Nigerian gehiegikeria polizialarekin amaitzea eskatu dute Villabona eta Zizurkilen

IMG 0383 tokikom 700x700

Divina Nigeriako emakumeen elkarteak deitu du gaurko manifestazioa eta Villabonako Errebote plazatik Zizurkilgo Joxe Arregi plazara bitarteko bidea egin dute.

Gehiegikeria polizialaren aurkako gizarte mugimendua sortu da Nigerian azken hilabete hauetan. EndSars izena hartu du eta Nigeriako indar polizial bati egiten dio erreferentzia, Special Anti-Robbery Squad, SARS. "Indarkeria erabiltzen dute gazteriaren kontra eta jendea hiltzen ari dira. Gure eskubideen alde ahotsa altxa nahi dugu eta behingoz gehiegikeria polizialarekin amaitzea eskatzen diogu Nigeriako gobernuari. Gobernantza berria behar du gure herrialdeak", esan dute Oghogho Nancy Orumwensek eta Marisa Isoken Giani Graglia Divina Nigeriako emakumeen elkarteko kideek.

Nigerian bertan manifestazio jendetsuak egin dira urrian zehar eta #EndSARS traolarekin milioika txio zabaldu dira twitterren. Nazioarte mailan ere Nigeriako herritarrei elkartasuna adierazteko mobilizazioak burutu dira.

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek beren babesa adierazi diete mobilizatu diren emakume nigeriarrei eta hainbat udal ordezkari ere batu dira protestara.