20Maiatza2024

009.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
PROIEKTUA - EUS page-0018WEB

Bolatokia estali eta padel pistak eraikitzeko proiektua atzeratzen ari da araudi urbanistikoagatik

Amasa-Villabonako udalak herritarrei zuzendutako azalpenak eman nahi izan ditu, bolatokia estali eta padel pistak eraikitzeko proiektuaren egoera zein den azaltzeko. Horretarako ohar hau kaleratu du udal gobernu taldeak:

2021eko azaroan garatutako herri galdeketan babesik handiena lortu zuen proiektu honek eta lehen unetik proiektua gauzatzeko konpromisoa hartu zuen udalak.
Hau horrela izanik ere, proiektua definitu, onartu eta eraikitze lanak abiatu ahal izateko prozesuan, espero gabeko zailtasun bat aurkitu du udalak.

Zehazki araudi urbanistikoarekin lotutako arazo bat da; Amasa-Villabonako Hirigintza Antolamenduaren Plan Orokorrak (HAPOak) espazio libre gisa kalifikatzen du Olaederra kiroldegi ondoan 3.523 m2-ko azalera duen eremua. Espazio libreak aisialdi publikorako eraikuntzarik gabeko lursailak dira eta ondorioz, eremu horretan apaindura-eraikinak, behin-behineko eraikuntzak eta zorupeko azpiegiturak baino ez dira baimentzen.

Egoera honetan, bolatokia estali eta padel pistak eraiki ahal izateko ezinbestekoa da Hirigintza Antolamendua aldatzea eta udalak horretarako prozedura abiatu behar izan du. Zoritxarrez prozedura hori oso luzea izaten da eta oraindik tramitazio fasean dago.

Horregatik proiektu hau uste baino askoz gehiago atzeratzen ari da eta udalaren aurreikuspenak ez dira beteko.

Udalak bere atsekabea adierazi nahi du, herritarren babesik handiena izan zuen egitasmo hau nahi bezala martxan jartzeko izaten ari den zailtasunengatik. Era berean, udalak publikoki barkamena eskatu nahi die Amasa-Villabonako herritarrei, atzerapen handiegi honegatik. Ez dago aitzakiarik, udalaren aurreikuspen akats bat izan da eta udalari dagokio onartzea eta herritarrei gardentasun osoz azaltzea.

20221007Hondakinak

Tona batetik gora hondakin bildu ditu Udalak, herriko ibai eta naturguneetan

Udalak, Urzain taldearekin duen kontratuaren baitan, herriko ibaiak, errekak eta naturguneak garbitzen jarraitzen du hilabetero aste betez. Horrela, azken hiru hilabeteotan, guztira 1.093 kg hondakin erretiratu ditu Amasa-Villabonako hainbat bazterretatik; uztailean 375 kg, abuztuan 292 kg, eta irailean 426 kg, hain zuzen ere.

Batez ere, Oria ibaiaren ertzak garbitu dira udako hilabete hauetan: Azketa errekatik Ubillots errekaraino, Irurako mugatik Agaraitz industrialderaino, eta Antzibarko presa inguruak. Horietaz gain, Komizar eta Lasturgo naturguneetan, Aranerrekan, eta Ubegungo zonaldean topatutako hondakinak ere jaso dira.

Jorratutako eremu hauetan mota guztietako hondakinak topatu dira: latak, musukoak, eraikuntza hondakinak, gurpilak… deigarria da ia 400 lata eta 4.000 toallita baino gehiago jaso izana.

Uztailean gaika jasotako hondakinen kopurua
Abuztuan gaika jasotako hondakinen kopurua
Irailean gaika jasotako hondakinen kopurua

Hilabetero egiten den bezala, Tolosaldeko Mankomunitateak dituen bi garbiguneetan utzi aurretik, jasotako material guztia zegokion edukinontzietan sailkatu eta behar bezala kudeatu da.

Garbitutako eremuen hilabeteroko zaintza eta kontrola egiten bada ere, Udalak gizalegez jokatzeko eta sortzen diren hondakinak dagokion bezala sailkatu eta kudeatzeko deia luzatu nahi die herritarrei. Guztion ardura da gure herria, eremu naturalak, ibaiak eta oro har ingurumena zaintzea.

20220928Plenoa

2023 urterako Ordenantza Fiskalak onartu dira

Atzoko Udalbatzaren osoko bilkuran Udal Gobernuak 2023rako aurkeztutako Ordenantza Fiskalen proposamena onartzea erabaki zen, EH Bildu eta PNV-EAJren aldeko 12 botoekin, eta PSEko ordezkari bakarraren kontrakoaekin.

Gauzak horrela, 2023. urtean udal zerga eta tasa guztiak %1,5eko igoera orokorra izango dute. Kontuan izanda KPIa azken urtean %10,3a igo dela, honek ez ditu konpentsatuko 2023an udalak aurre egin beharko dituen gastu gehigarriak.

Zerga eta tasa nagusiei dagokionez, herritarrek ordaindu beharreko kopuruetan igoera oso txikiak izango dira. Adibidez, hondakinen bilketa eta kudeaketarako udal tasaren kasuan, etxebizitza bakoitzeko hiruhileko tasa 24,63 euro izatetik, 25 euro izatera igaroko da (0,37 euroko igoera). Ibilgailuen tasari dagokionez ibilgailu gehienen kasuan igoerak urteko 1,21 euro eta 2,21 euro bitartekoak izango dira. Olaederra kiroldegiko bazkide-kuotetan hileko 24,85 eurotik 25,2 euro izatera pasako da (0,35 euroko igoera). OHZ (IBI) zergaren kasuan Aldundiak higiezinen balio katastralak murriztuko dituela iragarri duenez, ordaindu beharreko kopuruetan jaitsierak egotea aurreikusten da.

Era berean, igoera txiki honen bidez 2023. urtean udalak 30.500 euro gehiagoko diru-sarrerak izango dituela aurreikusten da.

Zerga-hobari guztiak mantentzen dira
Azken urteotan egin den moduan, datorren urtean ere zerga-hobari guztiak bere horretan gertauko dira. Legealdi hasieran martxan jarritako hobari berrietan ere ez da aldaketarik izango 2023 urterako.

HOBARIEN ZERRENDA OSOA

Adostasuna alderdi politiko nagusien artean
EH Bildu alderdiak gidatutako Udal Gobernuak "Udalaren oreka ekonomikoa ziurtatu beharra" nabarmendu zuen udal zerga eta tasetan %1,5eko igoera aplikatzeko arrazoi nagusi bezala. Horrekin batera, PSEren jarrera "populista" salatu zuten: "oso erraza da oposizioan egonda, inolako ardurarik gabe, zergak izoztu behar direla esatea". EH Bilduko ordezkariak udal gobernuari arduraz jokatzea tokatzen zaiola eta udalaren etorkizuneko bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jartzea axolagabekeria galanta litzatekeela nabarmendu zuen.

EAJ-PNV alderdia Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenarekin ados agertu zen eta bere bost zinegotziek aldeko bozka eman zuten, azalpen gehiagorik eman gabe.

PSEko ordezkari bakarra den María Luisa Arijak, aldiz, zerga eta tasa guztiak izoztuta mantentzearen aldeko jarrera defendatu zuen, izan ere, "gure bizilagunen presio fiskala ez handitzea da helburua, bizi dugun krisi egoera ikusita". Ondorioz, Udal Gobernuak proposatutako igoera orokorrari ezezko bozka eman zion.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.