
- 2023 Otsaila 23
Itzulia Basque Country lasterketako 3. etaparen ibilbidea aurkeztu dute gaur eguerdian
Gaur eguerdian, Amasa-Villabonako Udaletxeko Batzar Areto Nagusian, Itzulia Basque Country txirrindulari lasterketako 3. etaparen aurkezpena egin dute Beatriz Unzue alkateak, Gorka Kamio Kiroletako zinegotziak, Xabat Laborde alkateordeak, eta Itzulia Basque Country antolakuntza taldeko ordezkaria den Julian Erasok.
Honakoa da gaur udalak argitaratu duen oharra:
Itzulia Basque Country lasterketako 3. etaparen ibilbidearen aurkezpena
Amasa-Villabonako udalak eliteko txirrindularitza profesionala herrira ekartzeko apustua egin du aurten eta Itzulia Basque Country lasterketaren antolatzaileekin sinatutako kontratuaren bidez, aurtengo edizioko 3. etaparen amaiera izatea lortu du.
Jakina denez, Euskal Herri osoan bezalaxe, txirrindularitzak jarraitzaile asko ditu gure herrian. Gainera Amasa-Villabonak eta Aiztondo bailarak txirrindulari harrobi garrantzitsu eta emankorra izan dute historikoki. Zentzu horretan, Villabonako Irrintzi elkarteak urte luzez txirrindularitza harrobia lantzeko egindako lan handia azpimarratu nahi dugu, belaunaldi askori txirrindularitzaz gozatzeko aukera eskaini izan baitie. Azken urteetan Danena txirrindularitza taldeak hartu du gure herrian txirrindulari gazteekin lan egiteko lekukoa eta egiten ari diren lana txalotu nahi dugu.
Dagoeneko 21 urte igaro dira maila goreneko txirrindularitza profesionalak gure herrian helmuga bat izan zuenetik, eta uste dugu honakoa momentu egokia dela berriro ere munduko txirrindulari onenek osatutako tropela Amasa-Villabonara ekartzeko.
Udalak guztira 50.000 euroko (+BEZ) inbertsioa egingo du etapa amaiera izateko, baina azken asteetan kopuru hori murrizteko ahalegina egiten ari da, publizitate euskarri ezberdinen bidez inguruko enpresen babesletzak lortuz. Beraz, momentu honetan ezin dugu zehazki adierazi udalak zenbateko diru ekarpena egin beharko duen azkenean.
Apirilaren 5eko Itzulia Basque Country-ko 3. etaparen ezaugarri nagusiak:
Lehenik eta behin, aipatu behar dugu hasieratik udalak, Itzuliako antolatzaileekin adostasunez eta elkarlanean, batez ere azken kilometroetan ibilbide gorabeheratsua, teknikoa, gogorra eta ondorioz ikusgarria osatzeko apustua egin duela. Itzuliako etapek normalean izaten duten intentsitatea, tentsioa eta kalitatea geurera ekartzea izan da helburua, eta uste dugu lortuko dugula.
Datu nagusiak: Guztira 153,9 kilometroko ibilbidea izango du etapak, guztiak Gipuzkoako lurraldean, 3. mailako bost mendate puntuagarri eta bi esprint puntuagarrirekin.
Etapa Errenteriatik abiatuko da lehen 65 kilometroak Gipuzkoako kostaldean zehar izango dira, besteak beste, Donostia, Orio, Zumaia eta Zarautzetik igaroz. Kilometro hauetan ez da mendate aipagarririk izango baina jakina denez ibilbide bihurria izango da, lautada gutxi eta igoera eta jaitsiera txiki askorekin.
Lehen mendate puntuagarria Meagas izango da, 3. mailakoa, eta ondoren etaparen 80. kilometro inguruan Andazarrate, 3. mailako mendate luze eta etzana igoko dute txirrindulariek. Zaila izango da mendate hauek tropela apurtzea, baina ihesaldiak antolatzeko ibilbide egokia izan daiteke.
Ondoren, Asteasu atzean utzi eta lehen aldiz txirrindulariak Villabonatik pasako dira, bertan lehen esprint puntuagarria izango delarik. Zehazki Kale Berrian, Malkar plaza parean ezarriko da esprinteko marra, etaparen 92. kilometroan.
Jarraian, Villabonatik Anoeta aldera hartuko dute Sacem ondoko bidetik. Momentu horretan, helmugara 60 kilometroren faltan, etapako benetako lehen interes gunea helduko da, izan ere, errepidea asko estutuko da eta Villabona atzean utzi eta berehala, trenbidearen gaineko zubi estu bat igarota, txirrindulariek lehenengo malda gogorrei aurre egin beharko diete. Errepide estua eta hormigoizko zorua izango dute ia 2 kilometroko tarte batean, eta horri tarte batzuetan %15 inguruko malda gehitu behar zaio. Etapako tarte berezi hau Ateaga baserriko gaintxoan amaituko da eta hortik Anoetara jaitsiko dira, jaitsiera estu eta arriskutsuan. Ez da mendate puntuagarria izango, baina ziur gaude tarte honek zer esana emango duela.
Anoeta eta Tolosa igaro ondoren, Tolosaldeko hainbat herritatik pasatuko da tropela; Altzora igoera (3. mailako mendate puntuagarria), Alegia, Amezketa, Abaltzisketa, Orendaingo igoera (3. mailakoa hau ere) eta bigarren aldiz Altzora igoko dira. Hortik berriro ere Villabonarako norabidea hartuko dute, Tolosatik Anoetara joz.
Momentu horretan, helmugara iristeko 15 kilometro inguru faltako direnean, hasiko da etaparen azken tartea, tarte erabakiorra eta zalantzarik gabe ikusgarriena. Lehenik, Anoetatik Sarasola sagardotegira igotzeko aldapa motz baina oso pikoa igo beharko dute, berriro ere %15etik gorako malda tarteekin. Hortik, Asteasu eta Zizurkil tarteko industria poligonora jaitsiko dira eta helmugatik 10 kilometro ingurura Zizurkilgo hilerrira igoko dira, Azken portu auzotik gora igotzen den errepide estutik. Igoera motz horretan ere, txirrindulariek %10etik gorako maldei aurre egin beharko diete. Zizurkil goiko plazatik igaro ondoren, Aduna aldera zuzenduko dira, Adunara igotzeko aldapari aurre eginez. Adunako herrian ezarriko da etapako bigarren esprinta, helmugatik soilik 4 kilometrora. Adunatik Andoain aldera jaitsi eta Villabonarako norabidea hartuko dute protagonistek.
Villabonara Agaraitz aldetik sartuko dira txirrindulariak eta kale Berria osorik igaroko dute Villabonako eliza ondoko bidegurutzera arte. Hortik Otsabi auzora joko dute eta bertan, helmugara iristeko kilometro bakarra faltako denean, hasiko da etapa erabakiko duen azken aldapa: Hika txakolindegian amaitzen den aldapa beldurgarria. Batzuek Hikako "pareta" gisa izendatu dute dagoeneko. Azken kilometro horrek bi zati ezberdin izango ditu, lehen 500 metrotan malda ez da horren gogorra, baina Arratzaingo futbol zelai ondoko aparkalekua igaro ondoren, 300 metro inguruko aldapatzarrari aurre egin beharko diote. Aldapa hori mahastien artetik igarotzen da eta %26ko maldak ditu tarte batzuetan. Zalantzarik gabe azken metro hauetan txirrindulariek egin beharko duten esfortzuak irudi ikusgarri eta epikoak utziko dizkigute, zaleen gozamenerako.
Hauxe izan da ibilbidearen laburpena, datozen asteetan informazio zehatzagoa eskainiko dugu, ordutegiak, hartu beharko diren trafiko neurriak etab.
Bukatzeko, datorren apirilaren 5ean Amasa-Villabonara etortzeko gonbidapena egin nahi diegu kirolzale eta txirrindularitza zale guztiei, ikuskizuna bermatuta dago eta zale guztiak beso zabalik hartuko ditugu. Animatu, eta zatozte goi mailako txirrindularitza bertatik bertara ikustera.

- 2023 Otsaila 22
Udal liburutegia handitu eta eraberritzeko aurreproiektua onartu du Hirigintza batzordeak
Atzo izandako Udaleko Hirigintza Batzordean alderdi politiko guztietako ordezkariek aho batez onartu zuten Sebastian Insausti udal liburutegia eraberritzeko lanen aurreproiektua.

- 2023 Otsaila 08
Hondakinen gaikako bilketa %72,5ekoa izan da Amasa-Villabonan
Tolosaldeko Mankomunitateak 2022 urtean etxeko hondakinen sorrera eta bilketa datuak argitaratu ditu. Amasa-Villabonaren kasuan, guztira, ia 1700 tona hondakin sortu ziren aurreko urtean, eta horietatik %72,54 gaika bildu zen. 2021 urteko datuekin alderatuta, apenas egon da aldaketarik.
Aipagarria da, amasa-billabonatar bakoitzak, bataz beste, ia 300 kg hondakin sortu zituela 2022an.
Jasotako datuak hilabeteka aztertuz gero, uztailean izan zen hondakin gehien sortu zen hilabetea, 152.000 kg, hain zuzen ere. Aldiz, otsaila izan zen hondakin kopuru txikiena sortutako hilabetea; 124.000 kg-rekin. Gaikako bilketari dagokionez, urtarrilean lortu zen urteko portzentajerik altuena %75a gaindituz. eta gaika gutxien jaso zen hilabetea abuztua izan zen %70etik beherako portzentajearekin.
Tolosaldeko Mankomunitateak argitaratu berri dituen datuen balorazio gazi-gozoa egin du Amasa-Villabonako Udalak. Hondakinen bilketari dagokionean, gaika bildutakoaren portzentajea beti %70etik gorakoa izateko konpromisoa hartu zuen udalak 2016an. 2022an %70eko langa hori gainditu bada ere, oraindik ere badago non hobetua. Beraz, Udalak zentzuz eta arduraz jokatzeko deia egin nahi du, eta sortzen diren hondakinak behar bezala sailkatu eta bakoitza dagokion edukiontzi barrura botatzea eskatzen die herritarrei.