
- 2023 Martxoa 20
Olaederra kiroldegiko bazkideek beste 151 kirol instalazio erabili ahal izango dituzte Mugiment Kirol Txartelarekin
Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegiak Mugiment Kirol Txartelarekin bat egin du, beraz, hemendik aurrera, Olaederrako bazkideek beste udalerrietako kirol-instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, inolako kostu gehigarririk gabe. Gainera, bazkide berriak erakartzeko kanpaina berri bat ere abiarazi da: apirilaren 30era arte, Olaederrako bazkide egin nahi dutenek ez dute matrikularik ordaindu beharko.
Mugiment Kirol Txartelera batzearekin herritarren artean kirola sustatzeaz gain, kiroldegiko bazkide direnentzat doako kirol eskaintza zabaldu nahi da. Hemendik aurrera, Olaederra kiroldegiko bazkideek beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, eta era berean, beste herrietako kiroldegietako abonatuek ere Olaederrako instalakuntzez disfrutatu ahal izango dute.
Gaur egun, 151 kirol-instalaziotan erabil daiteke Mugiment Kirol Txartela; Kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne. Udalerri horien artean daude Tolosa, Donostia, Ibarra, Beasain, Azpeitia, Eibar, Pasaia, Orio, Zumaia, Zarautz, Zumarraga etab. Esan bezala, une honetan guztira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 151 udalerri daude aukeran.
Mugiment txartela, doako txartel birtual bat da, eta Olaederra kiroldegiko bazkide guztiek eskuratu dezakete. Horretarako Mugiment Kirol Txartelaren app-a instalatu behar da telefono mugikorrean.
Nola eskuratu daiteke Mugiment txartela?
Sistema oso erraza da. Txartel digitala lortzeko Google Play eta App Store-n eskuragarri dagoen aplikazioa instalatu behar da telefono mugikorrean. Aplikazioan behar bezala erregistratzeko, datuak sartu beharko dira: e-posta helbidea, NAN zenbakia, eta abonatutako instalazioaren izena. Olaederra kiroldegiak balioztatu eta notifikazioa jaso ondoren, Mugiment Kirol Txartela erabilgarri egongo da.
Behin izena emanda, aplikazioan sartu, herri ezberdinetako kirol instalakuntzen zerrenda ireki, erabili nahi den instalazioa aukeratu eta bertako sarrera eskuratu behar da. Behin eragiketa hori eginda, erabili nahi dugun kiroldegiko harreran, aplikazioan dugun sarrera eta NANa erakustearekin nahikoa izango da.
Interneteko konexiorik gabeko telefonoa duten bazkideek Olaederra kiroldegiko harrerara gerturatu beharko dute informazio gehiago jasotzeko.
Mugiment Kirol Txartela erabiltzeko kiroldegi bakoitzak bere baldintzak eta ordutegiak ezarri ditu. Gure kasuan, kiroldegiko instalakuntza osoa jarri dugu aukeran: gimnasioa, igerilekua, sauna eta hidromasajea. Dena den, beste udalerrietatik datozenek ordutegi jakin batean soilik erabili ahalko dituzte Olaederrako instalakuntzak: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 15:00etara, eta larunbatetan 12:00etatik 17:00etara. Beraz, lasai egon daitezela Olaederrako erabiltzaileak, erabiltzaile gehien daukagun tarteetan ez baita kanpokoentzat erabilgarri egongo.
Bazkide egiteko kanpaina berezia
Udalak eta Olaederra kiroldegiak elkarlanean bazkide berriak erakartzeko sustapen kanpaina berri bat jarri dugula martxan. Horrela, Olaederrako bazkide egiteko garaian, matrikula doakoa izango da datorren apirilaren 30era arte.
Amaitzeko, Olaederra kiroldegiko bazkide egiteko gonbidapena egin nahi diegu Amasa-Villabonako eta Aiztondo bailarako herritarrei. Bertako ateak zabalik ditugu, anima zaitezte!

