
Errebotea

Joko zuzenen artean berriena eta landuena da. 1857an Ezpeletako "Gantxikik" asmatu zuen saskia eta berehala eskularru pisutsuak utzi eta talde asko trensna berriekin hasi ziren Errebotean. Zenbaitetan Laxoa Plazak luzatu eta pareta nagusiak handitu egin ziren Errebotera egokitzeko.
XIX. mendetik aurrera, Iparraldean eta Gipuzkoan Errebotea nagusitu zen, Nafarroan Laxoarekin jarraitzen zuten bitartean. Gerra Zibilak desgerrarazi zuen Errebotea Hegoaldean. Villabonan eta Zubietan mantendu da, batik bat.
Ezaugarriak:
- Zumitzezko saskiek pilota oso hurrun eta azkar botatzeko aukera ematen dute.
- Jokalekuak 80-100 metro luze eta 16-20 metro zabalekoak dira gehienetan.
- Gutxienez pareta nagusi bat izaten dute, sarritan bi, non eta paretako pilotariek errebotez pilota bultzatzen duten. Hortik datorkio izena modalitate horri.
- Botiloa edo Botaharria, pareta nagusitik 32 metrora ipintzen da, bi eremuak zatitzen dituen pasa-marran. Eremu bat bestea baino luzeagoa gertatzen da.
- Taldeak bost pilotariz osatzen dira: hiru saskiarekin eta bi larruzko eskularru motzarekin.
- Sakea eskuz egiten da.
- Taldeak lekuz aldatzeko egin ohi diren arraiak arrai-leku eremu berezian egten dira, ez kantxa osoan, Bote Luzean eta Laxoan bezala.
- Kintzeka eta jokoka kontatzen da.
- Pilotak 125-150 gramo artekoak izaten dira.
- Saskiarekin ez da atxikirik onartzen. Pilota hartu eta bota praktikoki une berean egin behar da. Teknika zaila eta ikusgarria da.
Errebotea gaur:
- Joko Zuzenen artean, hau da modalitaterik indartsuena, gaur egun.
- Euskal Herrian: Lapurdin (Angelu, Hiriburu, Baiona, Donibane Lohizune, Hendaia, Azkaine, Senpere, Hazparne, Uztaritze).
- Behe Nafarroan (Baigorri, Donapaleu, Bidaxune)
- Zuberoan (Atharratze)
- Gipuzkoan (Villabona, Zubieta, Oiartzun)
- Frantzian: Parisen, Biarnoko Saliesen, Pauen.