05Martxoa2021

010.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udal Gobernuaren balorazioa 2021eko aurrekontuaz

Udal Gobernuaren balorazioa 2021eko aurrekontuaz

IMG 7730

Pasa den urtarrilaren 26an izandako udalbatzaren Oosoko Bilkuran, 2021erako udal aurrekontuak onartu ziren, udal gobernuaren (EH Bildu) aldeko 7 botorekin, 5 abstentziorekin (EAJ-PNV) eta kontrako boto bakarrarekin (PSE). Hori horrela, udal gobernu taldeak aurrekontuen eta aurrekontuak onartzeko egin den ibilbidearen balorazioa plazaratu nahi izan du eta Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak prentsaurreko bat eskaini zuten atzo, udaleko batzar aretoan.

Honakoa da udal gobernu taldeak konpartitu duen balantzea:

Aurrekontuaren zifra nagusiak:

  • AURREKONTU OSOA: 6.859.326 euro

• Pertsonal gastua: 2.425.039,60€
• Udal Zerbitzu Orokorrak: 2.661.501,80€
• Dirulaguntzak eta ekarpenak: 923.496,48€
• Inbertsioak: 646.588,12€
• Finantza gastuak: 202.700€

Udal gobernu taldearen ustez, aurrekontu hau ez da ohiko udal aurrekontu bat, Covid-19ak eragindako egoerak dena errotik aldatu baitu. Beraz, 2021ekoak ez-ohiko aurrekontuak direla esan daiteke, Koronabirusaren osasun krisiak berarekin dakartzan krisi ekonomiko eta sozialari herriko erakunde publiko gisa behar bezala erantzuteko tresna gisa ulertzen dugu. Egoera honetan, ezin dugu pandemiaren eboluzioarekin gertatu daitekeenaren zain egon eta udalak politika aktibo eta eraginkorrak garatu behar ditu, ikuspuntu aurrerakoi batetik.

Lehentasunak eta helburuak argi
Udalaren lehentasun nagusiak, Amasa-Villabonako herritarren ongizatea bermatzea, giza eskubideak errespeta daitezen pertsona guztien oinarrizko beharrizanak asetzea eta herriko ekonomia suspertzea izango dira. Testuinguru honetan inoiz baino gehiago, pertsonak erdigunean jarri ditugu, krisi honek egoera zaurgarrienean dauden sektoreen pobrezia egoera eta gizarte bazterketa arriskua areagotu ez ditzan. Ondorioz, udalak bere baliabide eta tresna guztiak herritarren ongizatearen eta herriko jarduera ekonomikoa laguntzearen mesedetara bideratu behar dituela pentsatzen dugu.

Mailegu bat eskatuko da, diru-sarreren jaitsiera konpentsatu eta murrizketarik ez egiteko
Udalak azken urteetan izandako gastu maila mantendu ahal izateko eta ondorioz gastu murrizketak egin beharra saihesteko, ezinbestekoa da aurten mailegu bat eskatzea. Mailegu hori 575.000 euro ingurukoa izan daitekeela aurreikusten dugu. Honekin, gehienbat udalak Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotzen duen finantziazioaren (Foru Funtsaren) beherakada konpentsatuko litzateke. Udalaren zor publikoaren egoera osasuntsua denez, mailegu honek ez du etorkizuneko aurrekontuen egonkortasuna baldintzatuko eta momentu honetan sekulako mesedea egingo du.

Aldaketa nagusiak Gastu Arruntean
Aipatutako lehentasun eta helburu nagusiak kontuan izanda, hauek dira 2021. urteko aurrekontuaren gastu arruntean jasotzen diren aldaketa aipagarrienak:

  • Igoera esanguratsuak Gizarte Zerbitzuetan, Kulturan eta Zerbitzu Orokorretan

Udalak ahalegin berezia egin du Gizarte Zerbitzuen saila indartzeko eta sail honen aurrekontuak %7,6eko igoera izango du. Covid-19ak eragindako krisi ekonomiko eta sozialak pertsonen oinarrizko beharrizanak areagotuko dituela aurreikusten dugu eta egoera horri erantzun bat eman behar zaio. Ondorioz, Gizarte Larrialdietarako Laguntzetara bideratutako dirua %32an igo dugu eta Covid-19ak eragindako egoerei erantzun bat emateko ez-ohiko laguntza lerro berri bat jarriko da martxan. Aipagarria da 2019ko aurrekontuarekin alderatuta, sail honetako aurrekontua %39a igo dela, datu honek udal gobernuak herritarren ongizatearekin duen konpromiso sendoa agerian uzten du.

