27Urtarrila2021

009.jpg
Zu hemen zaude: Albisteak Udal Gobernuak babesa agertu die Haurreskolak partzuergoko langileei

Udal Gobernuak babesa agertu die Haurreskolak partzuergoko langileei

Haurreskolak

Haurreskolako langileen lan baldintzak bermatzeko greba deialdia luzatu dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek. Abenduaren 10 eta abenduaren 16rako greba deialdiak egin dituzte.

Amasa-Villabonako udal gobernuak bere babesa erakutsi nahi izan die Haurreskolak partzuergoko langile guztiei eta bereziki Villabonako Seaska haur eskolako langileei. Era berean, Amagoia Agirre hezkuntza zinegotziak gutuna igorri dio Jokin Bildarratz sailburuari. Gutun horretan honako eskaera luzatzen dio Amasa-Villabonako zinegotziak hezkuntza sailburuari: “Haurren hezkuntza eskubideak ahal hoberen betetzeko, hezkuntza zerbitzu honen kalitatea bermatzeko eta lan hitzarmena eta adostuta dauden akordio guztiak behar bezala gauzatzeko, Haurreskolak Partzuergoko aurrekontua beharrezkoa den guztia handitzea datorren urteko aurrekontu legean”.

Amagoia Agirre Amasa-Villabonako hezkuntza zinegotziaren gutuna, Hezkuntza Sailburu jaunari.

Greba deialdia egin dute ELA, Steilas eta LAB sindikatuek deialdia egiteko arrazoi ezberdinen berri eman dute:

“- Ordezkapenak egiteko kontratupean dauden langileez baliatzen ari dira inolako aurreikuspenik egin gabe (finkoak zein LEP artekoak). Ondorioz, jatorrizko haurreskolak hankaz gora uzten ditu eta hezitzaileak eta haurreskolak egunean bertan antolatu behar izaten dira.

- Aparteko orduak egitera behartu dituzte hezitzaileak, ordezkorik ez dela bidaliko esanez (hezitzaile batzuk bakarrik geratu direlarik beraien haurreskoletan). Bere agerraldian aparteko ordu hauek 45 minutukoak soilik izan direla aipatu zuen gerenteak, eta momentuko beharrak eraginda izan zirela. Aurrez aldetik ezagutzen ziren beharrak eta antolatu zitezkeenak izan dira asko, egun bat baino gehiagokoak kasu askotan, eta ez ordu bakar batekoak denak.

- Horrela, zer lortzen du gerentziak? Bada, indarrean dauden araudiak bete gabe jardutea ordezkapenetarako kontratazio berririk egin gabe.

- Eta, zer bizi dute familiek? Etengabeko hezitzaile dantza: ume batzuek 5 hezitzaile ezberdin izan dituzte ikasturtea hasi zenetik, soilik bi hilabetetan.

- Pandemiaren eragina aitzakia bezala erabilita, iazko ikasturte amaieran eta ikasturte berrian haurreskolei hezkuntza proiektua aurrera eramateko ematen zaizkien dirupartidak suprimitzea erabaki du gerenteak. Iaz babeserako ekipamendua erosteko erabaki zuen hori egitea (diru-iturria kentzea), baina ikasturte honetan ez dugu oso garbi zergatik izan den. Ondorioz, haurreskola askok zorrak dituzte eta materiala bueltatzera derrigortuak izan dira.

– Covid-19a dela eta, adituek zenbait lehentasun eta gomendio eman dizkiete langileei lan egiteko modua dela-eta: talde-burbuilak osatzeaz gain, espazioaren erabilerari buruz eta baita materialari buruz ere. Horrek guztiak haurreskolen berrantolaketa eta hezitzaileen prestakuntza eskatu du, baina horretarako aurrekonturik ez da haurreskoletara bideratu, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzako gainontzeko sektoreetan egin duen bezala. Hezitzaileek beraien poltsikotik gastuak ordaindu behar izan dituzte, aurrekontu murrizketa horren ondorioz”.

Abenduaren 10 eta 16rako, beraz, greba deitua dago Haurreskoletan.

Zu hemen zaude: Albisteak Udal Gobernuak babesa agertu die Haurreskolak partzuergoko langileei
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.