18Apirila2024

007.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
20230313GeuretikSortuak

Geuretik sortuak egitasmoaren baitan, Eñaut Aiartzaguena komikigilea izango dugu Amasa-Villabonan

Gaur eguerdian, Udalbitzaren Geuretik Sortuak kultur ekimenaren baitan, Amasa-Villabonan izango dugun sortzailearen aurkezpena izan da Udaletxeko Batzar areto nagusian. Eñaut Aiartzaguena Iurretako komikigilearekin batera izan dira Beatriz Unzue alkatea eta Xabat Laborde alkateordea.

Hauek izan dira Beatriz Unzue alkatearen hitzak:

“Amasa-Villabonako udalak Geuretik Sortuak kultur ekimenaren bigarren edizioan parte hartuko du.

Egitasmo honen bidez Euskal Herriko hainbat udalerritan sormen egonaldiak burutzeko bekak eskaini zaizkie kultur sortzaileei, hauek euskaraz izango diren nobela motzak, antzezlanak, film laburrak edo komikiak sortu ditzaten.

Geuretik sortuak egitasmoaren bigarren edizio honetan guztira 23 kultur sortzailek eta Euskal Herri osoko 39 udalerrik parte hartuko dute. Udalbiltza Patzuergoko balioespen batzordeak horrela erabakita, Eñaut Aiartzaguena Iurretako komikigilea izango dugu Amasa-Villabonan bere sormen lana garatzen. Eñautek Arte Ederretako ikasketak burutu zituen eta hezkuntza ez formaleko hezitzaile gisa jardun du hainbat elkarteetan. Hiru asteko denbora eta espazioa izango ditu berak aukeratutako gaia garatzeko, eta Amasa-Villabonako herritarrekin eskuz esku lantzeko.

Eñautek garatutako lana, eta baita gainontzeko udalerrietan landuko diren sormen lanak ere, kultur zirkuitu batean aurkeztuko dira 2024. urtean.

Iaz Maitane Perez idazlearekin izandako esperientziak zapore gozoa utzi zuen herrian, beraz, aurten ere kultur sorkuntza sustatzeko ekimen honetan parte hartzen jarraitzea erabaki dugu.

Amasa-Villabonako udalean harro gaude Geuretik Sortuak kultur ekimeneko partaide izateaz. Guretzako oso pozgarria da, geurera etorritako kultur sortzaileen bidez, Amasa-Villabonan bertan sortutako kalitatezko kultur ekoizpena edukitzea.

Udalak 2023 eta 2024 urteetan zehar egitasmo hau garatzeko guztira 21.713,70 euroko ekarpena egin du Udalbiltza partzuergoarekin sinatutako Lankidetza Hitzarmenaren bidez. Aurten horietatik 13.813,70 euro bideratuko dira sorkuntza fase osoa garatzeko, eta 2024. urtean beste 7.900 euro ezarriko dira Geuretik Sortuak egitasmoan beste udalerrietan osatutako ekoizpenen kultura-zirkuituaren parte izateko”.

Agerraldiari amaiera emateko, Eñaut Aiartzaguenak jorratuko duen komikiaren printza batzuk aurreratu ditu. Azaldu duenez, sorkuntza lanaren interesgunea basoa izango da, eta mendietako istorioekin zein izaki mitologikoekin uztartuko du. Komikiaren bidez Amasa-Villabonako mendien balio ekologikoa mahaigaineratu nahi du. Haurrei zuzendutako komikia izango da.

20230308 M8 Ekitaldia

Herriko industriako emakume langileak omendu ditu Udalak

Gaurko Emakumeen Nazioarteko Eguna baliatuz, Amasa-Villabonako Udalak herriko industrian jardun duten emakume langileak omendu ditu, La Salvadora jubilatu etxean egin den ekitaldi berezian. Beatriz Unzue alkateak, eta Arantza Lopez Berdintasun saileko zinegotziak, Udalaren izenean, emakume hauen lana ikusarazi, goraipatu eta Amasa-Villabonari egin dioten ekarpena aitortu dute. 

Lurgatz talde feministak ere parte hartu nahi izan du ekitaldian eta emakume langileen aldeko hitzak izan ditu bozeramaile gisa jardun duen Pauli Olano Lurgatz-eko kideak.

Ekitaldiari amaiera borobila emateko, Villabonako La Salvadora papergintza enpresako emakume langileen argazki-mural bat estalgabetu da eraikinaren fatxadan. Argazkia leku horretan geratuko da aurrerantzean ere bertan lan egin zuten emakumeak oroitzeko.