- 2023 Martxoa 13
Geuretik sortuak egitasmoaren baitan, Eñaut Aiartzaguena komikigilea izango dugu Amasa-Villabonan
Gaur eguerdian, Udalbitzaren Geuretik Sortuak kultur ekimenaren baitan, Amasa-Villabonan izango dugun sortzailearen aurkezpena izan da Udaletxeko Batzar areto nagusian. Eñaut Aiartzaguena Iurretako komikigilearekin batera izan dira Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea.
Hauek izan dira Beatriz Unzue alkatearen hitzak:
“Amasa-Villabonako udalak Geuretik Sortuak kultur ekimenaren bigarren edizioan parte hartuko du.
Egitasmo honen bidez Euskal Herriko hainbat udalerritan sormen egonaldiak burutzeko bekak eskaini zaizkie kultur sortzaileei, hauek euskaraz izango diren nobela motzak, antzezlanak, film laburrak edo komikiak sortu ditzaten.
Geuretik sortuak egitasmoaren bigarren edizio honetan guztira 23 kultur sortzailek eta Euskal Herri osoko 39 udalerrik parte hartuko dute. Udalbiltza Patzuergoko balioespen batzordeak horrela erabakita, Eñaut Aiartzaguena Iurretako komikigilea izango dugu Amasa-Villabonan bere sormen lana garatzen. Eñautek Arte Ederretako ikasketak burutu zituen eta hezkuntza ez formaleko hezitzaile gisa jardun du hainbat elkarteetan. Hiru asteko denbora eta espazioa izango ditu berak aukeratutako gaia garatzeko, eta Amasa-Villabonako herritarrekin eskuz esku lantzeko.
Eñautek garatutako lana, eta baita gainontzeko udalerrietan landuko diren sormen lanak ere, kultur zirkuitu batean aurkeztuko dira 2024. urtean.
Iaz Maitane Perez idazlearekin izandako esperientziak zapore gozoa utzi zuen herrian, beraz, aurten ere kultur sorkuntza sustatzeko ekimen honetan parte hartzen jarraitzea erabaki dugu.
Amasa-Villabonako udalean harro gaude Geuretik Sortuak kultur ekimeneko partaide izateaz. Guretzako oso pozgarria da, geurera etorritako kultur sortzaileen bidez, Amasa-Villabonan bertan sortutako kalitatezko kultur ekoizpena edukitzea.
Udalak 2023 eta 2024 urteetan zehar egitasmo hau garatzeko guztira 21.713,70 euroko ekarpena egin du Udalbiltza partzuergoarekin sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez. Aurten horietatik 13.813,70 euro bideratuko dira sorkuntza fase osoa garatzeko, eta 2024. urtean beste 7.900 euro ezarriko dira Geuretik Sortuak egitasmoan beste udalerrietan osatutako ekoizpenen kultura-zirkuituaren parte izateko”.
Agerraldiari amaiera emateko, Eñaut Aiartzaguenak jorratuko duen komikiaren printza batzuk aurreratu ditu. Azaldu duenez, sorkuntza lanaren interesgunea basoa izango da, eta mendietako istorioekin zein izaki mitologikoekin uztartuko du. Komikiaren bidez Amasa-Villabonako mendien balio ekologikoa mahaigaineratu nahi du. Haurrei zuzendutako komikia izango da.

- 2023 Martxoa 08
Herriko industriako emakume langileak omendu ditu Udalak
Gaurko Emakumeen Nazioarteko Eguna baliatuz, Amasa-Villabonako Udalak herriko industrian jardun duten emakume langileak omendu ditu, La Salvadora jubilatu etxean egin den ekitaldi berezian. Beatriz Unzue alkateak, eta Arantza Lopez Berdintasun saileko zinegotziak, Udalaren izenean, emakume hauen lana ikusarazi, goraipatu eta Amasa-Villabonari egin dioten ekarpena aitortu dute.
Lurgatz talde feministak ere parte hartu nahi izan du ekitaldian eta emakume langileen aldeko hitzak izan ditu bozeramaile gisa jardun duen Pauli Olano Lurgatz-eko kideak.
