24Maiatza2024

003.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
AMASA VILLABONAKO UDALA

Udalak gogor salatzen du larunbat gauean arma zuriz egindako erasoa

Ertzaintzak eskainitako informazioaren arabera, igandean goizaldeko 4:00ak baino minutu batzuk lehenago, liskar bat tarteko, 19 urteko gazte batek beste gazte bat izterrean zauritu zuen arma zorrotz batekin. Ertzaintzako agenteak bertaratu ondoren, dirudienez, gaztea atxiloketa saihesten ahalegindu zen eskuetan bi labana zituela Kale Nagusiko atari batean giltzapetuta. Ertzaintzak gaztea atxilotzea lortu zuen eta pertsona horri arma zuriz egindako lesioen ustezko delitu bat egotzi zaio. Atxilotua lehenik osasun-zentro batera eraman zuten, ondoren, ertzain-etxera, eta gaur goizean epailearen aurrean deklaratu beharko du.

Bitartean anbulantzia bateko osasun-langileek ezkerreko hankako izterrean zauria zuen gaztea artatu eta ospitalera eraman zuten. Izterrean zauri handia izan arren, zorionez ez da zauri larria izan eta dagoeneko etxean da.

Gertaera tamalgarri honen aurrean, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazten du:

Udalak gogor salatzen du Villabonan larunbat gauean arma zorrotzarekin egindako erasoa eta elkartasuna adierazten dio zauritua izan den gazteari. Era berean, zauriak ahalik eta azkarren sendatzea eta etorkizunean inolako ondoriorik ez uztea espero du.

Udalak argi eta garbi adierazi nahi du festa edo parranda egitera labanekin edo arma zuriekin irteten diren pertsonak, legez kanpoko ekintza bat egiten aritzeaz gain, soberan daudela gure gizartean. Herritar guztiek, bereziki gazteek, jaiak eta parranda uneak modu libre eta seguruan gozatzeko eskubide osoa dute. Jaiak liskar bila aritzeko edo jendea erasotzeko baliatzen dituztenek, eskubide hori urratzen digute guztioi, eta hori guztiz onartezina da.

Udalak lanean jarraituko du etorkizunean horrelako gertaerak errepika ez daitezen, eta jai atsegin eta seguruak izan ditzagun beti.

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman nahi dizkie larunbat gauean erasotzailea atxilotu zezaten, edota zauritutako gaztea artatzen, lagundu zuten guztiei.

 

Amasa-Villabonan, 2024ko maiatzaren 20an.

20240513 Udalekuak

Udaleku irekietan izena emateko epea zabalik, maiatzaren 23ra arte

Udaleku irekiak antolatu ditu HH2 eta LH6 urte arteko haurrentzat Udaleko Gazteria sailak. Aurten uztailaren 1etik 19ra izango dira.

Astelehenetik ostiralera, goizeko 09:30etan egingo dute hitzordua, eta, eguerdiko 13:00ak arte egitarau desberdinak izango dituzte egunero. HH2 urtekoek ordu erdiko malgutasuna izango dute bai goizean sartzeko eta baita eguerdian ateratzerako ere.

Plaza mugatuak
Amasa-Villabonan erroldatutako haurrek dute udaleku irekietan izena emateko lehentasuna, dena den, plazak baino haur gehiagok emango balute izena, zozketa bidez erabakiko da zeinek hartuko duen parte.

Aldiz, Amasa-Villabonan erroldatuta ez dauden haurrekin itxaron zerrenda bat sortuko da, eta, plaza libreak geratuz gero, udaleku irekietan parte hartzeko aukera izango dute.

Kuotak eta hobariak
Amasa-Villabonan erroldatuta dauden haurrek 87 euro ordaindu beharko dute matrikula egiteko, eta bigarren neba-arrebatik aurrerakoek 45,68 euro.

Bestetik, Amasa-Villabonan ez erroldatuek 130,50 euroko kuota ordaindu beharko dute, eta bigarren neba-arrebatik aurrerakoek 68,51 euro.

Udalerrian erroldatutakoek eta lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez diren bizikidetza unitateko kideek %90eko hobaria izango dute.

