Eusko Jaurlaritzak EAEko herri guztien itxiera perimetrala agindu du, astelehenetik aurrera
- Post 2021 Urtarrila 22
Gehienez lauko taldetan elkartu ahal izango da eta neurriak gutxienez 15 egunez egongo dira indarrean, astelehenetik hasita.
Beraz, Amasa-Villabonak perimetralki itxita jarraituko du eta astelehenetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerri guztiak egongo dira egoera horretan, Euskadiko Babes Zibileko Planaren batzorde teknikoak (LABI) egindako txostenetan oinarrituta, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen batzorde aholkulariak hartu duen erabakiaren ondorioz. Horrenbestean, azken astean bezalaxe, Amasa-Villabonatik ateratzeko edo bertara sartzeko, justifikatu daitekeen arrazoi bat izan beharko dugu eta arrazoi horiek indarrean den alarma egoera ahalbidetzen duen dekretuan biltzen dira.
Horrekin batera, talde batean elkartu daitekeen jende kopuruan ere murrizketak ezarriko dira. Orain arte sei laguneko taldeetan elkartzeko aukera baldin bazegoen, astelehenetik aurrera lauko taldeetan elkartu ahal izango dugu gehienez, eremu pribatu zein publikoan.
Neurri horiek guztiak urtarrilaren 25eko 00:00etan sartuko dira indarrean eta gutxienez 15 egunez luzatuko dira. Dekretua argitaratzen denean albiste honetan kontsultatu ahal izango da.