Ekitaldiari amaiera borobila emateko, Villabonako La Salvadora papergintza enpresako emakume langileen argazki-mural bat estalgabetu da eraikinaren fatxadan. Argazkia leku horretan geratuko da aurrerantzean ere bertan lan egin zuten emakumeak oroitzeko.
Hona hemen Beatriz Unzue alkatearen hitzak gaurko ekitaldian:
Kaixo, eguerdion denoi eta eskerrik asko gerturatu zareten guztioi,
Gaur, martxoaren 8an, emakumeon egunean, Udaletik ekitaldi berezi hau antolatzea erabaki dugu, gure herriari ekarpen handia egin dioten industria sektorean lan egin zuten eta lan egiten duten emakume guztiei, eskerrak emateko eta merezitako omenaldia eskaintzeko.
Dakizuen bezala, XIX. mendean, industrializazioa heldu zen Amasa-Villabonara eta lehenik ehungintza eta ondoren XX. mendean zehar papergintza sektoreko lantegi handiak sortu ziren hemen eta Tolosaldea guztian. Bestek beste, orain auzo eder hau dagoen leku honetan bertan sortu ziren Subijana y CIA eta La Salvadora enpresa enblematikoak. Jende asko etorri zen lantegi edo fabrika hauetan lan egitera, beren bizitzak aurrera ateratzeko.
Villabona herri industriala bilakatu zen eta sektore honen hazkundeak, lana eta oparotasuna ekarri zituen gurera. Milaka izan ziren hemengo industrietan lan egin zuten langileak, gizonak eta EMAKUMEAK, belaunaldiz belaunaldi, beren lan indarrarekin, aberastasuna sortzen.
Baina gizarte patriarkal eta matxista hartan, industria enpresetan emakumeek egiten zuten lana gutxietsia eta inbisibilizatua izan zen. Lantegietako "obrero" figura beti genero maskulinoarekin lotu izan da: "Los obreros" esaten zen, emakumeak bazterrean utziz. Badakizue, emakumeek etxean egon behar zuten, etxeko lanak egiten, sukaldean eta haurrak eta adinekoak zaintzen. Hori izan da historikoki emakumeei ezarri zaien rola eta zeregina.
Baina hemen, oso ondo dakigu emakumeak ezinbestekoak izan zirela gure industria aurrera ateratzeko. Asko izan dira gazte gaztetatik (askotan 14 urterekin) fabrikara lanera joan zirenak, beren izerdiarekin lortutako soldatarekin, bizitzan aurrera egin ahal izateko. Eta esan behar da hor ere soldata arrakala handia zegoela, emakumeek beti gizonezkoek baino gutxiago irabazten zuten. Lan baldintzak ere ez ziren onak, ordu asko, atseden gutxi eta soldata txikiak ziren emakumeen eguneroko ogia. Gainera, lan bikoitza hartu behar izaten zuten bizkar gainean: fabrikako lana, eta ondoren etxeko lanak eta zaintza lanak. Zama astuna, dudarik gabe.
Garai zail haietan, lan baldintzak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko langileen borroka eta grebetan, emakumeak hor egon ziren, ia beti gizonen itzalpean, askotan ikustezin bihurturik, baina aurpegia ematen, barrikaden lehen lerroan, gizarte hobe baten alde borrokatzen.
Guzti horregatik, modu xumean bada ere, gaurko ekitaldiarekin justizia ariketa bat egin nahi izan dugu. Amasa-Villabonako herriak aitortza eta eskertza zor die, belaunaldiz belaunaldi gure fabriketan lan egin zuten emakume horiei guztiei, eta horretarako bildu gara gaur hemen.
Emakume langile guzti horien lanak ekarri gaitu honaino eta orain guri dagokigu borroka horri jarraipena ematea, benetako berdintasuna lortu arte.
Alkate naizen aldetik, Amasa-Villabonako herriaren izenean ESKERRIK ASKO BIHOTZ BIHOTZEZ! HOBERENAK ZARETE!
Gora emakume langileak!