23Iraila2021

011.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak 146 eguzki panel ezarriko ditu argindar autokontsumorako

Udalak 146 eguzki panel ezarriko ditu argindar autokontsumorako

Eguzki panelak 210915

Irailaren 14an izandako Tokiko Gobernu Batzordearen bilkuran, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztien babesarekin onartu da proiektua.

Amasa-Villabonako Udalak larrialdi klimatikoari aurre egiteko ezinbestekoa den energia trantsizioa garatzeko hartu duen konpromisoan, beste aurrera urrats garrantzitsu bat emango du datozen hilabeteetan. Eguzki energia berriztagarriaren sorkuntzarako panel fotovoltaikoak ezarriko dira Villabonako udaletxeko eta Villabonako udal pilotalekuko teilatuetan.

Inbertsio honek kutsadura atmosferikoa eta berotegi-efektuko gasen isurketak gutxitzea ekarriko du. Proiektu honen bidez, 60 MWh inguru sortuko dira urtean (udal jabetzako eraikinen kontsumo osoa 800 MWh-koa da). Beraz, lehen pauso bat izango da autohornikuntzara bidean. Era berean, instalazio honek eredugarria izateko bokazioa du herritarren energia komunitateak sustatzeko bidean.

Ezarriko diren eguzki panel berri hauek Villabonan dauden hainbat eraikin publiko hornituko dira: Udaletxea, Arroa auzoko Fleming Herri Eskola, Kultur etxea eta Musika eskola, Villabonako udal pilotalekua, Gurea Antzokia, Seaska Haur Eskola eta Salbadora Jubilatuen elkartea. Eraikin guzti hauen energia (200 MWh) kontsumoaren %30 asetu ahal izango da proiektu honen bidez.

Guztira, 146 panel fotovoltaiko ezarriko dira: Udaletxeko teilatuan 26 eta Villabonako udal pilotalekukoan beste 120. Panel guzti hauek 58,4 kWp-ko potentzia instalatua dute eta, urtean, 61.411,29 kWh–ko energia sortuko dutela aurreikusten da. Udalak energia horren ia %87a bere autokontsumorako erabiliko du eta soberakina energia-sare orokorrean txertatuko da.

Udaletxeko teilatua          Villabonako Udal pilotalekuko teilatua

Azpimarratzekoa da proiektu honek aldaketa klimatikoari eta planetaren beroketa globalari aurre egiten lagunduko duela, atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murriztuko baitira. Zehazki urtean 21,923 tona CO2 emisio saihestuko direla aurreikusten da.

Udalak guztira 71.908,18 euro bideratuko ditu egitasmo hau gauzatzera. Horietatik, 5.687 euro ingeniaritza lanetara bideratu dira eta beste 66.221,18 euro plaken hornidura eta instalaziora. Dena den, udalak beste erakunde publikoen dirulaguntza garrantzitsuak lortu ditu: Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) 12.750 euro eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 26.808,13 euroko laguntza ekonomikoa emango dute.

Udalak bere poztasuna adierazi du hilabete gutxitan egitasmoa hau errealitate bilakatuko delako. Gainera, udal gobernuak etorkizunean gure ingurumena zaintzen jarraitzeko, larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta energia trantsizioan urrats berriak emateko konpromisoan berresten da.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Udalak 146 eguzki panel ezarriko ditu argindar autokontsumorako
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.