20Maiatza2024

002.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
20221222Manifestazioa

Euskal presoen eskubideen aldeko manifestazio ixila antolatu dute Aiztondoko udalek

Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako udal ordezkariek (tartean herri hauetako alkate guztiak) agerraldi publikoa egin dute gaur eguerdian Villabonan, eta datorren abenduaren 31n, arratsaldeko 18:30ean egingo den euskal presoen aldeko manifestazio ixila aurkeztu dute.

Manifestazioarekin eta aurkeztutako mezuarekin bat egiteko aukera mahai gainean jarri zaien arren, Larraulgo udal gobernuak eta Amasa-Villabonako EAJ-PNV eta PSE alderdiek ez dute deialdiarekin bat egin.

Hau da gaurko agerraldian Aiztondoko udal ordezkariek kaleratu duten oharra:

EUSKAL PRESOEN ESKUBIDEEN ALDE MANIFESTAZIO ISILA

2022. urtearen amaierara heldu gara eta beste urte batez hemen gaude, euskal presoen eskubideak errespeta daitezela aldarrikatzeko mobilizazioa antolatu dugula iragartzeko. Aiztondoko udal ordezkariok gure konpromisoa berresten dugu euskal presoen eskubideen defentsan.

Zorionez, euskal alderdi politiko, sindikatu eta erakunde sozialen ahaleginari esker, baina, batez ere, gizarte zibilaren bultzada irmoari esker, presoen urruntze-politika desagertzea lortzen ari gara.

Gaur da eguna, Aiztondoko preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan daudena. Bada zerbait.

Horregatik une egokia da, dispertsio eta urrunketa politikak eragindako sufrimendua gogora ekartzeko. Presoen senide eta lagunak zigortzeko helburuarekin martxan jarritako politika anker horien ondorioz, urte luzez Aiztondoko senide eta lagunek milioika kilometro egin behar izan dituzte errepideetan, horrek zekarren arriskuarekin. Astebururo ordu mordoa bidaiatzen pasa behar izan dituzte, senide edo lagun presoarekin 40 minutuko bisita bat edukitzeko. Aiztondoko ehunka herritarrek derrigorrez ezagutu behar izan dituzte Huelva, Curtis, Puerto de Santa Maria, Granada, Algeciras, Fleury edo Fresnes bezalako espainiar eta frantziar hirien zerrenda luze bat.

Zorionez, dispertsioa eta urrunketa, milaka euskal herritarren eskubideak urratu dituen politika zentzugabea, gure herriaren historiako pasarte ilun bat izatera pasako da laster. Hori bai, errepideetan hildako 16 pertsona eta ehunka zauritu atzean utziz.
Hala ere, tamalez, euskal presoek pairatzen dituzten eskubide urraketak oraindik ez dira amaitu.

Alde batetik, espetxeetako bizi baldintzek asko dute hobetzeko, bis familiarrak hilero egiteko eskubidea ez da errespetatzen, ez da mediku asistentzia egokia bermatzen eta birgizarteratzeko baliabide gehiago behar dira.

Bestalde, arlo politiko eta batez ere judizialean, espainiar estatuko sektore kontserbadore eta ultrak atzera egin nahian dabiltza. Teknikoak izan behar luketen erabaki judizialak eskuin-mutur politikoaren postulatu eta ideologiaz zipriztintzen ari dira, berriro ere euskal presoen eskubideak urratuz. Estatuko fiskaltza eta Auzitegi Nazionala erabiltzen ari dira errepresio tresna bezala.

Espetxean bi hamarkada, edo hiru ere, bete dituzten presoek hirugarren gradua eta erdi-askatasuna lortu ondoren, behin eta berriro ikusten ari gara berriro espetxeratu egiten dituztela, bigarren gradura bueltaraziz. Hori ez da justizia. Hori mendekua da.

Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradura eta erdi-askatasunera igarotzea onartu dien 33 presoetatik 23 errekurritu ditu fiskaltzak; horietatik 6 espetxera itzuli dira eta 13 Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiaren zain daude. Horrela, Auzitegi Nazionalak boikota egiten die espetxeetako profesionalen erabakiei, haiek baitira presoen bilakaera ezagutzen dutenak.

Aiztondoko udal ordezkariok tinko salatzen ditugu euskal presoen etxeratzea oztopatzeko aplikatzen ari diren gradu erregresio horiek guztiak.

Espainiar eskuin muturrak sustatutako atzeraldi honen aurrean, Euskal Herrian berriro ere, bakea, bizikidetza eta konponbidea aldarrikatzea dagokigu. Giza eskubideak defendatzen ari gara eta horretan ez dugu inoiz atzera egingo.

Amaitzeko, ahalik eta azkarren euskal presorik gabeko eszenatoki bat lortzeko itxaropena plazaratu nahi dugu, hori izango baita herri honetan bakean eta elkarbizitzan aurrera egin dugunaren adierazlerik garbiena.

Guzti honegatik, Aiztondo bailarako Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu eta Zizurkilgo udalek MANIFESTAZIO ISILA antolatu dugu ABENDUAREN 31n 18:30etan Villabonako Erreboteko plazatik hasita, Zizurkilgo Joxe Arregi plazaraino.

Aiztondo bailaran, 2022ko abenduan.

MANIFESTAZIOAREN KARTELA

20221212Itzulia

Amasa-Villabonan amaituko da 2023ko Euskal Herriko Itzuliko hirugarren etapa

Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketaren antolatzaile taldeak gaur jakinarazi du Itzuliaren 62. edizioko etapetako irteera eta helmugak zein herritan izango diren.

Itzuliaren 2023ko edizioa apirilaren 3tik 8ra izango da. Txirrindulariak Gasteizetik irten eta Eibarren bukatuko dute 6 egun beranduago. Horrela, 2023ko apirilaren 5eko etapa, alegia, lasterketaren hirugarren etapa, Errenteriatik abiatuko da eta Amasa-Villabonan izango du amaiera.

2023ko Itzulia Basque Country lasterketako etapak eta egunak:
• Etapa: 2023/04/03 > Vitoria-Gasteiz // Labastida
• Etapa: 2023/04/04 > Viana // Leitza
• Etapa: 2023/04/05 > Errenteria // Amasa-Villabona
• Etapa: 2023/04/06 > Santurtzi // Santurtzi
• Etapa: 2023/04/07 > Amorebieta // Amorebieta
• Etapa: 2023/04/08 > Eibar // Eibar

Jakina denez, Euskal Herriko Itzulia maila goreneko txirrindulari proba entzutetsua da eta mundu osoko talde eta txirrindularirik onenek parte hartzen dute. Zalantzarik gabe, zaletu asko hurbilduko dira lasterketaz gozatzera. Txirrindularitzaren jai handia herrian bertan gozatzeko aukera izango da.

Amasa-Villabonako udalak ahalegin berezia egin nahi izan du 2023an lasterketa hau herrira ekartzeko. Izan ere, dagoeneko 20 urtetik gora igaro dira txirrindularitza profesionalak gure herrian helmuga bat izan zuenetik eta kirol honek herritarren artean duen zaletasuna kontuan hartuta, udalak une aproposa dela iritzi dio. Udal Gobernuak bere poza adierazi du azkenean datorren Itzuliako helmugetako bat Amasa-Villabonan izatea lortu izanagatik.

Udalak, Itzulia Basque Country-ko antolatzaileekin elkarlanean ibilbide gorabeheratsu eta ikusgarria osatu nahi izan du, txirrindularitza zaleen gozamenerako.

Horretarako, 2023ko udal aurrekontuan guztira 50.000 euroko diru-funtsa sortzea onartu zen azken udalbatzan. Kopuru hau murrizteko, udalak kanpo finantzaketa lortzeko prozesua abiatuko du, inguruko enpresen babesletza lortzeko helburuarekin.

Datozen asteetan informazio gehiago argitaratuko da: Ibilbide zehatza, ordutegiak etab.

20221130Aurrekontuak2023

2023ko udal aurrekontuak onartu dira adostasun zabalarekin

Astearte arratsaldeko Amasa-Vilabonako udalbatzaren osoko bilkuran, udal gobernuak proposatutako aurrekontuak onartu ziren EH Bildu eta EAJ-PNV alderdien aldeko botoekin eta PSEren aurkakoarekin. Ondorioz, udal aurrekontu hauek babes zabala izan dutela esan daiteke, aldeko 12 bozka eta aurkako bakarra izan baitzituen udalbatzako bozketan.

