Ostiralean hasiko da Merkataritza Bonoen II. kanpaina

Kontsumo bonoak aurkezpena.2
Gaur goizean Villabonako udaletxearen kapoaldean egindako agerraldi publikoan aurkeztu dira herriko merkataritza bultzatzeko ekimen berri honen xehetasunak. Agerraldian Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde eta Arantxa Lopez zinegotziek parte hartu dute, Tolosaldeko merkataritza teknikaria ere parte hartzekoa zen baina azken orduko arazoengatik ezin izan du agerraldira gerturatu. 

Beatriz Unzue alkateak aurkeztu ditu Bono kanpaina honen ezaugarri nagusiak:

KONTSUMO BONOEN II. KANPAINA

Amasa-Villabonako udalak, herriko merkataritza sektorea bultzatzeko kanpaina berri bat abiatzea erabaki du. Helburu nagusia, abenduan batez ere eguberrien testuinguruan egiten diren erosketa bereziak Amasa-Villabonako establezimenduetan egitea sustatzea da, modu horretan herriko saltokiak lagunduz.

Udalak guztira 32.000 euroko inbertsioa egin du ekimen hau garatzeko. 30.000 euro bonoak finantzatzeko eta 2.000 euro kanpainaren gastuetarako (inprenta, diseinua...). Inbertsio honekin, guztira 1.500 bono-txartel eta 10.500 bono indibidual argitaratu eta zirkulazioan jarriko dira. Establezimendu bakoitzak 30 bono-txartel izango ditu bezeroen artean saltzeko, bonoak saltoki guztien artean modu parekidean banatu baitira.

Kontsumo bono kanpaina honen xehetasunak Oria Merkatarien Elkartearekin adostu ditu udalak eta berrikuntza ugari ditu ekainean garatutako kanpainarekin alderatuta. Berrikuntza aipagarriena, oraingoan herriko establezimendu guztiek parte hartu ahal izan dutela da, baita zerbitzuak (ile apaindegiak, fisioterapiak...) eta elikagaiak saltzen dituzten saltokiak (arrandegiak, okindegiak, harategiak...) ere.

50 establezimendu
Establezimenduek astebeteko epea izan dute izena emateko eta guztira 50 establezimenduk erabaki dute kanpaina honetan parte hartzea.

Epea edo iraupena
Kontsumo bonoak abenduaren 4tik urtarrilaren 5era eskuratu eta erabili daitezke. Urtarrilaren 5etik aurrera baliorik gabe geratuko dira.

Bonoen ezaugarriak
30 euro ordainduta 50 euroko balioa duen bono-txartel orri bat eskuratuko da. Beraz, bono-txartel bakoitzarekin, erosleari 20 euroko ekarpena egingo dio udalak. Bono-txartel orri horrek 7 bono indibidual izango ditu: 10 euroko hiru bono eta 5 euroko lau.

Non eskuratu daitezke bonoak?
Saltokietan bertan erosi behar dira. Bonu-txartel bakoitza saltoki edo zerbitzu bati dagokio. Hau da, establezimendu bakoitzak bere bono propioak izango ditu, eta dendaren izenarekin identifikatuta egongo dira. Bonoak soilik erositako establezimendu horretan erabili daitezke eta herritar batek bono-txartel bakarra erosi dezake establezimendu bakoitzean.
Herritarren nahi adina establezimenduetan eros ditzakete bono-txartelak eta eroslea edozein herritakoa izan daiteke, ez da beharrezkoa Amasa-Villabonakoa izatea.

Erabilera baldintzak
Egiten den erosketaren zenbatekoa bonoaren balioa baino txikiagoa bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko. Bonoak ezingo dira diruagatik trukatu.

Amasa-Villabonako udaletik, bonoak eskuratu eta erabiltzeko deia egiten diegu herritarrei eta eguberrien bueltan egiten diren erosketak herrian bertan egitera animatzen ditugu.
Zorionez, Amasa-Villabonan denda eta saltoki eskaintza oso zabala dugu, era guztietako produktuak eskuratu ditzakegu etxetik gertu, eta batez ere bertako dendarien gertuko eta kalitatezko arretaz gozatu dezakegu.

Beraz, erabili bonoak eta erosi herrian, abenduan eta urte guztian!

Hauek dira kontsumo bonoen bigarren kanpainan parte hartu duten 50 establezimenduak: