11Maiatza2021

008.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Aiztondoko udalek euskal presoen urruntzearekin bukatzea eskatzeko manifestazioa deitu dute urtezahar egunean

Aiztondoko udalek euskal presoen urruntzearekin bukatzea eskatzeko manifestazioa deitu dute urtezahar egunean

IMG-20201229-WA0012
Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo alkateek agerraldi publikoa egin dute gaur goizean Zizurkilgo udalean (Alkizako alkateak ezin izan du behartaratu). Bertan, bost herri hauetako Udalbatzek gehiengo osoz onartutako Erakunde Adierazpenaren berri eman dute. Aipatzekoa da herri hauetan gehiengo oso handia duten EH Bildu eta EAJ-PNV alderdiek (baita Asteasu Batuz-ek ere) babestu dutela Adierazpena eta PSEk berriz abstentzioa bozkatzea erabaki duela Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalbatzetan. Larraulgo udal gobernuak ordea, Adierazpena ez onartzea erabaki du aldebakartasunez.

Bestalde, Aiztondoko bost herri hauetako udal ordezkariek, datorren abenduaren 31n, arratsaldeko 18:00etan Villabonako Erreboteko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete Aiztondo bailarako herritarrei. Manifestazioa Zizurkilgo Joxe Arregi plazan amaituko da eta "Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira" lema izango du. 

Honakoa da Aduna, Alkiza, Asteasu, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalbatzek onartutako Adierazpena:  

EUSKAL PRESOEN URRUNTZE POLITIKAREKIN AMAITZEAREN ALDEKO ERAKUNDE ADIERAZPENA

Udalbatza honek euskal presoei Espainiako Gobernuak aplikatzen dizkien politikei buruzko azterketa eta balioespena ezagutarazi nahi du.

Udalbatza honek honako lehen eskaera egiten du:

  • Espetxeetako Lege Orokorrak aurreikusten duena bete dadila, askatasunaz gabetzen duten zigorrak bete daitezen norbere ingurunetik deserrotu gabe, birgizarteratzearen printzipioek adierazten duten moduan. Zentzu honetan, 2011 urtean ETAk jarduera armatua utzi zuenean irekitako denboraldi berriaren barruan honako hau adierazten du: beharrezkoa dela beste espetxe politika bat, presoek beren gizarte eta familiako erroak dituzten lekuetatik urrun zigorrak bete beharra ekidingo duena. Politika berri horrek presoak bere familiarekin harremanak izatea erraztuko du eta adin txikiko seme-alaben ongizateari begiratuko dio, gurasoek haiekin egoteko duten eskubidea defendatuz.

Euskal gizarteak bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustu garbia egin du. Hainbat modutako eta etengabeko eskaerak egin ditu, iraganeko logiken araberako espetxe politika behin betirako gainditu dadin.

Ondorioz, Udalbatzak honakoa adierazten du:

  1. 2011tik irekita dagoen errealitateari jarraiki, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu euskal presoei legedi arrunt soila eta espetxe politika normalizatu bat aplikatzeko beharrezkoak diren urratsak ematea, iraganeko logiken araberako legedian oinarritutako egoera behin betiko gaindituz.
  2. Espetxeetako Lege Orokorrean aurreikusitakoa betetzea eskatzen dugu, askatasunaz gabetzen duten zigorrak betetzean deserrotzerik gerta ez dadin. Askatasunaz gabetzen duten zigorrak familia eta gizarte sustraiak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duen espetxe politika bat ezinbestekoa jotzen dugu.
  3. Premiazkotzat jotzen dugu egungo urruntze politikari amaiera ematea eta Covid-19aren egungo testuinguruan gure sostengua adierazten diegu honako egitasmo hau artikulatzera zuzendutako proposamen guztiei: espetxeratu guztiak orokorrean eta pertsona preso bakoitza, partikularrean, hurbil ditzatela beren familia ingurunetik hurbilen dauden espetxeetara. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetan birkokatzea dakar neurri horrek.
  4. Helburu hau betetzeak modu erabakigarrian esku hartuko luke euskal gizartean eta politikan iraganarekin lotutako etapa bat ixten lagunduko luke. Gainera, aukera emango luke, biktima guztiak oroituz, bizikidetza demokratikoan ardaztutako orainaldiko eta etorkizuneko denboraldi berri bat eraikitzeko.

Adierazpen hau, honako erakunde eta arduradunei helaraziko zaie:
- Pedro Sánchez, Espainiako presidenteari; Iñigo Urkullu, Lehendakariari; Maria Chivite, Nafarroako Presidenteari; Jean-René Etchegaray, Euskal Hirigune Elkargoko presidenteari.
- Aiztondo bailarako euskal presoak aurkitzen diren Espetxeetako Zuzendaritzei.

Honekin lotuta, udalbatza honek datorren abenduaren 31n "Orain presoak! Euskal Presoak Euskal Herrira" lema izango duen eta Villabona eta Zizurkil arteko ibilbidea gauzatuko duen manifestazio bat antolatzea babesten du, herritarrei parte hartzeko deia luzatzen die eta Amasa-Villabonako udala mobilizazioaren antolatzaile eta deitzaile gisa agertzea onartzen du.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Aiztondoko udalek euskal presoen urruntzearekin bukatzea eskatzeko manifestazioa deitu dute urtezahar egunean
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.