Udalak "Etxealditik Euskaraldira" ekimenean parte hartzeko deia egiten du

etxealdia-banner HD

Amasa-Villabonako udalak bat egiten du konfinamendu egoera honetan Euskaraldiak martxan jarritako ekimen berri honekin eta herritarrei parte hartzeko deia egiten die. Gure hizkuntza kalean erabiltzea oso garrantzitsua izanik ere, orain etxean gaudenean, internet sarean, sare sozialetan, bideo-deietan etab. gure hizkuntza ahoan izatea ere, ezinbestekoa da euskarak behar duen lekua izan dezan. 

ETXEALDIA ekimenaren webgunea: 

https://euskaraldia.eus/etxealdia/

Ohitura aldaketa etxean hasten da

Elkar ikustea, besarkatzea, ukitzea ia ezinezkoa zaigun honetan, inoiz baino ageriago gelditu zaigu elkarren beharra daukagula: elkarrekin komunikatzeko beharra, hitz egiteko beharra. Horregatik, COVID-19 koronabirusak eragindako alarma egoeran bizitzea tokatu zaigun etxealdian inoiz baino gehiago hitz egiten ari gara elkarrekin, bai zuzenean etxean ditugunekin, eta baita teknologiaren bitartez, lagun, ezagun eta ezezagunekin ere.

Komunikatzeko, hitz egiteko, elkarrekin aritzeko behar horren oinarrian, hizkuntza dago. Horregatik, proposamena dugu zuentzako: hasiko gara hizkuntza ohiturak etxetik aldatzen?

Apirilaren 20tik maiatzaren 3ra etxean eta etxetik ditugun harremanetan (gertukoekin ditugun harreman horietan) ditugun hizkuntza portaerak aztertu eta horiek aldatu edo finkatzeko ariketa da proposatzen dizuguna. Horrela etxetik hasiko gara prestatzen azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo dugun Euskaraldia, euskara gehiago, gehiagorekin, gehiagotan erabiltzeko.

Animatu eta parte hartu!