Hona hemen Beatriz Unzue alkatearen hitzak gaurko ekitaldian:

Kaixo, eguerdion denoi eta eskerrik asko gerturatu zareten guztioi,

Gaur, martxoaren 8an, emakumeon egunean, Udaletik ekitaldi berezi hau antolatzea erabaki dugu, gure herriari ekarpen handia egin dioten industria sektorean lan egin zuten eta lan egiten duten emakume guztiei, eskerrak emateko eta merezitako omenaldia eskaintzeko.

Dakizuen bezala, XIX. mendean, industrializazioa heldu zen Amasa-Villabonara eta lehenik ehungintza eta ondoren XX. mendean zehar papergintza sektoreko lantegi handiak sortu ziren hemen eta Tolosaldea guztian. Bestek beste, orain auzo eder hau dagoen leku honetan bertan sortu ziren Subijana y CIA eta La Salvadora enpresa enblematikoak. Jende asko etorri zen lantegi edo fabrika hauetan lan egitera, beren bizitzak aurrera ateratzeko.

Villabona herri industriala bilakatu zen eta sektore honen hazkundeak, lana eta oparotasuna ekarri zituen gurera. Milaka izan ziren hemengo industrietan lan egin zuten langileak, gizonak eta EMAKUMEAK, belaunaldiz belaunaldi, beren lan indarrarekin, aberastasuna sortzen.

Baina gizarte patriarkal eta matxista hartan, industria enpresetan emakumeek egiten zuten lana gutxietsia eta inbisibilizatua izan zen. Lantegietako "obrero" figura beti genero maskulinoarekin lotu izan da: "Los obreros" esaten zen, emakumeak bazterrean utziz. Badakizue, emakumeek etxean egon behar zuten, etxeko lanak egiten, sukaldean eta haurrak eta adinekoak zaintzen. Hori izan da historikoki emakumeei ezarri zaien rola eta zeregina.

Baina hemen, oso ondo dakigu emakumeak ezinbestekoak izan zirela gure industria aurrera ateratzeko. Asko izan dira gazte gaztetatik (askotan 14 urterekin) fabrikara lanera joan zirenak, beren izerdiarekin lortutako soldatarekin, bizitzan aurrera egin ahal izateko. Eta esan behar da hor ere soldata arrakala handia zegoela, emakumeek beti gizonezkoek baino gutxiago irabazten zuten. Lan baldintzak ere ez ziren onak, ordu asko, atseden gutxi eta soldata txikiak ziren emakumeen eguneroko ogia. Gainera, lan bikoitza hartu behar izaten zuten bizkar gainean: fabrikako lana, eta ondoren etxeko lanak eta zaintza lanak. Zama astuna, dudarik gabe.

Garai zail haietan, lan baldintzak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko langileen borroka eta grebetan, emakumeak hor egon ziren, ia beti gizonen itzalpean, askotan ikustezin bihurturik, baina aurpegia ematen, barrikaden lehen lerroan, gizarte hobe baten alde borrokatzen.

Guzti horregatik, modu xumean bada ere, gaurko ekitaldiarekin justizia ariketa bat egin nahi izan dugu. Amasa-Villabonako herriak aitortza eta eskertza zor die, belaunaldiz belaunaldi gure fabriketan lan egin zuten emakume horiei guztiei, eta horretarako bildu gara gaur hemen.

Emakume langile guzti horien lanak ekarri gaitu honaino eta orain guri dagokigu borroka horri jarraipena ematea, benetako berdintasuna lortu arte.

Alkate naizen aldetik, Amasa-Villabonako herriaren izenean ESKERRIK ASKO BIHOTZ BIHOTZEZ! HOBERENAK ZARETE!
Gora emakume langileak!

Zaintzak

Udalak herriko zaintza sistemari buruzko ikerketa egingo du

Pasa den otsailaren 28ko udalbatzan, Udal Gobernuak (EH Bildu) proposatutako mozioa gehiengoz onartu zen aldeko 7 bozka (EH Bildu ) eta 5 abstentziorekin (EAJ-PNV eta PSE). Mozio horretan, gizarte gisa bizi dugun zaintzen krisiari aurre egiteko "estrategia publiko-komunitarioak diseinatu eta abian jartzeko" beharra azpimarratzen da eta prozesu hori "elkarlanean garatzea, besteak beste, eragile sindikal, sozial, mugimendu feminista eta bestelako herri-mugimenduen parte hartze aktiboarekin" aldarrikatzen da. 

Horrela, Amasa-Villabonako udalak besteak beste, etxez-etxeko laguntza zerbitzua, eguneko zentroa, Santiago adinekoen egoitza eta udalerriko etxebizitza pribatuetan zaintza lanak egiten dituztenak (ia beti emakumeak) zein egoera duten aztertuko du, ondoren identifikatutako beharrei erantzuteko, beti ere kalitatezko zaintza sistema duina sortzeko helburuarekin. 

