
- 2020 Abendua 09
Udal Gobernuak babesa agertu die Haurreskolak partzuergoko langileei
Haurreskolako langileen lan baldintzak bermatzeko greba deialdia luzatu dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. Abenduaren 10 eta abenduaren 16rako greba deialdiak egin dituzte.
Amasa-Villabonako udal gobernuak bere babesa erakutsi nahi izan die Haurreskolak partzuergoko langile guztiei eta bereziki Villabonako Seaska haur eskolako langileei. Era berean, Amagoia Agirre hezkuntza zinegotziak gutuna igorri dio Jokin Bildarratz sailburuari. Gutun horretan honako eskaera luzatzen dio Amasa-Villabonako zinegotziak hezkuntza sailburuari: “Haurren hezkuntza eskubideak ahal hoberen betetzeko, hezkuntza zerbitzu honen kalitatea bermatzeko eta lan hitzarmena eta adostuta dauden akordio guztiak behar bezala gauzatzeko, Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua beharrezkoa den guztia handitzea datorren urteko aurrekontu legean”.

- 2020 Abendua 07
Amasa-Villabonako udalak "Geuretik Sortuak" kultur egitasmoan parte hartuko du
2021. urte osoa eta 2022aren lehen erdia hartuko dituen kultur proiektu berri honek, euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu.
2020an zehar luze eta zabal hausnartu da euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutatu ahal izan da Euskal Herri osoan islada izango zuen proiketu bat abiatu beharra zegoela. Izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zenbateraino diren beharrezkoak artea eta kultura gurean, gure herriaren kontakizun sentikorraren lekuko izan daitezen; baina urgentziazko beste egoera bat ere badugu, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela.

- 2020 Abendua 01
Udalak Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria banatu du
Urtero bezala, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria aurkeztu da eta Amasa-Villabonako udalak herriko ikastetxeetara banatu du, ikasle bakoitzak katalogoa etxera eraman dezan.
Katalogoa.eus web-orriak ia 11.000 produkturen erreferentziak jasotzen ditu. Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota jostailu eta jokoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute, beste urte batez, Euskal Herriko 105 bat udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk (tartean Amasa-Villabonako euskara zerbitzuak). Aurtengoa 22. edizioa da.