Jakina denez, kulturarena da Covid-19aren eragina gehien pairatu duen sektoreetako bat. Ondorioz, kultura sailean diru gehiago inbertituko da. Aurten %7,4an igo da kultura sailaren aurrekontua eta aipagarria da ohiko kultura ekintzetara bideratutako aurrekontuak %10eko igoera izango duela. Kultura sektoreari bultzada bat ematea eta herritarrei kultur programazio zabal eta aberatsa eskaintzen jarraitzea da egindako aurrekontu gehikuntza honen helburua.

Udalaren Zerbitzu Orokorrei dagokionez, 2021ean %10eko aurrekontu igoera izango dute. Igoera honek gehienbat udal administrazioaren digitalizazio prozesuan eman nahi dugun aurrera pausuari erantzuten dio. Aurten, herritarrek udalarekin duten harremana errazteko eta udaleko lanetan tresna digitalen erabilera txertatzeko prozesu bat jarriko da martxan.

  • Igoerak Hezkuntzan eta Ingurumenean

Ingurumen sailak ere aurrekontuaren hazkunde azpimarragarria izango du, aurrekontua %15,5ean igoko delarik. Igoera honek neurri handi batean 2021erako aurreikusten den hondakinen kudeaketaren garestitzeari erantzuten dio. Hala ere, diru partida berriak ere sortu dira, besteak beste, errekak garbitzeko, Amasamendiko mantenu lanak egiteko edo larre komunaletarako.
Hezkuntzara bideratuko den aurrekontua ordea, %24,3an igo dugu.

  • Gastu maila mantentzen da Hirigintzan, Euskaran eta kirolean

Hiru sail hauetako aurrekontuak ia bere horretan mantentzen dira 2021ean eta sailetako teknikariek egindako hainbat proposamen onartu eta txertatu dira.

  • Murrizketa nagusiak Udal Gobernuaren gastuetan eta Udaltzaingoan

Udal gobernuak, bigarren urtez jarraian, bere gastuak murriztuko ditu 2021ean. Orotara %10,5ean murrizten dira alkatetzaren eskuetan dauden gastuak. Aipatzekoa da dagoeneko 2020an %26ko murrizketa egin zela arlo honetan. Komunikazioan, aholkularitzan, dietetan eta protokolo gastuetan egon dira azken bi urte hauetako diru aurrezpenik aipagarrienak. Kontutan hartu behar alkatetzako soldaten gastuak ez direla hemen kokatzen, bestela, murrizketa askoz ere handiagoa litzateke. Udaltzaingoari dagokionez %11,23ko gastu murrizketa egin da. Udal Gobernuak udaltzaingoak berak egindako murrizketa proposamena onartu du.

Dirulaguntzak: 923.496,48 €

Udalak herriko elkarteei ematen dizkien dirulaguntzen aurrekontua %3,7an igoko dugu aurten. Ez dugu murrizketarik egin nahi izan hemen, garrantzi handia ematen baitiogu aisialdi, kultur edota kirol elkarteek gure herrian egiten duten lanari, eta hori bultzatzen jarraitu behar dugula iruditzen zaigulako.

