18Apirila2021

002.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Amasa-Villabonak UEMAko kide izatea erabaki du

Amasa-Villabonak UEMAko kide izatea erabaki du

Martxoak 30eko osoko bilkura
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izatea onartu zuen Amasa-Villabonako Udalak atzo, udal osoko bilkuran. UEMA 88 udalek osatzen dute gaur egun, eta Amasa-Villabona 89. izango da, maiatzaren 29an, UEMAren batzar nagusiak udalen eskaera berriak onartzen dituenean.

Atzo arratsaldean egin zuen martxoko udal osoko bilkura Amasa-Villabonako udalbatzak, eta hartutako erabakien artean dago UEMAko kide izatea. EH Bilduren zazpi zinegotziek erabakiaren alde bozkatu dute, EAJko bost zinegotziak abstenitu egin dira, eta PSE-EEko zinegotziak aurkako botoa eman du.

Beatriz Unzue alkatearen hitzetan, “erabakia hamarkada askotan jende askok euskararen alde egindako lanaren emaitza da”. Udalaren erabakiaren berri emateko eta UEMAren nondik norakoak ezagutarazteko herritarren artean banatu duten AMAVI aldizkariaren zenbaki berezian Unzuek zehaztu duenez, “UEMAn sartzea beste mugarri garrantzitsu gisa ikusten dugu, eta jende askok euskararen alde egindako lan guztiaren aitortza egiteko baliatu nahi dugu. Pozik eta harro egotekoa da urte luzez herri erdaldundua izan ondoren (batez ere frankismo garaian), Amasa-Villabona berriro ere herri euskaldunen klubean egotea”.

Amasa-Villabonako azken datu soziolinguistikoen arabera herritarren %67k daki euskaraz, eta %36 ingurukoa da euskararen erabilera kalean. Etxean, berriz, herritarren %42 inguruk dute euskara ohiko hizkuntza. Horren aurrean, hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskara biziberritzeko, Amasa-Villabonak “hizkuntza politika eraginkor eta ausartak” behar dituelakoan dago alkatea. Xabat Laborde euskara zinegotziak esan duenez,”UEMAko kide izateak horretan lagunduko digu: UEMAk zerbitzu ugari eskaintzen dizkie udalei, eta guk zerbitzu horiek baliatu nahi ditugu, euskaraz lasai bizi ahal izango den herri bat izatea lortzeko. Bide horretan, Udaleko euskara zerbitzuak eta UEMAko teknikariek elkarlanean jardungo dute”.

UEMAk maiatzaren 29an egingo du du hurrengo batzar nagusia, Amasa-Villabonan bertan, Gurea antzokian, eta batzarkideek egun horretan onartuko dituzte udalen eskaera berriak. Batzar nagusiak Amasa-Villabona UEMAko kide izatea onartzen duenean, Tolosaldeko 28 herrietatik 17 izango dira UEMAko kideak.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Amasa-Villabonak UEMAko kide izatea erabaki du
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.