Aurrekontuaren zifra nagusiak
2023ko udal aurrekontu osoa 7.428.723,45 eurokoa da, Amasa-Villabonako udalak inoiz izan duen aurrekonturik handiena. Aurrekontua modu honetan banatzen da:

  • Pertsonal gastuak: 2.775.952,02 euro
  • Gastu arruntak eta udal zerbitzuak: 2.806.984,93 euro
  • Dirulaguntzak eta ekarpenak: 1.247.454,06 euro
  • Inbertsioak: 388.632,44 euro
  • Finantza gastuak: 209.700 euro

Aldaketa nagusiak eta diru-partida berriak
Pertsonal gastuak %10,17ko igoera izango du 2022koarekin alderatuta. Igoera honek arrazoi ezberdinak ditu, alde batetik 2023an aplikatu beharreko soldata igoera kontuan hartu da eta bestalde, udal gobernuak aldi baterako errefortzurako hainbat kontratazio egitea aurreikusi du (lege teknikaria, gizarte zerbitzuetako teknikaria eta aparejadorea).

Udal zerbitzuetan eta gastu arruntean %6,3ko igoera izango da pasa den urtearekin alderatuta. Aipatu behar da KPIaren igoerak eta batez ere argindarraren, gasaren eta oinarrizko lehengaien prezioaren igoera handiek eragin nabarmena izan dutela udalaren gastu arruntaren igoeran.

Gastu arrunta sailka:

  • Udal Gobernua-Alkatetza gastuak: 160.703 euro. Azken urteetako joerari eutsiz, atal honetan gastu murrizketa esanguratsua izango da, pasa den urtearekin alderatuta %16,9an jaiten baita aurrekontua. Aipagarria da legealdi honetan (2019tik) alkatetza gastuak %42,1an murriztu direla, ordezkari politikoen soldata jaitsierak kontuan hartu gabe

  • Zerbitzu orokorrak: 376.392,18 euro. Atal honek %5,6ko igoera izango du. Igoera hau neurri handi batean udal eraikinen garbiketa lanetarako 2023an martxan jarriko den kontratu berriak izango duen kostuaren igoerak azaltzen du.

  • Gizarte Zerbitzuak: 596.833 euro. Gizarte zerbitzuetako partida ekonomiko ia guztiak bere horretan mantentzen dira. Aipagarria da herriko adinekoentzat ikastaroak antolatzeko 6.000 euroko partida berri bat sortu dela.

  • Udaltzaingoa: 28.000 euro. Sail honek %16ko igoera izan du batez ere galdutako animaliei laguntzeko kontratu berriak dakarren prezio igoeragatik.

  • Euskara: 126.842,16 euro. 2022ko aurrekontua mantendu da eta partida berri bat ezarri da euskara ikasten ari diren herritarrei Tolosaldeko Ataria-ko harpidetzak eskaintzeko.

  • Hirigintza eta zerbitzuak: 605.373,90 euro. Energiaren prezioaren igoera handia orekatu ahal izateko neurriak hartu behar izan dira, adibidez mantenurako gastuak estutuz. Horrela, saileko aurrekontua mantentzea lortu da, soilik %0,35eko igoerarekin.

  • Kultura: 674.494,70 euro. Aurrekontua %12a igo da 2022tik. Igoera hau neurri handi batean Santio jaietako eta ohiko kultur ekintzetarako aurrekontuan egindako igoerek azaltzen dute. Izan ere, kultur arloan ere prezioek gora egin dute nabarmen.

  • Kirolak: 559.611,9 euro. Hau da gastua gehien igoko duen saila (%141,4) baina igoera hau faktore bakar batek azaltzen du: Olaederra Kiroldegiaren defizitaren konpentsaziorako udalak ordaindu beharrekoa biderkatu egin da. Pandemiaren eraginez kiroldegiak bazkide asko galdu zituen, diru-sarrerak nabarmen murriztuz eta aldi berean gastuak asko handitu dira (argindarra, gasa...). Horrek Kiroldegiaren balantze ekonomikoan desoreka handia sortu du eta udala behartuta dago desoreka hori diruz konpentsatzera. 2023an konpentsazio honetarako udalak 350.000 euro bideratu beharko dituela aurreikusten da.

  • Gazteria: 145.806,25 euro. Sail honetako aurrekontuak ere igoera nabarmena izan du, %26koa. Igoera hau batez ere Gaztelekuko kudeaketarako kontratu berriaren garestitzeak sortu du (kontratuaren kostua 55.000 eurotik 66.000 eurora igo da).

  • Hezkuntza: 259.081,90 euro. 2022ko aurrekontuarekin alderatuta %32,27ko igoera izan du. Neurri handi batean Fleming herri eskolako eraikinen garbiketarako kontratuaren garestitzeak eragin du igoera.

  • Ingurumena eta mendiak: 521.300 euro. Aurrekontua ia bere horretan mantentzen da, soilik %1,38ko jaitsiera batekin. Jaitsiera txiki hau hondakin organikoetarako poltsa konpostagarriak erostera bideratzen den diruaren murrizketagatik gertatu da (15.000 eurotik 3.000 eurora jaitsi baita gastu hau).

