28Maiatza2023

006.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
20220928Plenoa

2023 urterako Ordenantza Fiskalak onartu dira

Atzoko Udalbatzaren osoko bilkuran Udal Gobernuak 2023rako aurkeztutako Ordenantza Fiskalen proposamena onartzea erabaki zen, EH Bildu eta PNV-EAJren aldeko 12 botoekin, eta PSEko ordezkari bakarraren kontrakoaekin.

Gauzak horrela, 2023. urtean udal zerga eta tasa guztiak %1,5eko igoera orokorra izango dute. Kontuan izanda KPIa azken urtean %10,3a igo dela, honek ez ditu konpentsatuko 2023an udalak aurre egin beharko dituen gastu gehigarriak.

Zerga eta tasa nagusiei dagokionez, herritarrek ordaindu beharreko kopuruetan igoera oso txikiak izango dira. Adibidez, hondakinen bilketa eta kudeaketarako udal tasaren kasuan, etxebizitza bakoitzeko hiruhileko tasa 24,63 euro izatetik, 25 euro izatera igaroko da (0,37 euroko igoera). Ibilgailuen tasari dagokionez ibilgailu gehienen kasuan igoerak urteko 1,21 euro eta 2,21 euro bitartekoak izango dira. Olaederra kiroldegiko bazkide-kuotetan hileko 24,85 eurotik 25,2 euro izatera pasako da (0,35 euroko igoera). OHZ (IBI) zergaren kasuan Aldundiak higiezinen balio katastralak murriztuko dituela iragarri duenez, ordaindu beharreko kopuruetan jaitsierak egotea aurreikusten da.

Era berean, igoera txiki honen bidez 2023. urtean udalak 30.500 euro gehiagoko diru-sarrerak izango dituela aurreikusten da.

Zerga-hobari guztiak mantentzen dira
Azken urteotan egin den moduan, datorren urtean ere zerga-hobari guztiak bere horretan gertauko dira. Legealdi hasieran martxan jarritako hobari berrietan ere ez da aldaketarik izango 2023 urterako.

HOBARIEN ZERRENDA OSOA

Adostasuna alderdi politiko nagusien artean
EH Bildu alderdiak gidatutako Udal Gobernuak "Udalaren oreka ekonomikoa ziurtatu beharra" nabarmendu zuen udal zerga eta tasetan %1,5eko igoera aplikatzeko arrazoi nagusi bezala. Horrekin batera, PSEren jarrera "populista" salatu zuten: "oso erraza da oposizioan egonda, inolako ardurarik gabe, zergak izoztu behar direla esatea". EH Bilduko ordezkariak udal gobernuari arduraz jokatzea tokatzen zaiola eta udalaren etorkizuneko bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzea axolagabekeria galanta litzatekeela nabarmendu zuen.

EAJ-PNV alderdia Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenarekin ados agertu zen eta bere bost zinegotziek aldeko bozka eman zuten, azalpen gehiagorik eman gabe.

PSEko ordezkari bakarra den María Luisa Arijak, aldiz, zerga eta tasa guztiak izoztuta mantentzearen aldeko jarrera defendatu zuen, izan ere, "gure bizilagunen presio fiskala ez handitzea da helburua, bizi dugun krisi egoera ikusita". Ondorioz, Udal Gobernuak proposatutako igoera orokorrari ezezko bozka eman zion.

20220922Frontoia

Lehen aldiz, profesionalen esku pilota jaialdia Villabonan

Behar Zana elkartearen 75. urteurrenaren harira, pilotari profesionalen esku pilota jaialdia izango dugu Villabonako udal pilotalekuan. Urriaren 7an izango da, 22:00etatik aurrera.

Behar Zana elkarteak 75. urteurreneko ospakizunetan murgilduta jarraitzen du eta urteurren garrantzitsu honi ekarpena egiteko, lehen mailako pilotari profesionalen jaialdi berezia antolatzea erabaki du Udalak. Amasa-billabonatarrok ez dugu gure herrian bertan esku pilota profesionalak eskaintzen duen ikuskizunaz gozatzeko aukerarik izan, eta udaleko kirol sailaren iritziz honakoa une aproposa da horrekin amaitzeko.

Beraz, punta-puntako pilotarien norgehiagokez gozatzeko aukera izango dugu, datorren urriaren 7an. Batetik, lehen mailako 4 1/2ko txapelketako final zortzirenak jokatuko dituzte Elezkano IIak eta zozketa bidez aterako den beste pilotari batek. Binakakoan, aldiz, izen handiko pilotariak izango dira, Altuna IIIak eta Tolosak, Irribarria eta Rezustaren aurka neurtuko baitituzte indarrak. Amaitzeko, 4 1/2ko promozio mailako final-laurdenetan Egiguren V.a zozketa bidez ateratako pilotariaren aurka lehiatuko da.

Jaialdirako sarrerak irailaren 26an eta 27an jarriko dira salgai Behar Zana elkartean bertan (Villabonako kale Nagusian) 16:30-19:30 ordutegian. Irailaren 28tik aurrera internet bidez erosteko aukera zabalduko da www.entradasfronton.com webgunean. Sarrera bakoitzaren prezioa 30 €-koa da.

Jaildi berezi honen antolaketarako guztira 4.000 euroko inbertsioa egin du Amasa-Villabonako udalak.

Jaialdiko kartela

20220916Kultur ikastaroak

2022-2023 ikasturteko kultur ikastaroak aurkeztu ditu Udalak

2022-2023 ikasturte berri honetan ere, Udalak, aisialdiaz modu aktiboan gozatzeko baliabideak eskaini nahi dizkie amasa-billabonatarrei. Horregatik, adin tarte guztietako herritarrentzat sormena, ongizatea eta garapen pertsonala sustatzera bideratutako kultur ikastaroen aukera zabala antolatu du Kultura sailak.

Ikasturte honetan guztira, 12 kultur ikastaro desberdin izango dira aukeran. Nabarmentzekoa da, kultur ikastaroen eskaintza pandemiaren aurreko normaltasun-egoerara itzuli dela; bai ikastaroen aniztasunean, baita areto, gela eta aforoetan ere.

 

 
Ikasturte osoko ikastaroak:

 Haurrentzat

  • Funky (6-12 urte)
  • Ballet (6-12 urte)
  • Antzerkia haurrentzat (8-12 urte)
  • Eskulanak haurrentzat (6-10 urte)
  • Pintura haurrentzat (4-12 urte)

Helduentzat

  • Antzerkia helduentzat (16 urtetik aurrera)
  • Egur lanketa helduentzat
  • Zaharberritzea eta arte aplikatuak
  • Pintura helduentzat (14 urtetik aurrera)
  • Joskintza

Ikastaro laburrak helduentzat:

  • Serigrafia
  • Oinarrizko argazkigintza

Ikusi ikastaroen xehetasunak biltzen dituen eskuorria.

Izen-emateak astelehenetik aurrera, modu telematikoan
Ikastaroetan izen-ematea irailaren 19tik 30era izango da, eta www.villabona.eus webgunean, goizeko 08:00etatik aurrera, argitaratuko den formularioaren bidez egin behar da.

Amaitzeko, Udaletik, amasa-billabonatar guztiak animatu nahi ditugu kultur ikastaro hauetakoren batean izena ematera. Herrian bertan, aisialdirako aukera paregabea eskaintzen dute eta!

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.