27Urtarrila2021

004.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Amasa-Villabonako udalak "Geuretik Sortuak" kultur egitasmoan parte hartuko du

Amasa-Villabonako udalak "Geuretik Sortuak" kultur egitasmoan parte hartuko du

EoO4F6MXIAEnLfe

2021. urte osoa eta 2022aren lehen erdia hartuko dituen kultur proiektu berri honek, euskara hutsean sortutako literatura, antzerkigintza eta zinemagintza lehen lerroan jartzea du helburu.

2020an zehar luze eta zabal hausnartu da euskal kulturak egun bizi duen egoeraren inguruan, eta bertatik ondorioztatutatu ahal izan da Euskal Herri osoan islada izango zuen proiketu bat abiatu beharra zegoela. Izan ere, COVID-19ak eragindako pandemiak agerian utzi du zenbateraino diren beharrezkoak artea eta kultura gurean, gure herriaren kontakizun sentikorraren lekuko izan daitezen; baina urgentziazko beste egoera bat ere badugu, euskara hutsean sortzen eta hedatzen den artea gero eta urriagoa dela.

Euskal Herri osoko 25-30 udalerrik parte hartuko dute

Egoera horri, beraz, eman nahi dio buelta Udalbiltzak antolatu duen "Geuretik Sortuak" proiektuak, bere indargune eta tresna propioak erabiliz eta bere ibilbidean zehar aliaturik potenteenak izan dituen horien laguntzaz: udalerriak, alegia. Horrela, 25-30 udalerrik parte hartuko dute lurraldetasun orekari eta tamaina aniztasunari erreparatuta, eta eurak izango dira proiektutik aterako diren sormen lanen laborategi eta eszenatoki.

Hurrengo asteetan ekimenera herri gehiago batuko diren arren, ez da makala dagoeneko Geuretik Sortuak proiektuak bere gain duen udalerrien zerrenda: Durango, Usurbil, Oiartzun, Larrabetzu, Zuia, Artziniega, Oñati, Leitza, Lesaka, Bera, Lexantzu-Zünharre, Amasa-Villabona, Zestoa, Arrigorriaga, Zaldibia, Tafalla, Uztaritze, Etxarri-Aranatz, Bergara, Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosillak eman dute dagoeneko parte hartzeko baiezkoa. Lapurdiren, Nafarroa Beherearen eta Zuberoaren kasuan, udal hauteskundeak duela gutxi izan zituztenez, beranduago hasi ahal izan da eurekin lanketa; eta, beraz, hurrengo asteetan joango da osatzen herrialde hauetako zerrenda.

Plateruenako ekimenean, halaber, hainbat herritako ordezkari izan ziren gonbidatu gisa; besteak beste, Ane Abanzabalegi eta Julián Ríos, Durangoko zinegotziak; Beñat Larrañaga, Usurbilgo zinegotzia; Iñigo Gaztelu, Larrabetzuko alkatea; Ladis Satrustegi eta Maitane Rodriguez, Lesakako alkatea eta zinegotzia; Joseba Vivanco eta Unai Gotxi, Artziniegako alkatea eta zinegotzia; Eñaut Barandiaran, Arrigorriagako zinegotzia; Mikel Zabaleta, Leitzako alkatea; Paolo Albanese, Sartagudako zinegotzia; Itziar Mendia eta Cristina Sevilla, Zuiako zinegotziak; Izaro Elortza, Oñatiko alkatea; Estitxu Mujika, Zaldibiako alkatea eta Xabier Alkuaz, Tafallako zinegotzia.

Horrez gain, kulturgintzaren munduko aktore eta idazle batzuk ere bertan izan ziren ekimenaren nondik norakoak entzuten; besteak beste, Eneko Arrate kultur dinamizatzailea; edota Euskal Aktoreen Batasuneko Olatz Beobide, Ainhoa Etxebarria, Ugaitz Alegria eta Nagore Gonzalez aktoreak. Halaber, aurkezpena amaitzeko, Garazi Etxaburu dantzariak eta Ander Sanchez eta Josu Elvira txalapartariek ikuskizun eder bat eskaini zuten.

Lau fasetan banatutako proiektua

Baina zertan datza proiektu honek, eta nola garatuko da? Bere bilakaera ondo uler dadin, lau fasetan banatu dute Geuretik Sortuak-en garapena:

- Lehen fasea orain bertan gertatzen ari da, eta 2020ko irailean hasi eta abenduaren amaierara bitarte luzatuko da. Fase honetan herriekin elkarlanak bilatzen hasi da, eta horretan ari da momentu honetan ere. Aipatzekoa, herri batzuek elkarlanean hartuko dutela parte, puntu bakar gisa; esaterako, Bera eta Lesaka bikoteak eta Mendabia, Lodosa, Sartaguda eta Andosilla laukoteak, Nafarroan.

- Bigarren fasean, kulturgileen deialdia eta horiek herriei esleitzea etorriko dira. Hori 2021eko lehen erdian gertatzea aurreikusten da. Deialdi publiko bat aterako du Udalbiltzak kulturgile horiek hautatu ahal izateko. Behin kulturgile bakoitza herri edo herri multzo bati esleitu zaionean, fase honetan ere, egonaldiak gauzatuko dira. Kulturgile bakoitzak hainbat aste igaroko ditu herri horretan, bere artelana sortzeko: eleberri labur bat literaturaren kasuan, film labur bat zinemagintzaren kasuan edo antzezlan bat antzerkigintzaren kasuan.

- Hirugarren fasea hedapen fasea litzateke, eta 2021eko azken hiruhilekoan eta 2022ko lehen erdian burutuko da. Herri bakoitzean proiektu honen bitartez sortutako lan guztien emanaldiak eta aurkezpenak egingo dira, Euskal Herri osoan kultur zirkuitu bat sortuz. Honakoak dira aterako diren obrak: eleberri laburrekin egindako bilduma bat, 4 antzezlan inguru, eta sortutako film laburrak barnebiltzen dituen film luze bat. Eleberri laburren bilduma egingo duen argitaletxea, film luzearen muntatzailea eta antzerki obrak mugituko dituen areto-teknikaria kontratatzeko beste deialdi publiko bat egingo da fase honetan.

- Azkenik, laugarren fasean helburuen betetze maila eta proiektuaren balorazioa egingo da, 2021 amaieran. Balorazio honek lagunduko du hurrengo edizioaren diseinuan eta garapenean, etorkizunean Euskal Herriko herri gehiagotara iritsi ahal izateko, baita euskal kulturaren adierazpide gehiagotara ere.

Euskal Herriko bazter guztietan zabalduko den kultur egitasmo berri honek orotara, 600.000-700.000 euro arteko aurrekontua izango du 2021 eta 2022an zehar, lanen ekoizpenerako gastuak, hedapen fasekoak eta gastu orokorrak zein egitura gastuak kontuan hartuta.

Zu hemen zaude: Albisteak Amasa-Villabonako udalak "Geuretik Sortuak" kultur egitasmoan parte hartuko du
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.