Gastuen zerrenda osoa

Dirulaguntza eta ekarpenetarako udal aurrekontua %27an igo da 2022tik. Udalak beste eragile publiko batzuei egin beharreko ekarpenek igoerak izan dituzte eta udalak herriko elkarteei bideratzen dien diru laguntzetan ere igoera apagarriak daude: Oinkari dantza taldea %10, Harituz bertso elkartea %12,5, Zunbeltz elkartea %52,38, Uxo toki elkarea %170,6 (50. urteurrenagatik), Behar Zana pilota elkartea %18,75, Begiraleen ikastaroetako dirulaguntzak %25 etab. Bestalde, dirulagunza berri batzuk ere jasotze dira aurrekontuan: Aiztondo Neskide kirol kluba 8.000 euro, Oria ibaia Nordc Walking 1.800€ eta Irrika aisialdi elkartea 9.000 euro.

Dirulaguntza eta ekarpenen zerrenda osoa

2023rako inbertsioak: 388.632,44 euro.
Aipatu ditugun pertsonal gastuaren, gastu arrunten eta dirulaguntzen igoerek, 2023an udalak inbertsioetara bideratzeko izango duen aurrekontuaren jaitsiera nabarmena eragin dute. 2022ko inbertsioetako aurrekontuarekin alderatuta, %46ko jaitsiera izango da.

Hau kontuan hartuta, udal gobernuak 2023. urtean inbertsioetara bideratuko den dirua handitu ahal izateko, udal gerakineko funtsa (udalak bankuan duen dirua) erabiltzea proposatu du, funts horretako diruarekin inbertsioetarako hasierako partida ekonomikoak nabarmen handituko direla adieraziz.

2023. urterako inbertsio aipagarrienak:

  • Udal Liburutegiaren handitzea eta eraberritze integrala: 120.000 euro
  • Txermingo parking handiaren eraberritzea: 115.000 euro
  • Txermin auzoaren berrurbanizazio planeko obrak: 25.000 euro
  • Irisgarritasuna hobetzeko lanak: 10.000 euro
  • Udal artxiboan fototeka digitala sortzea: 7.500 euro
  • Amasako hilerrian konponketak: 17.000 euro
  • Oria ibaiko oinezkoen zubiko lurra berritzea: 10.000 euro (Zizurkilgo udalarekin batera)

Beste inbertsioak:

  • Fleming herri eskolako azpiegituretarako inbertsioak
  • Energia planeko inbertsioak (argien aldaketak, eguzki plakak...)
  • Olaederra kiroldegiko erreformak
  • Kaleen garbiketarako barredora elektrikoa erostea
  • Udal brigadarako kotxe elektrikoa
  • Haur parkeak berritzeko inbertsioak
  • Espaloien konponketak
  • Asfaltatze lanak
  • Graficas Leizaola-ko pabilioi zaharrak eraistea
  • Kultur etxeko teilatua eraberritzea
  • Etxeondo auzoan berrurbanizazio lanak
  • Kultur lokaletarako materiala erostea
  • Aljiberako inbertsioak
  • Kale Berrian euri urak eta ur zikinak bereizteko lanak
  • Gurea zineko konponketak
  • Hiri altzariak erostea (bankuak, zabor ontziak, seinaleak...)
  • Udaletxeko konponketa lanak
  • Udal liburutegirako liburu berriak
  • Amasako pilotalekurako markagailu berria
  • Hirigintza sailerako proiektuen erredakzioa
  • Segurtasun sokak jartzea Villabonako udal pilotalekuko teilatuan
  • Informatika inbertsioak (ordenagailuak, inpresorak eta material informatikoa erostea)
  • Etxeondo auzorako kuadro elektriko berria

Azpimarratu behar da, udalak datozen hilabeteetan gauzatuko dituen hainbat inbertsioetako finantziazioa 2022ko aurrekontuetatik irtengo dela. Alegia, inbertsio hauek dagoeneko dirua lotuta dute, eta horregatik ez dira 2023ko aurrekontuan agertzen. Inbertsio hauen artean daude besteak beste, Kiroldegiko teilatua eraberritzea eta kirol kantxako lurzoru berria, Larreako parke estalia, Komun publikoak jartzea, ur parkea sortzea Erreboteko plazan, Otsabiko Pump Track zirkuitua asfaltatzea eta kalistenia parkea.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.