19Urria2021

010.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 11 proiektuk parte hartuko dute azaroan egingo den herri galdeketan

11 proiektuk parte hartuko dute azaroan egingo den herri galdeketan

211013PHP2021 Prentsaurrekoa urriak 13

Gaur goizean, Amasa-Villabonako Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde Bereziko ordezkari politikoak elkartu, eta 2021eko parte hartze prozesuak gaur arte egin duen ibilbidea eta herri galdeketaraino iritsi diren proiektuen berri eman dute prentsaurrean. Beatriz Unzue alkatea, Xabat Laborde alkateordea, eta Patxi Agirre EAJ-PNV Udal taldeko ordezkariak eman dituzte azalpenak. Azken orduko gora-beherak medio, Maria Luisa Arija, PSE-EE alderdiko ordezkariak ezin izan du bertaratu.

Covid-19aren pandemiaren eraginez, bertan behera geratu zen 2020. urtean abiatutako herritarren parte hartze prozesua. Pasa den apirilaren 19an egindako bilkuran, ordea, Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde Bereziak aurten prozesua berriro martxan jartzeko erabakia hartu zuen, alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin. Era berean, prozesu hau garatzeko EMUN kooperatibaren aholkularitza zerbitzua kontratatzea erabaki zen.

Prozesu honen bidez, 16 urtetik gorako Amasa-Villabonako herritarrek, bozka zuzenaren bidez, Udalak 400.000 euroko aurrekontua zein inbertsio gauzatzera bideratuko duen erabakiko dute. Herri galdeketaren emaitza loteslea izango da, eta hautatutako proiektua edo proiektuak 2022. urtean gauzatuko dira.

Parte-hartze prozesuak orain arte egin duen ibilbidea
Apirilaren 29ko Udalbatzan prozesua martxan jartzea erabaki zenetik, parte hartze prozesuak aurrera egin du, pausu garrantzitsuak eman dira, eta proiektu edo proposamen zerrenda osatu da dagoeneko.

Maiatzaren 1etik ekainaren 15era herritarrek, eragileek edo elkarteek proiektu proposamenak aurkezteko epea zabaldu zen. Epealdi honetan 18 proposamen aurkeztu ziren Udalean.

Ekainaren 15etik uztailaren 26ra bitartean, sail ezberdinetako Udal teknikariek (hirigintza, ingurumena eta kultura) proposamen guztiak aztertu zituzten, eta bakoitzaren gaineko txosten teknikoa osatu zuten.

Txosten tekniko guztiak aztertu ondoren, uztailaren 28ko bilkuran Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezian, honakoa erabaki zen: 3 proposamen onartzea, eta ondorioz zuzenean herri galdeketara eramatea; arrazoi tekniko ezberdinak direla medio, 7 proposamen baztertzea; eta beste 8 proposamenei dokumentazio osagarria aurkezteko irailaren 15erako epea ematea.

Irailaren 15erako aipatutako 8 proposamenen dokumentazio osagarria aurkeztu zen Udalean. Parte hartze prozesuko lan-mahaiak dokumentazio guztia aztertu ondoren, 8 proposamen horiek ontzat ematea, eta herri galdeketara eramatea erabaki zuen Herritarren Parte Hartze Batzorde Bereziak. Erabaki hori ere alderdi politiko guztien arteko adostasunarekin hartu zen.

Guztira, 11 proiektuk parte hartuko dute azaroan egingo den herri galdeketan. 

1. Parke bio-osasungarria Kale Nagusiaren hasierako pasealekuan.

2. Txermin auzoko 19, 21, 23, 25 zenbakien atzealdeko kalea (Zubimusu Ikastolaren alboko kalea) oinezkoentzat jartzea.

3. Txermingo aparkalekua eraberritzea eta inguruaren urbanizazioa.

4. Erreboteko plazaren arkupeetan eta bere inguruan panel berriak jartzea (Errebotearen historiari buruzkoak).

5. Olaederra kiroldegiko bolatokia estaltzea eta padel pistak eta erabilera anitzeko espazioa eraikitzea.

6. Maiatzaren lehena plaza ondoko haur-parkea estaltzea.

7. "Bike park" edo bizikletan aritzeko gune zabala sortzea Otsabin.

8. Etxeondo auzoko plazaren zoladura konpontzea.

9. Parke megalitikoa egitea Komizarko naturgunean.

10. Skate park-a Olaederra Kiroldegiaren inguruan.

11. Kalistenia parkea jartzea Otsabiko parkearen alboan.

Informazio gehiago datozen asteetan
Hilabete amaierarako, proiektu guzti hauen informazio xehatua jasoko duen aldizkari informatiboa argitaratu eta herriko etxe guztietara banatuko du Udalak.

Herri galdeketa azaroan
Herri galdeketa azaroan izango da, eta azaroaren lehen astean herri galdeketari buruzko informazio zehatza zabalduko da: Data zehatza, bozkatzeko moduak, bete beharreko baldintzak, etab. Xehetasun guzti hauek hilabete honetan adostuko dira, parte hartze prozesuko lan-taldean eta Udaleko Herritarren Parte Hartze Batzorde Berezian.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 11 proiektuk parte hartuko dute azaroan egingo den herri galdeketan
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.