20Urria2021

001.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Astelehenean abiatuko da kontsumo bonoen kanpaina berria

Astelehenean abiatuko da kontsumo bonoen kanpaina berria

210930Kontsumo bonoak web

Gaur arratsaldean Udaleko eta Oria merkatari elkarteko hainbat ordezkarik Amasa-Villabonako III. kontsumo bonoen kanpaina aurkeztu dute. Astelehenean, urriaren 4an, jarriko da martxan, eta abenduaren 11ra arte luzatuko da. Bonoak, aldiz, urriaren 29ra arte erosi daitezke.

Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritza sustatzeko apustu irmoa egiten jarraitzen du. Herriko denda eta saltokiei esker Amasa-Villabonako kaleak bizirik diraute, eta aurrerantzean ere, horrela mantentzea du helburu.

Udalak herritarren kontsumo ohituretan eragiten jarraitu nahi du, gure herriko merkataritza balorean jarriz eta herrian bertan erosketa aukera paregabeak ditugula erakutsiz. Egoera zaila bizi duen merkataritza sektorea biziberritzen segi nahi du Udalak, esan bezala, Amasa-Villabonako kaleak bizi-bizirik ikusteko.

60.000 euroko hitzarmena Oria merkatari elkartearekin
Oria Merkatari Elkartearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, Udalak 60.000 euroko inbertsioa egin du kontsumo bonoen III. kanpaina berri hau martxan jartzeko. Horrela, 16.200 bono jarriko dira salgai, eta 47 saltoki edo establezimendutan erabili ahal dira.

Parte hartu duten establezimenduak

10 euroko balioa duten bono pertsonalizatuak
Bono bakoitzak establezimendu konkretu baten izena izango du, beraz, erosleak aurrez aukeratu beharko du zein establezimendutako bonoak eskuratu nahi dituen. Bono bakoitzak 10 euroko balio du.

Bonoak hirunaka erosi behar dira
Bonoak hirunaka erosi behar dira, eta gehienez ere, 9 eskuratu daitezke. Beraz, pertsona bakoitzak 3, 6 edo 9 bono erosi ditzake. Erosle bakoitzak erabakiko du guztiak denda batean, bitan edo hirutan erabili nahi dituen, baina, denda bakoitzean gutxienez hiru erabili beharko dira.

Udalak %33ko dirulaguntza bono bakoitzean
Bonoak erosten dituen herritarrak 20 eurorekin 3 erosketa bono lortuko ditu, hau da, 30 euro. 40 eurorekin 6 erosketa bono jaso ditu, guztira, 60 euro. Eta, aldiz, 60 eurorekin, 90 euro jasoko ditu, 10 euroko 9 bono. Horrela, Villabonako Udalak erosketa bono bakoitza %33an lagunduko du diruz.

Bonoen salmenta puntua
Kanpaina honetako kontsumo bonoak udaletxe azpialdean egongo dira salgai, Udal liburutegiaren ondoan dagoen balio anitzeko gelan.
Salmenta puntuak urriaren 4an zabalduko ditu ateak eta urriaren 29ra arte egongo da zabalik goiz eta arratsaldez, 09:00 – 13:00 eta 17:00 – 19:00 ordutegian.

Kanpaina honetako Kontsumo Bonoak eskuratzeko baldintzak hauek izango dira:

• Amasa-Villabonan erroldatutako 16 urtetik gorakoek bakarrik erosi ditzakete.

• Bonoak abenduaren 11ra arte erabili daitezke saltokietan. Egun horretatik aurrera ez dute inolako baliorik izango.

• Bonoa erabiltzeko, erosketak gutxienez 10 euroko balioa izango du. Kopuru horretara iristen ez bada, diferentzia ez da eskudirutan itzuliko.

• Bonoak ez dira inongo kasutan eskudiruagatik trukatuko.

• Bonoak erostera etortzerakoan txartela erabiltzea eskatzen diegu herritarrei, horrela kudeaketa errazagoa izango baita guretzat.

Informazioa biltzen duen eskuorria etxe guztietara banatuko da
Aipatutako herritar guztiengana iritsi dadin, asteburu honetan herriko etxe guztietara banatuko dugu xehetasun guzti hauek azaltzen dituen eskuorria.

Eskuorria

Udalaren deia herritarrei
Udalak herriko saltokietako bonoak erostera animatu nahi ditu amasa-billabonatarrak, eta horrela gure merkataritza sektoreari bultzada bat emango diogu.
Kanpaina hau amaitzean ere, ez ahaztu herrian bertan erosteaz, Amasa-Villabonan denetik daukagu eta! Herria bizirik mantentzea guztion esku dago.

Udalak eskerrak eman nahi dizkie Oria merkatarien elkarteari, izena eman duten establezimendu guztiei eta kanpaina hau martxan jartzen lagundu duten guztiei.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak Astelehenean abiatuko da kontsumo bonoen kanpaina berria
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.