
- 2021 Urtarrila 18
Karpa handi bat ezarri da Arratzaingo eskola eremuan
Amasa-Villabonako udalak, Fleming herri eskolako guraso elkartearekin elkarlanean, karpa handi bat (15x30 metrokoa) alokatu eta ezarri du Arratzaingo eskola eremuko patioan.
Modu horretan, euria ari duen egunetarako Arratzaingo eskola gunean aritzen diren Fleming Herri Eskolako eta Erniobea BHI-ko ikasleek aire libreko eremu estali zabalagoa izango dute erabilgarri, Covid-19aren kontrako prebentzioa hobetuko delarik.
Karpa hau gutxienez ikasturtea amaitu arte egongo da ezarrita, ekainaren amaiera arte eta egoerak eskatuko balu, denboran behar bezain beste luzatuko da.

- 2020 Abendua 23
Udalbatzak euskal presoen urruntzearekin amaitzea eskatu du
Pasa den asteartean egindako Osoko Bilkuran, Amasa-Villabonako udalbatzak udal gobernuak aurkeztutako Erakunde Adierazpena onartu zuen gehiengo osoz. Adierazpenak EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien babesa izan zuen eta PSEko ordezkaria abstentziora jo zuen, beraz, onartua izan zen aldeko 12 boto eta abstentzio bakarrarekin.
Erakunde Adierazpen honen bidez, udalak euskal presoei legedi penitentziario arrunta aplikatzeko eta salbuespenezko politikekin (batez ere presoen urruntze eta dispertsioarekin) amaitzeko eskatzen dio espainiar gobernuari.

- 2020 Abendua 15
Nola eragiten digute droga legalek? Prebentzio kanpaina herriko gaztetxoentzat
Abenduaren 19an GazteTopaLaket!! prebentzio programa antolatu du Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak. 10-14 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua dago programa eta honen bidez, alkohola, tabakoa eta kafeina bezalako droga legalen eraginen inguruan sentsibilizatu nahi dira partehartzaileak.
Larunbateko 16:00etatik 19:00etara izango da hitzordua, Villabonako Berdura plazan. Parte hartu nahi dutenek ez dute aurrez izena eman behar, bertara gerturatzearekin nahikoa izango da.
GazteTopaLaket!! programak 3 orduko iraupena izango du eta 3 edo 4 espazio/dinamika gauzatuko dira: