05Abendua2019

006.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak

Kategoria: Albisteak

IMG-20191008-WA0023

Udalak bat egiten du Tolosaldeko "Egin On eta On Egin!" ekimenarekin

Etengabeko hazkundea eta ekonomia linealean oinarritutako gaur egungo kontsumo ereduak sortzen dituen hondakinen kudeaketa gizartearen funtsezko kezkatako bat bilakatu da: horien artean, elikagaiak xahutzearena. Jana bazterrean uztea eta botatzea elikagaien prozesuaren etapa guztietan gertatzen da: ekoizteko orduan, kontsumitzerakoan, banatzerakoan, saltzerakoan eta sukaldatzerakoan. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) jotzen du gure kontsumorako ekoiztutako elikagaien heren bat ez dela inoiz kontsumitzen, galdu edo xahutu egiten da: Tolosaldean guztira, 8.500 tona (179 kg urtean pertsonako).

Gehiago irakurri...

Kategoria: Nabarmenak

Protesta-Catalua-presos-politicos

Udalak Adierazpena kaleratu du kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaia salatuz eta mobilizazioa deitu du ostiralerako

Amasa-Villabonako udalak gaur izandako Tokiko Gobernu Batzordean astelehenean ezagutzera eman zen Kataluniako buruzagi independentistak zigortzen dituen epaiaren kontrako Erakunde Adierazpena onartu du. Adierazpena EH Bildu eta EAJ-PNV talde politikoen artean adostu da eta PSEko ordezkariak kontra bozkatu duen arren, gehiengo osoz onartua izan da. 

Besteak beste, Amasa-Villabonako udalak elkartasuna adierazten die "Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei", Estatuko botereei eskatzen die, "espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala" eta bat egiten du datorren larunbatean Gure Esku-k Donostian antolatu duen mobilizazioarekin.

Ostiralean 12:00etan elkarretaratzea udaletxe aurrean

Udalak ostiral honetan urriak 18, 24 orduz Askatasuna leloa izango duen pankarta bat ezarriko du udaletxearen kanpoaldean eta eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean.

Honakoa da gaur EH Bildu eta EAJ-PNV taldeen aldeko botoarekin onartua izan den Erakunde Adierazpena:

ERAKUNDE-ADIERAZPENA

1. Amasa-Villabonako udalak ziurtatzen du demokraziaren adierazpen baketsua, indibiduala zein kolektiboa, gauzatzea eta herriari hitza ematea ez dela delitua. Hori horrela, urriak 1eko erreferenduma tresna demokratiko eta zilegia izan zela, eta Kataluniak bezala Euskal Herriak ere, berezkoa dutela etorkizuna erabakitzeko eskubidea.

2. Amasa-Villabonako udalak argi eta garbi adierazten du ezin direla justifikatu Auzitegi Gorenak eta Estatuko botereek Kataluniako agintari eta gizarte eragileei bizkarreratutako auzia eta ezarritako zigorrak.

3. Amasa-Villabonako udalak nabarmentzen du Kataluniako Proces-aren aurkako auziak eta epaiak Zuzenbide Estatuaren itxuragabetzea dakartela eta ezbaian jartzen dutela espainiar demokraziaren homologazioa nazioartean.

4. Amasa-Villabonako udalak azpimarratzen du euskal herritarrei zuzenean eragiten digula Estatu espainiarraren erantzun bortitzak, izan ere herrien borondatea era demokratiko eta baketsuz erabakitzea mozten baitu eta arazo politikoari tribunalen indarrez, 155. Artikuluaren ezarpenez edo erabakitze eskubidearen alde egiten dutenei edonolako neurri bidegabeak ezarriz, irtenbide elkarrizketatu eta negoziatua bilatu ordez eta herriari galdetu beharrean.

5. Amasa-Villabonako udalak Estatuko botereei eskatzen die, espetxean dauden preso politikoak berehala aske utz ditzala eta era berean, erbesteratu politikoen aurkako auzibideak bertan behera utz ditzala.

