08Abendua2021

010.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 30 urte bete dira 1991ko Udalbatzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Udal Ordenantza onartu zuenetik

30 urte bete dira 1991ko Udalbatzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Udal Ordenantza onartu zuenetik

211107Omenaldia
Gaur goizean, Euskararen ordenantzaren 30. urteurrenaren harira, ekitaldi xumea antolatu du Udalak, batzar areto nagusian, 1991ko Udalbatza osatu zutenak, orduz geroztik euskara zinegotzi izan direnak eta euskara eragileak omentzeko.

Duela 30 urte, 1991ko azaroaren 7an, Udalbatzak pausu oso garrantzitsua eman zuen; alde batetik, udala bera erakunde publiko gisa euskalduntzeko, eta bestalde, herria euskalduntzeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko.

Goraipatzekoa da, urte hartan, beste udal gehienak baino lehen, euskara bultzatzeko araudi eredugarria aho batez onartu izana. Eredugarria, Ordenantza hark neurri ausartak jasotzen dituelako, eta horregatik, 30 urte beranduago, indarrean egoten eta baliagarria izaten jarraitzen duelako.

Adibide gisa, Ordenantzak bere artikuluetan jasotzen dituen hainbat neurri aipagarri

  • "Udalean eta bere menpe dauden Erakundeetan lehendik kontratatuta lanean ari diren enplegatuek beren eguneroko lana, euskaraz egiteko gai izan behar dute eta gai ez direnak gaitu egingo dira, horretarako beharrezkoak diren ikastaroak eginez."

  • "Kontutan izanik organu guztien helburua euskara lan-hizkuntza bihurtzea dela... Udalak neurriak hartuko ditu aurrerantzean Organu informatibo, Gobernu Batzorde eta Osoko Bilkuren akta, txosten, gai-zerrenda, proposamen, aurrekontu, akordio eta gainerako jakinerazpen oro euskaraz idaz daitezen"

  • "Erakunde Ofizialetatik nahiz Administrazio Publikoetatik jasotzen den dokumentazioa euskaraz ez balego, itzuli egingo da jatorrizko lekura, atzera berriz euskaraz idatzita bidal dezaten eskatuz"

  • "Inprimakiak, gutunak, iragarkiak, idazkiak euskara hutsezkoak erabiliko dira herriko edozein talde, erakunde, elkarterekiko harremanetarako"

  • "Teknikariei eskatutako proiektu teknikoak eta Abokatu, Aholkulari eta gisakoei eskatutako proiektu teknikoak eta bestelakoak, euskaraz idatzita egon beharko dute"

  • "Zerbitzuetako errotulazioa, iragarkiak eta seinaleztapenak, euskaraz idatziko dira"

  • "Kale izen guztiak euskara hutsez jarriko dira eta ofizialki ere hala idatziko dira Udalean bertan, ondorio guztietarako."

  • "Euskal Herriko Erakunde Ofizial guztiei bidali behar zaizkien edonolako idatziak euskaraz bidaliko dira"

  • "Udalerriko biztanle, merkatari, dendari, enpresa, elkarte eta erakundeei itzulpen eta zuzenketa zerbitzu publikoa dohain emango zaie. Horretarako Udalak behar adineko Euskara Zerbitzua izango du"

  • "Billabonako Udalak sortu edo/eta bultzatzen dituen programa guztietan hizkuntz normalizaziozko ikuspegia kontutan hartu beharko da."

Esker oneko hitzak, 1991ko Udalbatzari
Gaur egun orduan emandako urratsa balorean jarri nahi du Udalak eta eskerrak eman nahi dizkio 1991ko Udalbatza hari, momentu hartan izandako ausardiagatik.

Aipamen berezia merezi du Xabier Zabalak, orduko euskara zinegotziak, euskararen ordenantza hau sortu eta onartzeko egindako lan guztiagatik. Eskerrik asko bihotz-bihotzez!

30 urte luze hauetan Udalak lan handia egin du, eta gaur harrotasunez baieztatu dezakegu, Udal guztiz euskalduna dugula Amasa-Villlabonan. Euskaraz lan egiten duen Udala garela eta hemen, euskaldunon hizkuntza eskubide guztien errespetua bermatuta dagoela.

Hau ez da berez sortu den zerbait, honen atzean, Maite Arregi euskara teknikariak eta legealdiz legealdi lanean aritu diren alkate eta euskara zinegotziek egindako lan handia dago, beraz, gaurko eguna baliatuz, Maiteri eta alderdi politiko ezberdinetako euskara zinegotzi guztiei ere, eskerrak eman nahi dizkie Udalak, izan ere, hauen lanagatik ez balitz, ez litzateke posible izango.

Herria euskalduntzeko lan handia egin da Udaletik
Udala euskalduntzeaz gain, Amasa-Villabona herri gisa euskalduntzen ere lan handia egin da Udaletik. Lan honetan euskararen aldeko elkarte, talde eta eragileak bidelagun izan dira eta euskalgintzan lanean aritu diren talde eta norbanako guztiek egindako lana ere aitortu nahi du Udalak. Eskerrik asko zuei guztiei ere!

Gaur Amasa-Villabonan bizi direnen ia %80a euskalduna da, euskara hitz egin eta ulertzeko gai da. 1991tik asko hazi da bai euskararen ezagutza eta baita erabilera ere. Gaur hego Euskal Herriko beste 90 herrirekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) dago Amasa-Villabona eta euskararen arnasgunea garela ozen esan dezakegu. Zalantzarik gabe, pozik egotekoa da.

Euskararen erabilera indartzeko lanean jarraitzeko konpromisoa
Baina tamalez, dena ez dago eginda, eta datuek erakusten digute euskararen erabilerak atzerakada izan duela azken urteetan. Beraz, euskaraz biziko den herria izatea helburu dugunoi, lanean jarraitzea tokatzen zaigu.

Euskararen erabilera berriro indartu dadin lanean jarraitzeko konpromisoan berresten da Udala, eta 1991ko Udalbatzak hasitako bideari jarraipena emango diogula hitz ematen du egungo Udalak.

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak 30 urte bete dira 1991ko Udalbatzak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Udal Ordenantza onartu zuenetik
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.