29Apirila2017

002.jpg
Zu hemen zaude: Amasa-Villabona Historia eta ondarea

Historia eta ondarea

Historia

Amasako herrigunea Villabonakoa baino lehenagokoa da, eta baliteke haren aurretik beste bat Amasakoa baino gorago izatea. Amasako kolazio edo kontzejua 1385ean agertu zen lehen aldiz historian, Tolosarekin bat egiteko aitortutako gutunean, hain zuzen. Villabona 1398ko Gipuzkoako Batzar Orokorretan azaldu zen lehen aldiz herri gisa eta jakin badakigu zein izan zen haren sorburua: Amasako hainbat biztanle behera jaitsi ziren, hau da, Gaztela Frantziarekin -Segura, Tolosa eta Hernanitik pasatuz- lotzen zuen Galtzadan, merkataritzan, eskulangintzan, bidaiarientzako zerbitzuetan eta abarretan aritzeko. Bada beste arrazoi bat jende haiek gerora Villabona izango zen eremuan kokatzeko: alegia, Done Jakue bidean ari ziren erromesentzako atsedenleku bat sortzea. 1480an, Villabonak Amasako auzoa izateari utzi zion. Horren ondorioz, jurisdikzio zibil eta kriminaleko Alkate eta guzti lortu zuen, oraindik Amasak baino askoz ere biztanle gutxiago zituen arren. Egoera honek tirabira eta gatazka handiak sortu zituen bi kontzejuen artean. Hala, urte asko geroago, 1619/20an hain zuzen ere, hiribildu bakarra sortzea erabaki zuten.

Egungo Udaletxea 1851.urtekoa da. Aurrekoa nahita erre zuten 1812an, Independentzia Gerran frantziar tropek kuartel modura erabili zutelako.

 

Ondarea

udaletxeaHerriaren erdialdean bada eraikin interesgarririk: gaur egungo Udaletxea, esaterako, XIX. mendekoa da. Honen aurretik zegoena 1812an erre zuten, Independentzia Gerran soldadu frantsesen kuartela izan zelako. Hiru solairu ditu eta aurrealdearen erdi-erdian, hirugarren solairuaren parean, hiribilduko harrizko armarri barrokoa dago.

Parrokia-eliza, Jesusen Bihotzaren izenpean, gurutze latindarreko oinplanoa du eta XX. mendean eraiki zen. Lehen, honen lekuan, XX. mendeko ermita bat zegoen, Pietateko Andre Maria izenekoa bera.

Amasan San Martin Parrokia-eliza dugu, XVI. eta XVIII. mendeen artean eraikitakoa. Aretoko oinplanoa du eta erretaula nagusia J.I. tolosarrak egin zuen. Honen ondoan, Gurutze Santuaren Ermita dago, inguruko lehendabiziko parrokia izan omen zena. Barnean, ingurune honetan oso miretsia kalbarioa du.

Etxe-OndoEtxe Ondo (1988) baserria erdigunetik isolatua egon zen XX.mendeko 70. hamarkada arte. Errepidearen obrak eta herriaren hazkundeak berak, Etxe-Ondo inguruak bizilagunez bete ditu, gune hori guztia herri-gune bihurtu den arte. Eraikinak jauretxe kutsu hura mantentzen du oraindik, Libanoko zedroak etxeko sarreran ongietorria ematen jarraitzen duelarik. Ezin ahaztu, noski, Etxe-Ondo 30 urte luzez Euskal Herriko arte garaikidearen ikur den artista baten etxea eta inspirazio iturria izan zela, Vicente Ameztoy handiarena, hain zuzen.

 

subijana etxea

Subijana etxea birgaitu eta ahozko kultur adierazmoldeen esparruko zentro nagusi bihurtu da herrian. Etxea goitik behera berritua izan zen erabilera berrietara egokitzeko. Subijana etxea XIX. mendean Villabonan ezarri ziren ehungintza lantegi nagusiei loturik dago, «Subijana y Cía» estanpazio lantegiaren bulegoak eta nagusien etxebizitza izan baitzen ia ehun urtez. Etxea galtzera ez uzteko Villabonako Udalak egindako ahaleginari esker, herriko garapen industriala bizi izan zuen eraikina egun euskal kulturaren garapena lantzeko tresna bihurtu da.

Halaber, herriko interesgune garrantzitsua da Zubimusu zubia, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen harrizko zubia, erdi-puntuko arkuez osatua.

Villabona Aljibeak aipamen berezia merezi du. Xarma handiko txokoa, 2010ko uztailean inauguratu zen erakustoki modura. Antzina, Subijana lantokiko langileek ur depositu modura erabiltzen zuten aljibea. Garai bateko Villabonako Subijana lantokiaren lurretan, Oria ibaiaren ertzean, arkuz osatutako ur depositua eraiki zen 1960ko hamarkadan, lur-azpian. 100m2 inguru pasatxo neurtzen du luze-zabalean eta argamasarekin lotutako adreiluz egindako lau arku ilara ditu. Ilara bakoitzean, launa arku, ezker-eskuin.

Kirolean, nabarmentzekoa da Errebote jokoa. Villabona eta Zubieta dira kirol-modalitate honek jarraitzaileak dituen Gipuzkoako herri bakarrak. Bisita ezazu webgune honetan aurkituko duzun Errebote esteka!

Zu hemen zaude: Amasa-Villabona Historia eta ondarea
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Buletinera harpidetu