Goizeko haur txoko zerbitzua
Goizeko 08:00etatik 09:30etara haur txoko zerbitzua eskainiko da. Hemen ere, plazak baino haur gehiagok emango balute izena, zozketa bidez erabakiko dira parte hartzaileak.

Zerbitzu honetaz baliatu nahi duten Amasa-Villabonako haurrek 21,15 euro ordaindu beharko dute, eta, bigarren neba-arrebatik gorakoek 13,75 euro.

Haurtxoko zerbitzuarengatik herrian ez erroldatuek ordaindu beharrekoa, berriz, 30,67 euro haur bakoitzeko, eta bigarren neba-arrebatik aurrerakoek, 19,05 euro izango da.

Izen-ematea, maiatzaren 13tik 23ra
Udaleku irekietan izena emateko interesa dutenek, maiatzaren 13tik 23ra izango dute aukera: astelehenetik ostiralera, 08:00 – 14:00 ordutegian, Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), edo telematikoki Udaleko erregistro elektronikoaren bitartez.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa
- Izena emateko orria beteta eta sinatuta
- Gizarte Segurantzako haurraren txartel indibidualaren fotokopia.

Hobariak eskatzeko zerga ziurtagiria, edo ez dutenen kasuetan, Bizikidetza Unitateko kide guztien diru-sarreren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira hobarien eskaera orriarekin batera.

Ekainaren 19an, gurasoekin bilera
Urtero bezala, aurten ere udalekuak hasi baino lehen, gurasoekin bilera egingo da eta bertan programa aurkeztuko da. Ekainaren 19an izango da bilera hori, Gure Antzokian, arratsaldeko 18:00etan.

Informazio gehiagorako
Herritarren Arreta zerbitzua: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo 943 69 21 00
Gazteria saila: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. edo 943 69 47 87 / 691 366 502

Udaleku irekien eskuorria

20240502 Gaztelekua

Maiatzaren 8an irekiko ditu ateak Gaztelekuak

Denboraldi luze batez zerbitzuz kanpo egon ondoren, Villabonako Gaztelekua prest dago maiatzaren 8an berriro gaztetxoei ateak parez pare irekitzeko.

Herriko haur zein nerabeen denbora libre euskaldun eta parte-hartzailea sustatzeko helburua duen zerbitzu publiko hau berrikuntzekin dator, gainera. Hemendik aurrera bi adin-tarteko gaztetxoentzat eskainiko du zerbitzua; batetik, Haurtxoko zerbitzua, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, asteazken eta ostegunetan 17:00etatik 19:00etara. Eta bestetik, 12 eta 17 urte bitarteko nerabeentzat Gaztelekua ostiral, larunbat eta igandeetan irekiko da, 17:00etatik 20:00etara. Nabarmentzekoa da hau izango dela Gaztelekuak 12 urtetik beherakoei ere zerbitzua emango dien lehen aldia.

Hartxokoaren maiatzeko egitaraua

Gaztelekuaren maiatzeko egitaraua

Irekiera festa bereziak maiatzaren 8an eta 10ean
Etapa berri honi merezitako ongietorria egiteko irekiera festa bereziak antolatu dituzte Gaztelekuko arduradunek. Horrela, maiatzaren 8an, asteazkena, 8-12 urte bitartekoentzat Haurtxokoaren irekiera izango da arratsaldeko 17:00etan. Maiatzaren 10ean, aldiz, 12 eta 17 urte bitartekoentzat Gaztelekuaren irekiera berezia egingo da, hau ere arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Gaztelekuko irekieraren kartela

Komunitateak diseinatutako Gaztelekua
Gaztelekuak eskainiko duen zerbitzua herriko gazte eta nerabeen beharrak eta interesak identifikatzeko gauzatu zen parte-hartze prozesu baten bitartez diseinatu da, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesu horretan parte hartu zuten haur, nerabe eta gurasoei.

Bide batez, Udalak zerbitzu publiko hau doakoa dela eta haur zein nerabe guztientzat zabalik dagoela nabarmendu nahi du, aldez aurretik izena eman beharrik gabe. Beraz, herriko gaztetxo guztiak gonbidatu nahi ditu Gaztelekura gerturatu eta aisialdiaz euskaraz gozatzera.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.