
- 2021 Martxoa 04
Atzo ekin zioten COVID-19aren aurkako txertaketari, Villabonako anbulategian
Emozioz beteriko eguna izan zen atzokoa Villabonako osasun etxean. Ia urtebete elkar ikusi gabe eman eta gero, txertoa hartzera gerturatutakoan lagun askorekin egin baitzuten topo bailarako helduenek.
Atzo hasi ziren Villabonako anbulategian 90 eta 99 urteko aiton-amonak txertatzen, eta bihar arte luzatuko da adin tarte horren lehenengo dosia. Bigarren dosia, berriz, aste gutxi barru jarriko zaie osasun etxean bertan, oraingoz ez baitute etxeetan jartzeko aukerarik.
Aipagarria da 90 eta 99 urte bitarteko 110 bat lagun daudela gure osasun eremuan (Amasa-Villabona, Zizurkil, Aduna, Asteasu, Larraul, Alkiza, Hernialde, Irura eta Anoeta).
Bestetik, datozen egunetan txerto gehiago jaso ahala, 80 eta 89 urte artekoekin jarriko dira harremanetan hitzorduak emateko. Adin tarte horretan, 600 pertsona daude bailaran.

- 2021 Martxoa 03
Errigorak "Plateretik baratzera" kanpaina abiatu du
Errigora Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.
Oraingoan Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura dinamikaren baitan, Plateretik baratzera ekimena jarri dute martxan. Eguneroko kontsumo ohituretan eragiteko jaio zen kanpaina honetan Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska daitezke, auzolanari esker, norbere herrian jasotzeko aukerarekin eta ekoizlearen jatorrizko prezioan. Eskaerak egiteko epea: Martxoaren 4tik 24ra https://www.errigora.eus/ webgunean.

- 2021 Martxoa 02
Oria merkatarien elkarteak Stock Azoka antolatu du ostiral eta larunbatean
Amasa-Villabona eta Zizurkilgo merkatariak biltzen dituen Oria Merkatarien elkarteak, Stock Azoka berezia antolatu du neguko beherapenen azken txanpa honetan. Horrela, martxoaren 5ean eta 6an (ostirala eta larunbata) Villabonako 16 saltokik mahaiak aterako dituzte denden kanpoaldera, beren produktuak kalera ateraz. Ekimen honekin, merkatarien elkarteak herriko saltokiei bultzada berri bat eman nahi die, bide batez Villabonako kaleei kolore eta bizitasun gehigarri bat emanez.
Amasa-Villabonako udalak bere babes osoa adierazi nahi dio ekimen honi eta kalera ateratzeko eta herriko dendetako produktuak ikusi eta kontsumitzeko deia egiten die herritarrei.