20Urria2021

002.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 2022rako Ordenantza fiskalak onartu dira Udalbatzan

2022rako Ordenantza fiskalak onartu dira Udalbatzan

210928OsokoBilkura

Atzo izandako udalbatzaren osoko bilkuran, udal gobernuak 2022rako aurkeztutako Ordenantza Fiskalak onartu ziren EH Bilduren aldeko 7 bozkekin, eta EAJ-PNV eta PSE-ko ordezkarien kontrako 5 bozkekin.

%1,1eko igoera orokorra: 2021eko urtarriletik uztailerako KPIaren bataz bestekoa
2022. urtean zerga eta tasei %1,1eko igoera aplikatuko zaie orokorrean. Udal gobernuak %1,1eko zifra ezartzerakoan, 2019. urtean jarraitutako irizpide berbera erabili du; urteko lehen 7 hilabeteetako KPIaren bataz bestekoa.

Hondakin bilketaren gaineko tasak %5eko igoera izango du
Hondakinen tasa igo beharraren arrazoia honakoa da: Aurreko urtean (2020an) 424.000 € ordaindu zizkion Udalak Tolosaldeko Mankomunitateari hondakinak bildu eta kudeatzeagatik. Aurten, 2021ean, aurreikusitakoaren arabera, 450.000 euro inguru ordaindu beharko ditu, hau da, 26.000 € gehiago. Aipagarria da Villabonak urte luzez izan duela hondakinen gaineko tasa izoztuta, eta horrek desoreka handia sortu du Udalak tasen bidez biltzen duenaren eta zerbitzuagatik ordaintzen duenaren artean.

Kontuan izan behar da Amasa-Villabonako etxebizitzek hondakinen tasa baxua ordaintzen dutela inguruko herriekin alderatuz. Esate baterako, Tolosan 32,45 €, Asteasun 32,24 €, Ibarran 34,34 € edota Zizurkilen 73 € -taraino iritsi daiteke hiruhilabetean ordaintzen dena.
Gauzak horrela, eta igoera honek etxe bakoitzean izango duen eraginari erreparatuz gero, hondakinak bildu eta kudeatzeagatik, 2021 urtean 23,46 € ordaintzen da hiruhilabetero, eta 2022an aplikatuko den %5eko gorakadarekin, 24,63 € izango da hiruhilabetero. Honek, urtean, 4,68 €-ko igoera suposatuko du etxe bakoitzean. Hau da, urtean 93,84 € ordaintzetik 98,52 € ordaindu beharko da.

Hobari guztiak bere horretan mantenduko dira
Udal gobernuak orain arte indarrean egon diren zerga eta tasen hobari eta salbuespen guztiak mantentzea proposatu zuen. Izan ere, legealdi hasieran, 2020ko ordenantza fiskaletan, hobari berri ugari martxan jartzea erabaki zuen udal gobernuak eta horietan ez da inolako aldaketarik egongo.

HOBARIEN ZERRENDA OSOA

Adostasunik ez alderdi politikoen artean
Astearteko udalbatzan, oposizioak udal gobernuak aurkeztutako proposamenaren kontrako bozka ematea erabaki zuen. Jarraian, alderdi politiko bakoitzak emandako argudioen laburpena:

EH Bilduk zuzendutako udal gobernuak Udalaren oreka ekonomikoa ziurtatu beharra aipatu zuen, udal zerga eta tasetan %1,1eko igoera aplikatu behar izateko arrazoi nagusi gisa.
Pandemia garaian, Udalak Aldunditik jasotzen duen finantziazioan murrizketa nabarmena egon den momentu berean, Udalak krisiak gehien eragin dien herriko sektore ekonomikoei laguntzeko esfortzu ekonomiko handia egin behar izan duela azaldu zuen Xabat Laborde alkateordeak. Covid-19ak sortutako krisi sozio-ekonomikoari aurre egiteko dirulaguntzak, hainbat zerga eta tasen ezabatzea, merkataritza sustatzeko kanpainak, eraikin publikoen garbiketa eta desinfekzio lan bereziak, Gizarte zerbitzuetan ezarritako laguntza berriak... guzti horrek gastu gehigarri handia suposatu dio Udalari. "Krisi garai honetan, guretzat ez da batere atsegina herritarrei zerga eta tasetan igoera bat, txikia bada ere, aplikatzea. Erosoena eta errazena, zerga eta tasak izoztea izango litzateke, baina hori arduragabekeriaz jokatzea litzateke, udalaren bideragarritasun ekonomikoa arriskuan jarriz" azaldu zuen alkateordeak. Amaitzeko, EAJ-PNV alderdiaren koherentzia falta eta "populismoa" kritikatu zituen, alderdi horrek gobernatzen dituen udaletan igoera handiagoak ezarri direnean, Amasa-Villabonan zerga eta tasak izoztea defendatzeagatik. Adibide gisa, EAJ-PNVk Tolosan %2,5, Donostian %1,5 eta Gasteizen %3ko igoeran proposatu dituela aipatu zuen Labordek.

EAJ-PNV alderdiko ordezkariak, zerga eta tasak izoztea defendatu zuen, momentu honetan herritarren bizkarrean karga handiagoa jartzeak zentzurik ez duela argudiatuta. Orain arte, Covid-19aren krisiari aurre egiteko neurriak adostasunez hartu ondoren, oraingoan aldebakartasunez aritu izana leporatu zion Patxi Agirre zinegotzi jeltzaleak udal gobernuari.

María Luisa Arija PSEko zinegotziak ere, zerga eta tasa guztiak izoztuta mantendu behar liratekeela eta ez dela jendeari zergak igotzeko momentua defendatu zuen. Igoera ez dela handia izango aitortu bazuen ere, bere ezadostasuna adierazi zuen.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 2022rako Ordenantza fiskalak onartu dira Udalbatzan
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.