
- 2021 Otsaila 10
Inauteriak ez direnez ospatuko, Tolosara ez joateko deia
Duela aste batzuk Tolosako udalak jakinarazi zuenez, Covid-19ak eragindako ez-ohiko egoera dela eta, aurtengoan ez dira Tolosako Inauteri entzutetsuak ospatuko. Jakina denez, Tolosaldeko herrietako biztanleok ohitura handia dugu inauterietan Tolosara joateko baina aurten hori ez egiteko deia zabaldu behar dugu. Gogoan izan behar da gaur gaurkoz udalerrien itxiera perimetrala indarrean dagoela eta ondorioz debekatuta dagoela Amasa-Villabonatik irtetea. Soilik osasun, zaintza, lan edo helburu horietako garraio arrazoiak direla medio, irten ahal izango da gure herriko mugetatik.
Beraz, Tolosako udalak egin duen bezalaxe, Amasa-Villabonako udaletik ere, egun hauetan Tolosara ez joateko deia egiten dugu. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak ezarritako prebentzio neurriak uneoro betetzeko deia egiten dugu, bakoitza bere herrian geratuz, 4 pertsonatik gorako taldeetan ez elkartuz etab. Izan gaitezen arduratsuak.

- 2021 Otsaila 09
Etxeko hegaztiak erregistratu behar dira eskualdeko nekazaritza bulegoan
Basoko zein etxeko hegaztietan hegazti gripearen zenbait kasu atzeman dituzte azken asteotan, Euskal Herrian.
Europa ekialde eta iparraldeko hegaztien migrazioa dela-eta, birus horren influentzia areagotu egin da eta Europako hegoaldera eta mendebaldera hedatzeko arriskua dago.
2020ko uztailean hegazti ustiategietako jabeak biosegurtasun neurriak hartzera behartu zituzten. Autokontsumorako ustiategien kasuan, asko ez daude erregistratuta, beraz, etxeko hegaztiak dituztenei eskualdeko nekazaritza bulegoan hitzordua hartzea eskatzen zaie hegaztiak erregistratzeko.

- 2021 Otsaila 09
Asfaltatze lanak egin dira SACEM industrigunean
SACEM industria poligonoko hegoaldeko bidea (Anoeta aldera ematen duena) oso egoera txarrean aurkitzen zela eta ibilgailuak pertatik pasatzeko zituzten zailtasunak kontuan hartuta, bide hori asfaltatzea eta errepide duin batean bilakatzea lortu da. Horrela, hemendik aurrera bertako industria jarduerarako azpiegiturak nabarmen hobetu direla esan daiteke, batez ere kamioiek industrigune osoa zeharkatzeko aukera izango dutelarik.
Inbertsio berri honek finantziazio publiko-pribatua izan du, Arteca Caucho Metal S.A. enpresak eta Amasa-Villabonako udalak ordaindu baitute obra. Udal gobernua pozik agertu da emaitzarekin eta herriko industria jarduera bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du.