari gara. Saretzea sustatu, informazioa eman, eragileen zerbitzura egon, eta epe luzerako hausnarketa kolektiboen bidez, estrategia berriak definitu nahi ditugu”.

Euskarri digitalak oinarri
Marka berriarekin, oro har, komunikazioa indartuko du aurrerantzean Tolosaldea Garatzenek, baina bereziki alor digitala auspotuz. Web orria izango da erreferentzia puntu nagusi: www.tolosaldeagaratzen.eus. Guztiz itxuraldatu da, informazioa modu antolatuagoan eta sakonago eman ahal izateko, eta gailu guztietara egokitzeko.

Funtzionaltasun gehiago ere izango ditu. Beste askoren artean, lan-eskaintzak eta lan-poltsak argitaratuko dira, CV-ak uzteko aukera emango du, eskualdeko enpresen proiektuen berri emango da, Lehiberri Zentroko aretoak alokatu ahal izango dira, edo kontsumo alorreko zalantzak argitzen lagunduko da. Datozen asteotan amaituko da eduki guztiaren eguneratze prozesua; hortaz, lehen egunotan baliteke zenbait orrialde oraindik erabilgarri ez izatea. Bestalde, sare sozialetako profilak bateratu eta txukunduko dira, horietan presentzia areagotzeko helburuarekin. Hemen zerrenda:
● Facebook: @tolosaldeagara
● Twitter: @TolosaldeaGara
● Instagram: @Tolosaldeagaratzen
● LinkedIn: Tolosaldea Garatzen
● LinkedIn (Enpresak): Tolosaldea Enpresak Garatzen
● YouTube: Tolosaldea Garatzen

Tolosako Chroma Estudioa arduratu da marka berriaren, nahiz web orri berriaren garapenaz.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Herritar, erakunde eta enpresetara gerturatzeko irudia berritu du Tolosaldea Garatzenek
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.