6. Amasa-Villabonako udalak elkartasuna adierazten die Kataluniako preso eta erbesteratu politikoei nahiz haien etxekoei hala nola Kataluniako herriari eta erakundeei, eta herritarrei dei egiten die bat egin dezaten herriari hitza ematearen aldeko ekimen baketsuekin, demokraziaren eta askatasunaren alde.

7. Amasa-Villabonako udalak datorren urriaren 19an Gure Esku-k Donostian egingo duen manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten du.

8. Amasa-Villabonako udalak ostiral honetan urriak 18, 24 orduz Askatasuna leloa izango duen pankarta bat ezarriko du udaletxearen kanpoaldean eta eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egingo du udaletxe aurrean.


Amasa-Villabonan, 2019ko urriaren 15ean

 

Kategoria: Nabarmenak

1562646639 589835 1562671997 noticia fotograma

Udalak diru laguntza bideratu du pasa den udan Nafarroan izandako uholdeen ondorioei aurre egiteko

Amasa-Villabonako Tokiko Gobernu Batzarrak aho batez erabaki du gaur Tafallako "Uholdeak 2019 laguntza taldea" elkartearekin hitzarmen bat sinatzea, erabaki honen ondorioz, pasa den uztailean izandako uholde suntsitzaileei aurre egiten laguntzeko 600 euro bideratuko dira.

Amasa-Villabonako udal gobernuaren iritziz, garrantzitsua eta Euskal lurraldeen arteko elkartasuna antolatzea eta horrelako ezbeharrak jasan behar izan dituzten herriei ahal den neurrian laguntzea. Bestalde, herri hauetan uholdeen ondoren garatutako auzolana eredugarria izan zela azpimarratu da.

Honakoa da gaur onartu den hitzarmenaren edukia:

Nafarroako Erdialdeko uholdeen aurrean hitzarmena

Lehengo uztailaren 8an jazotako eurite ugariek eta Zidakos ibaiaren uholdeek Nafarroako Erdialdeko herri anitz (Tafalla, Erriberri, Puiu, Beire, Pitillas, Orbaibar, Bizkaia ibarra…) gogor kolpatu dituzte, Nafarroako Gobernuak zonaldea hondamen-eremutzat hartuz. Etxebizitza, garaje eta saltokietan kalte handiak sortzeaz gain, oinarrizko azpiegiturak, kaleak, komunikabideak eta nekazal bideak kaltetuak izan dira. Konpondu ezinezko kaltea izan da Gardalain (Nafarroako Bizkaian) herriko Zeru Cañada gaztearen heriotza.

Hondamen honi elkartasunezko Auzolan batekin erantzun zaio, kalteturiko herriei kemena itzuli diena. Hala ere, ohiz kanpoko egoera hauetan Euskal Herria osoak aho batez erantzun beharko luke, senideak diren herri hauei nork bere aukeren arabera lagunduz. Horregatik, Auzalan ekonomiko bat proposatu nahi dugu, herri bakoitzaren aukeren araberakoa, kalteturiko zonaldea berreraikitzen lagunduko duena.

Ondorioz, Udalak ondorengo HITZARMENA onartzen du:

Lehenik.- Amasa-Villabonako Udalak Nafarroako Erdialdean kalteturiko pertsona eta herri guztiekin, eta bereziki Zeru Cañada gaztearen familiarekin, elkartasun osoa adierazten du.

Bigarrenik.- Herri hauetako azpiegitura eta zerbitzuen berreraikuntzan laguntzeko xedearekin, 600 euroko diru laguntza onartzen da.

Hirugarrenik.- Amasa-Villabonako Udalak bere herritarrei auzolan ekonomiko honetan parte hartzeko gonbitea luzatzen die, kalteturiko udalek horretarako ireki dituzten kontu korrontetako batean nahi duten diru laguntza egiteko.

Laugarrenik.- Amasa-Villabonako Udalak bere herritarrei hitzarmen honen berri emanen die bere irispidean dauden medioen bitartez.


Amasa-Villabonan, 2019ko urriaren 15ean

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albisteak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu