
- 2023 Iraila 12
Kultur ikastaro eskaintza zabala aurkeztu du Udalak, 2023-2024 ikasturterako
Herritarrek aisialdiaz modu aktiboan gozatu dezaten, kultur ikastaro aukera zabala antolatu du Udaleko Kultura sailak, 2023-2024 ikasturte berrirako. Gustu, interes eta adin-tarte guztietako herritarrentzat urte osoko zein ikastaro laburrak jarri dira aukeran, Amasa-Villabonan bertan. Guztira, 12 kultur ikastarok osatzen dute aurtengo eskaintza.
Ikasturte osoko ikastaroak:
Haurrentzat
- Funky (6-12 urte)
- Ballet (6-12 urte)
- Antzerkia (8-12 urte)
- Eskulanak (6-10 urte)
- Pintura (4-12 urte)
Helduentzat
- Antzerkia (16 urtetik aurrera)
- Egur lanketa
- Zaharberritzea eta arte aplikatuak
- Pintura (14 urtetik aurrera)
- Joskintza
Ikastaro laburrak helduentzat:
- Serigrafia
- Oinarrizko argazkigintza
Ikastaroen egun, ordutegi edota tarifei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi eskuorria.
Ikastaroen inguruko argibideren bat nahi duenak E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidera idatzi dezake, telefonoa utzi eta kultura saileko arduradunak jarriko dira interesatuarekin harremanetan.
Izen-emateak irailaren 13tik 27ra, modu telematikoan
Ikastaroetan izen-ematea irailaren 13tik 27ra izango da, eta www.villabona.eus webgunean argitaratuko den formularioaren bidez egin behar da.
Kultur ikastaro hauek ezagutza berriak eskuratzea ahalbidetzen dute, beraz, ez galdu parte hartzeko aukera!

- 2023 Iraila 05
Ikasi euskara Amasa-Villabonan!
2023-2024 ikasturteko Tolosaldeko euskara ikastaroen matrikulazio kanpaina aurkeztu dute gaur goizean, Ibarran. AEK eta Aitzol euskaltegiekin batera, Xabat Laborde, Euskara zinegotzia eta Maite Arregi, Udaleko Euskara teknikariak aurkezpenean parte hartu dute. Horietaz gain, eskualdeko hainbat udal, UEMA eta Galtzaundi Euskara Taldeko ordezkariak ere bertaratu dira.
Amasa-Villabonako euskara ikastaroen aukera
Udaleko Euskara Zerbitzuak euskara ikastaroak antolatu ditu 2023-2024 ikasturte berri honetarako. Horrela, oinarrizko euskara ikastaroetatik hasi eta hizkuntza eskakizunen bat prestatzerainoko ikastaroak eskainiko dira herrian bertan. Gainera, etorri berriei zuzendutako Aisa ikastaroak edota autoikaskuntza ikastaroak ere izango dira.
Amasa-Villabonan bertan eskainiko diren ikastaroak:
• Hastapen maila: astelehen, astearte eta ostegunetan, 09:30-11:30 (AISA – kanpoko jatorria duten herritarrentzako harrera ikastaroa)
• Oinarrizko maila (A1-A2): astelehen, astearte eta ostegunetan, 09:30-12:00
• Erdi-maila (B2): astelehen, astearte eta ostegunetan, 09:30-12:00
• Goi-maila (C1): astelehen, astearte eta ostegunetan, 09:30-12:00
Aurten gainera, ostalarientzako ikastaro bat eskainiko da. Ikastaroak 60 ordu izango ditu eta astean 4 orduz emango da, urritik urtarrilera bitarte. Ikastaroa asteazkenetan izango da 09:30-11:30era eta astean beste bi orduz bakarkako lana egingo da, lantokian bertan ahal bada.
Amasa-Villabonan eskaintzen diren ikastaroak ez badira ikaslearen behar edo ordutegira egokitzen, ikusi Tolosaldeko ikastaroen eskaintza.
Matrikulazio epea, irailaren 20ra arte
Ikasturte berri honetan euskara ikasi nahi dutenek irailaren 20ra arte daukate izena emateko aukera. Horretarako, bi modu daude aukeran; batetik, izen-emate orria bete eta udaletxeko sarreran dagoen Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ) entregatu 08:00 - 14:00 ordutegian, edo, izen-emate orria bete eta E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbide elektronikora bidali.
Udalak diruz lagunduko ditu euskara ikasleak
Aurten ere bai, Udalak 12.000 euro bideratuko ditu euskara ikasteko dirulaguntzetara. Horrela, oinarrizko mailetan matrikulatzen direnek (A1etik hasi eta B2raino) matrikularen %100 jasoko dute bueltan; Euskara ikastea guztiz doakoa izango da ikasle hauentzat. C1 eta C2 mailetan matrikulatzen diren ikasleei, aldiz, matrikularen %75a itzuliko die Udalak.
Aipatutako dirulaguntza lortzeko derrigorrezkoa izango da Udalak ezarritako baldintzak betetzea:
• Amasa-Villabonan erroldatuta egotea.
• Gutxienez, ikastaroaren %85eko asistentzia izatea.
• Euskaltegiaren aldeko txostena lortzea, errendimenduari dagokionez.
• Matrikula ordainduta izatea.
Euskara ikasi nahi dutenek, beraz, ez dute aitzakiarik Amasa-Villabonan, maila guztietako ikastaroak eskaintzen baitira herrian bertan. Horregatik, Amasa-Villabonako udalak euskaltegietara gerturatu eta euskara ikastera animatu nahi ditu herritarrak.

- 2023 Abuztua 02
Poza eta alaitasuna nagusi, jai jendetsu eta parte hartzaileetan
Amasa-Villabonako Udalak, igaro berri diren Santio jaien lehen balorazio oso baikorra egiten du eta eskerrak eman nahi dizkie jaietako ekintzetan parte hartu duten herritar guztiei. Era berean, Udalak bere eskerrik beroenak eman nahi dizkie Jai Batzordean parte hartuz, jaietan zehar ekintzak antolatu dituzten elkarte eta talde guztiei, bolondres gisa egindako lan guzti hori gabe, Santio jaiak ez lirateke posible izango. Mila esker eta aupa zuek! Auzolana eta herritarren parte hartze aktiboa dira jai hauen zutabe nagusia eta horrek harro sentiarazten gaitu, herri bizi-bizia garela adierazten baitu.
Aurtengo jaietan poza, algara, enpatia, errespetua eta giro atsegina nagusitu dira Villabonako kaleetan eta badirudi zorionez ez dela intolerantziari edota indarkeria matxistari lotutako gertakari larri azpimarragarririk izan. Hau guztiz normala izan behar litzateke eta agian ez genuke aipatu ere egin behar, baina intolerantzia eta matxismoa zoritxarrez oraindik gure gizartean ditugun gaitzak dira eta kezka iturri izaten dira jaietan. Tamalez, gertakari ezatseginak eta jokabide kaskarren kasu puntualak izan dira, baina orokorrean jai hauetan jendeak izan duen portaera bikaina txalotu eta balioan jarri nahi dugu.
Bukatzeko, Udalak argi utzi nahi du jaien balorazioa egitea Santio Jai Batzordeari dagokiola eta horregatik irailean jai Batzordeak balorazio bilkura bat egingo duela iragarri nahi dugu. Bertan aztertuko dira jaietan zehar ondo eta gaizki egindakoak, beti ere 2024ko Santio jaiei begira irakaspenak atera eta hobekuntzak proposatzeko helburuarekin.