2021eko inbertsioak: 646.588,12 €

2021ean aurreikusten ditugun inbertsioei dagokionez, batzuk azpimarratu nahi genituzke; Olaederra kiroldegiko teilatua eraberritzeko lanetara bideratuko den inbertsioa da ekonomikoki handiena (ia 165.000 euro) eta inbertsio honekin batera kiroldegiko kantxa ere berritu nahi genuke. Proiektu hau errealitate egin dadin, ezinbestekoa izango zaigu Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol azpiegituretarako bideratzen duen dirulaguntza eskatzea, eta horixe egingo dugu. Eskola publikorako inbertsioak mantendu dira eta aurten ere 70.000 euro bideratuko dira Fleming Herri Eskolako instalakuntzak hobetzeko lanetarako. Garrantzitsua iruditzen zaigu eskola publikoari laguntzen jarraitzea eta urteroko inbertsio-planarekin jarraitzea. Bestalde, aurtengo beste inbertsio aipagarri bat, energia planarekin lotutako inbertsioena da. 2020an zehar osatzen aritu garen Amasa-Villabonako energia planak, energia kontsumoaren aurrezpen handi bat eta energia ereginkortasunean hobetzea lortzeko inbertsio-plangintza bat jasotzen du. Inbertsio hauen bidez, udalak energia horniduran eta kontsumoan urtero izaten duen gastua murriztuko da, aurrezpen ekonomiko nabarmena lortuko delarik eta gainera ikuspuntu ekologiko batetik, Amasa-Villabona lehen mailan kokatu nahi dugu mundu osoan garatzen ari den trantsizio energetikoaren alorrean. 

Oposizioaren lanaren balorazioa
Aurtengo aurrekontuek duten garrantzi berezia kontuan hartuta, ez genuen espero oposizioko alderdiek izan duten jarrera eta ekarpen eraikitzaileak edo proposamenak egiteko erakutsi duten borondate falta. Gobernutik sekula baino erraztasun gehiago eskaini nahi izan dizkiogu oposizioari, aurrekontu proposamena aztertzeko eta beren ekarpenak egiteko. Aipatu nahi dugu abenduaren 10etik urtarrilaren 4ra arteko epea eman zaiela alkatetzari proposamenak aurkezteko.

Aipagarria iruditzen zaigu oposizioko alderdi nagusia den EAJ-PNVk proposamen bakar bat ere aurkeztu ez izana. Hau ez dator bat EAJko ordezkariek behin eta berriz aipatzen duten oposizio eraikitzailea egitearekin. Gure ustez eraikitzailea izateko eta elkarlanean aritzeko ezinbestekoa da ekarpenak egitea edo proposamenak mahai gainean jartzea. Ezertxo ere ez egitea eta gero bozketan abstentziora jotzea ez zaigu jokabide eraikitzailea iruditzen.

PSEko ordezkariari dagokionez, esan behar dugu bere jokabideak zur eta lur utzi gaituela. Aipatzekoa da epearen barruan proposamen batzuk helarazi zizkigula eta horietako bi aurrekontuan txertatzea erabaki dugula. Ondorioz, urtarrilaren 19an izandako udaleko Ogasun Batzordean aurrekontuen aldeko bozka eman zuen. Ez dakigu ordutik zer gertatu den, baina denon harridurarako, osoko bilkuran kontrako bozka eman zuen "alderdi arrazoiak" argudiatuta. Alegia, badirudi PSEk debekatua" duela EH Bilduko udal gobernu batek aurkeztutako aurrekontuei babesa ematea, naiz eta aurrekontu horiekin ados egon. Arija andreak herritarren ongizatean pentsatu beharrean alderdi interesak lehenesten dituela egiaztatu dugu eta hori penagarria iruditzen zaigu.

Elkarte, eragile eta norbanakoen ekarpenak jaso ditugu
Aurrekontuak onartzeko prozesu honetan, telematikoki ekarpenak egiteko aukera ezarri genuen eta herriko hiru elkarteren eta hainbat norbanakoren proposamenak jaso dira. Proposamen horietako batzuk aurrekontuan txertatzea erabaki dugu. Hala ere, udal aurrekontuak osatu, eztabaidatu eta onartzeko ibilbidean herritarrekin eta elkarteekin lanketa askoz ere zabalagoa egin beharko litzatekeela pentsatzen dugu eta horregatik ez gaude pozik. Tamalez, Covid-19ari erantzuteko ezarri diren prebentzio neurriek ezinezko egin digute herritarrekin aurrez aurreko batzarrak egitea, elkarteetako kideekin egotea etab. Datorren urtean parte hartze maila handiagoa lortzeko helburua jarri diogu gure buruari.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udal Gobernuaren balorazioa 2021eko aurrekontuaz
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.