28Maiatza2023

009.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak etxebizitza politika berria garatuko du 2021etik aurrera

Udalak etxebizitza politika berria garatuko du 2021etik aurrera

Gislan prentsaurrekoa

Julen Landa, Gislan Kooperatibako ordezkariak, gaur eguerdian prentsaurrean aurkeztu du Amasa-Villabonako metabolismo demografikoa eta etxebizitza beharren azterketa. Kooperatiba honek garatutako txostenari esker etxebizitza politika desberdinak diseinatzeko informazio baliagarria eskaini dio Amasa-Villabonako udalari.

Etxebizitza politika eraginkor bat diseinatu eta martxan jartzeko aukera

Gislan Kooperatibak garatutako lanari esker, Amasa-Villabonako udalak adierazle sozio-demografikoen eta etxebizitza parkearen datu base zabal bat du esku artean. Txosten horrek, gainera, etorkizunera begira proiekzio edo aurreikuspenak ere jaso ditu, adibidez, etorkizunean gure udalerrian zein etxebizitza behar egongo den. Ondorioz, udalak oinarri gisa erabiliko duen ezinbesteko tresna izango den egoeraren analisi eta diagnostiko zehatz bat du orain.
Azterlan honekin urrats garrantzitsu bat eman du Amasa-Villabonako udalak, horrela, etxebizitzaren problematikari heldu, eta etxebizitza politika eraginkor bat diseinatu eta martxan jarriko baitu.

Hainbat erronka identifikatu dira

• Gazteak Amasa-Villabonan errotzea. Bizi dugun biztanleriaren zahartze prozesuak, gazteak herrian mantentzearen eta beren emantzipazioa herrian bertan egitearen garrantzia biderkatu du. Bizi dugun egoeran, ezin dugu onartu herriko gazteak beste herri batera joatea, gurean etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunengatik.

• Alokairuaren eskaintza zabaltzea, zentzuzko prezioetan. Alokairuen eskaintza apala eta ordaindu beharreko prezio altuegia arazo orokorra da Euskal Herri osoan, baina beste erakunde edo administrazio publikoek ez badute arautzen, udaletik egin beharko dugu ahalegina. Alokairu gehiago eta merkeagoak izatea ezinbestekoa da.

• Etxebizitza hutsen merkaturatzea. Amasa-Villabonako etxebizitzen %10a hutsik dago eta udaletik etxebizitza horiek erabilgarri egon daitezen eta jendez bete daitezen eragin behar da. Orain arte hartutako neurriek etxebizitza hutsei zerga errekargua ezartzearena kasu, ez dute Udalak nahi lituzkeen emaitzak eman.

• Bizikidetza unitateen gehikuntzari erantzutea. Amasa-Villabonako bizikidetza unitateen kopuruak gora egingo du datozen urteetan eta bizikidetza unitate horiek gero eta txikiagoak edo pertsona gutxiagok osatutakoak izango dira. Egoera horri erantzuteko, neurri batean etxebizitza eskaintza zabaldu edota moldatu beharko da.

Udalak etxebizitza politika aktibo bat garatzeko konpromisoa

Erronka hauei erantzuteko Amasa-Villabonako udalak 2021. urtean etxebizitza politika aktibo bat garatzen hasteko konpromisoa hartzen du. Helburu eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza bat osatuko du, kronograma eta ekintza plan batekin.

Udal gobernu honentzat etxebizitzaren gaian dituen erronkei heltzea oso garrantzitsua da eta lan-ildo estrategiko gisa definitzen du. Etxebizitza politika aurrerakoi, eraldatzaile eta eraginkorra osatu eta garatu nahi du, gauzak aldatu daitezen eta etxebizitza duina izatea benetako eskubidea izan dadin.

Gislan Kooperatibari Udalaren esker ona

Amasa-Villabonako udalak eskerrak eman nahi dizkio Gislan Kooperatibari, azken hilabeteetan egindako lan guztiagatik eta eskainitako informazio baliagarri guztiagatik.

 

Amasa-Villabonako metabolismo demografikoaren eta etxebizitza parkearen azterketa

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak etxebizitza politika berria garatuko du 2021etik aurrera
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.