18Apirila2021

006.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Aberri Eguneko Adierazpen Instituzionala

Aberri Eguneko Adierazpen Instituzionala

IMG20210404095643WEB

Pasa den martxoaren 30eko osoko bilkuran Amasa-Villabonako udalbatzak gehiengo osoz (aldeko 12 bozkarekin eta abstentzio batekin) onartu zuen Aberri Eguna dela eta, udal gobernu taldeak aurkeztutako Adierazpen Instituzionala. EH Bildu eta EAJ-PNV alderdiek babestu zuten adierazpena eta PSEko ordezkaria abstenitu egin zen.

Honakoa da 2021eko Aberri Egunean Amasa-Villabonako udalak plazaratu duen Adierazpena:

ABERRI EGUNA 2021
ERAKUNDE ADIERAZPENA

Dagoeneko urte betetik gora pasa da Covid-19aren agerpenetik. Zoritxarrez birus honek mundu osoan eta Euskal Herriaren luze zabalean bere arrastorik gordinena utzi digu eta milaka izan dira pandemi honen eraginez hildakoak.

Osasun krisialdi honek, sortutako ondorio tragikoez gain, alor ezberdinetan izango ditu ondorio nabarmenak. Aurrerantzean gure bizimodu eta ohituretan aldaketak eragingo ditu eta politika alorrean ere, orain arteko egiteko moduetan aldaketak eragitea espero dugu.

Ama lurraren jasangarritasuna eta gizaki ororen osasuna, bizitza duina eta zoriontasuna mundu mailako lehentasunak izan behar direla ulertzen dugu eta gure aberriak ere erronka horiei heldu behar die.

Euskal Herria, euskararen herria, munduak zazpi lurralde hauetan hartzen duen izena da. Inoiz baino beharrezkoagoa da Euskal Herriaren aitortza defendatzen dugunok, herri txiki honek munduan jokatu beharko lukeen paperaren inguruan hausnartzea; nazioa aitortzea ez da soilik esparru politikoan gauzatu beharreko helburua, nazio izaera gero eta gehiago lotzen da komunitatearen garapenarekin, honen jasangarritasunarekin, auto-eraketarekin, dinamika sozialen arteko lankidetzarekin, norbere nortasuna eta gizartearen aniztasuna bateratzearekin etab.

Pertsona guztien oinarrizko eskubideen bermean, askatasun indibidual eta kolektiboetan, berdintasunean eta elkarrenganako errespetuan oinarritzen den euskal komunitatea aldarrikatu nahi dugu 2021ko Aberri Egunean.

Erabaki-guneak lurralde eta pertsonetatik hurbil egoteak, egoera zailei eraginkortasun handiagoz erantzutea ahalbidetzen du. Etorkizunean zer izan behar garen eta gure aldameneko herrialdeekin izan beharreko harremanak erabaki nahi ditugun bezala, krisi honetatik nola atera eta utziko dituen ondorio lazgarriei nola erantzungo diegun ere, hemen erabaki nahi dugu. Horretarako ahalmen politikoa aldarrikatzen dugu, sen demokratikoarekin.

Elkarlanean aritzeko garaia da, batera, auzolanean aritzeko garaia. Pasarte ilun hau atzean utzi eta gure herriarentzat eta bertan bizi diren pertsona guztientzat etorkizun hobe bat eraikitzeko helburu garbiarekin lanean jarraitzeko prestutasun osoa dugu.

Horregatik, 2021ko Aberri Egun honetan, AMASA-VILLABONA-ko Udalak honakoa adierazten du:

I.- Doluminik sentikorrenak helarazten dizkiegu Covid-19aren eraginez, pandemia urte tragiko honetan senitartean edo lagunartean galera pertsonalak izan dituzten herritarrei.
II.- Esker mezua helarazten diegu osasun eta zaintza arloko langileei eta egoera honetan beren onena ematen dabiltzan herritar guztiei.
III.- Aberri Egunean Ikurriña eta Nafarroako bandera jarriko dituela Udaletxeko balkoian.
IV.- Dei egiten die herritarrei, Ikurriña jar dezaten etxeetako balkoietan edota leku ikusgarrietan. Udalak Bando bat argitaratu eta zabalduko du deialdi hau egiteko.
V.- Guztira 200 Ikurriña jarriko dituela eskuragarri Aberri Egun honetan balkoian jarri nahi duten herritarrek doan eskuratu ahal izan ditzaten.

 

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Aberri Eguneko Adierazpen Instituzionala
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.