Honakoa da Amasa-Villabonako udalbatzak gehiengoz onartutako mozioaren eduki osoa:

Zaintzen krisi batean murgilduta gaudela dioten ahotsak aspalditik datoz, eta toki ezberdinetatik. Pandemiak agerian utzi du feminismoa aspaldi aldarrikatzen ari zena: bizitza zaurgarria eta dependientea da. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da: horrek begirada feminista eskatzen du erakundeetatik bultzatzen ditugun politika guztietan. Krisiaren azaleratzeak batzuengan eragiten duen paralisiaren aldean, mugimendu feministaren deiarekin bat egiten dugu. Diskurtso hutsaletatik, elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak ezarri eta eraikitzeko garaia da.

Herritar guztion bizitzek ez dutelako berdin balio gure herrian. Eta bizitza horien zaintza ez da modu berean egiten. Gogor salatzen ditugu zaintzarekin negozioa egin eta eskubidea merkantzia bilakatzen duten politikak eta enpresa kapitalistak. Zaintzaren merkantilizazio eta familiarizazioa da sustatzen den eredua, eta honek etxeko eta zaintza sektoreko langileen esplotazioa dakar. Sektorea desarautua batzuen kasuan, eta konbenio ezberdinetakoa besteen artean.

Egoitzetako zein etxez etxeko langileak, gehienak emakumeak, lan baldintza duinen aldeko borrokari heldu behar izan diote etengabe haien egoera hobetzen saiatzeko, ez baita etorri instituzioen partetik, pandemia ostean ere ez, berau erregulatzeko eta duintzeko inolako urratsik. Feminizatutako eta prekarizatutako sektore honek, zaintzen krisiaren erresoluzio sexistaren beste albo kaltea dira, askoren ahotan dagoen soldata arrakalaren eragile nagusietakoa. Gizarte-zerbitzuetan ez dago plaza publikoen garapen nahikorik, zaintza-premien aurreko arreta publikoa murriztu egin da. Honen aurrean, aukera duten familiek zerbitzu pribatuetara jo behar izan dute baina askok abusuzko klausulei eta egoitza pribatuetako hileroko ordainketaren garestitze bortitzari, 300€-tik gora kasu batzuetan, aurre egin behar diete. Horiek zerbitzu-txekearen ereduaren albo-ondorioak dira, legearen aurkakoa dena. 2800 familia omen daude egoera honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Behatuz-en datuen arabera.

Krisi egoera honi egoki erantzungo dioten erantzun integralak premiazkoak dira, esparru eta maila guztietan, eta ezinbestekoa da, eremu hau ere horretara aktibatu eta soluzio berriak mahai-gaineratzen hastea. Errealitate gordin horren aurrean, gure herriak, dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, erakundeetatik ahalegin eta konpromiso hori aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa eta elkarrizketa guneak bultzatu eta indartuz.

 

Horregatik guztiagatik, Amasa-Villabonako Udalak honako hau erabaki du:

  • Udalak Amasa-Villabonan dugun zaintza sistemari buruzko analisia egingo du 2023. urtean. Analisi hori lehen urratsa izango da, ondoren gure errealitateari erantzungo dion kalitatezko zaintza sistema zabal, egoki eta justuago bat eraikitzeko estrategia publiko-komunitarioak diseinatzeko eta abian jartzeko. Udalak prozesu hau elkarlanean garatuko du, besteak beste, eragile sindikal, sozial, mugimendu feminista eta bestelako herri-mugimenduen parte hartze aktiboarekin. 
  • Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren eredua eta funtzionamendua egokitzea eta zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.
  • Eguneko zentroen eredua eta zerbitzuaren azterketa egitea eta honen arabera berau egokitzea/berrantolatzea eta/edo zabaltzea, identifikatutako beharrei erantzuteko eta lan-baldintzak duintzeko asmoz.
  • Gure udalerriko etxeko langileen egoera identifikatzea eta aztertzea (zerbitzu sozialen eta tokiko kolektiboen bidez), eta haien lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko programa integralak abian jartzea, besteak beste: kontzientziazio kanpainak, etxebizitzarako eta langileen erroldarako eskubidea bermatzeko ekimenak, aholku zerbitzuak martxan jartzea, etab.
  • Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.
  • Egoitzetako zaintza eredua premiaz berrikustea, mugimendu feministaren, senitarteko- elkarteen, zaintzaileen eta abarren parte-hartzearekin, zaintza duinen premisari erantzunez, zaintza ematen eta jasotzen dituenarentzat.
  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak abiatu duen dinamikarekin bat egitea, hasteko eta behin, Martxoaren 8ko deialdiak babestuz eta herritarrei bertaratzeko deia eginez.

 

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.